Teknologia nola erabiltzen den

Eraldaketa digitalak euskarazko hedabideei sarean planteatuko dizkien mehatxuak eta erronkak izan dituzte hizpide 'Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan' ikastaroan

Josu Aztiria (Elhuyar), Lorea Arakistain (Puntueus), eta Josu Azpillaga eskua altxatuta (CodeSyntax), atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
«Gaitasun tekniko aldetik», euskara Interneten beste edozein hizkuntzaren pare dago, Josu Azpillaga CodeSyntax enpresako industria ingeniariaren arabera. Itzultzaile automatikoen bidez, adibidez, euskarazko edukiak nazioartekotu daitezke. «Hemengo erdarazko hedabideek ere euskaraz eman ditzakete edukiak, teknologia hori bera erabiliz», ohartarazi du Josu Aztiria Elhuyarreko hizkuntza eta teknologia unitatearen arduradunak. «Euskaraz sortzen duten komunikabideei aukerak ematen dizkie, baina arriskuak ere badaude». Aztiriarentzat, erabaki behar da «aukera asko» ematen dituen teknologia «zertarako» nahi den erabili.

Euskal Hedabideen Behategiak, Hekimen euskal hedabideen elkarteak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Nor ikerketa taldeak antolatutako Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan ikastaroaren barruko Komunikazioa eremu digitalean: daukaguna eta datorrena mahai inguruan mintzatu ziren Azpillaga, Aztiria eta Lorea Arakistain Puntueus fundazioko marketin arduraduna, atzo, Donostian.

Leire Palacios moderatzaileak eraldaketa digitala izan zuen hizpide hasieran, horren «mehatxuak eta erronkak», eta «makinak» atera zituen plazara, «ordenagailuak, sakelakoak...». Alexa ahots bidezko gailua da horietako bat. «Bost urteko haurrek Alexa-ri hitz egiten diote, eta hemendik hamar urtera ere hala jarraituko dute; euskaraz egiten dioten ala ez gure esku dago», adierazi zuen Arakistainek.

Gauza bat da sarerako euskarazko edukiak sortzea, eta horiek kontsumitzea. «Bai, geroz eta handiagoa da euskarazko edukien kontsumoa, baina Interneteko kontsumoa bera da handiagoa», azaldu zuen Azpillagak. Haren esanetan, batez beste hiru bat orduz konektatzen zen jendea Internetara 2008an —ez zuen zehaztu nongo jendeaz ari zen—, eta orain, aldiz, batezbesteko hori zazpi bat ordukoa da. «Aurrerapauso handiak eman dira, baina oso atzetik goaz». CodeSyntaxekoak azpimarratu zuen, adibidez, ikerketa batean ikusi dutela tokiko hedabideak kontsumitzen dituzten erabiltzaileen %5ek dutela sakelakoa euskaraz konfiguratuta. Arakistainek, beraz, argi du zein den oraingo argazkia: «Multinazionalentzat euskara ez da errentagarria».

Beste datu batzuei heldu zien Puntueus fundaziokoak. «Interneteko kontsumoaren %60 bereganatzen dute ikus-entzunezkoek. Euskararen presentzia ia hutsaren hurrengoa da». Eta haur eta gazteengan jarri zuen fokua: «Ari gara galtzen 5 urteko umeak. La Patrulla Canina ikusten dute; edo ez dute Frozen bat euskaraz ikusteko aukerarik. Umeak eta gazteak oso adin txikietan ari gara galtzen».

Kazetarien egitekoaz

Eraldaketa digitalaren ondorioz, idazketa, esate baterako, robotizatu dela eta ahotsak ere sintetizatu ahal direla adierazi zien moderatzaileak hizlariei, eta galdetu, horrenbestez, zein izango den kazetarien rola. Azpillagak pentsatu nahi du kazetariaren egitekoa mantenduko dela, «dena» robotizatzen bada ere. CodeSyntaxakoaren ustez, COVID-19aren garaian, adibidez, «indartu» egin da hedabideen rola. «Osakidetzak eman ditzake datuak, bai, baina guk nahi dugu norbaitek datu horiek interpretatzea. Filtro lan hori hedabideek egiten dute, eta hor egongo dira». Aztiriak uste du hedabide bakoitzaren «estrategiaren araberakoa» izango dela komunikabideek etorkizunean teknologiaz egingo duten erabilera. Iruditzen zaio, halere, kazetariaren lanean «baliabide batek bezala» funtziona dezakeela teknologiak.

Sare sozialek garapen teknologikoa baliatzen dute erabiltzaileak monitorizatzeko, pilatutako datuen eta horien interpretazioaren bidez jakiteko zein gustu dituzten; hau da, eskaintza pertsonalizatzeko. Hedabideek ere izan dezakete horretarako aukera. Azpillagaren iritziz, ordea, «hemengo» hedabideak «oso urrun» daude egoera horretatik.

Eskaintza edo eskaintzak planteatzeko orduan hedabideek irakurleez egiten duten monitorizazioa gorabehera, teknologiak itzulpenaren bidez euskarari ematen dizkion aukerak ea zertarako erabili beharko ziren galdetu zien hizlariei Josu Amezaga Nor taldeko ikerlariak. «Euskaraz duguna beste hizkuntza batzuetan emateko? Edo euskarara ekartzeko beste hizkuntza batzuetakoa?». Aztiriak erantzun zion Elhuyarrek bildutako datuek diotela «bi norabideetan» gertatzen dela. Eta ohartarazpen bat egin zuen: «Administrazioren batek balia dezake euskaraz sortutakoa gutxitzeko, e? Hau da, erdaraz sortu eta itzultzeko. Aldagai horiek ere kontuan hartu behar dira».

Erakundeak eta dirua

Hitzaldian aipatutako garapenari jarraipena emateko,orduan, ez dute dudarik: erakundeen laguntza ekonomikoa beharrezkoa da. «Bestela, oso zaila da. Ez dago merkaturik, masa kritikorik. Laguntzak sektore guztietan daude, eta hasierako ikerketa eta esperimentaziorako ezinbestekoak dira», nabarmendu zuen Elhuyarrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.