Albistea entzun

Hiriburun euskara hutsezko esperimentazioa abiatzea onartu du Frantziak

Bordeleko Akademia errektoreak iragarri du erabakia EEPren biltzar nagusian. Euskarazko irakaskuntzari koadro bat emateko beharra azpimarratu dute
Antton Kurutxarri EEPko lehendakari berria, atzo arratsaldeko prentsaurrekoan, Baionan, beste hautetsiez inguratua.
Antton Kurutxarri EEPko lehendakari berria, atzo arratsaldeko prentsaurrekoan, Baionan, beste hautetsiez inguratua. GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko urriak 16

«EEP salbatzea lortu dugu». Hitz horiekin bukatu zuen EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkarien prentsaurrekoa atzo arratsaldean Antton Kurutxarrik, «lasaitua» hartuta. Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordea EEPko lehendakari izendatu zuten atzo arratsaldeko biltzar nagusian. Baina ez zen hori izan gehien poztu zuen berria. Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskola publikoan euskara hutsezko esperimentazioa baimenduko dutela iragarri zuen Anne Bisagni-Faure Bordeleko Akademia errektoreak, uztailean abiatu zen krisiari bukaera emanez. «Finkatu behar dugu noiz hasiko den esperimentazioa», zehaztu zuen Kurutxarrik. «Guk denek nahi genuke ahal bezain fite izan dadin; haurrentzat inportantea da ahal bezain fite izan dadin». Azaroko oporren ondorena aipatu zuen: «Zazpi eginahalak eginen ditugu».

Tentsioa espero zen biltzar nagusian, eta, bilkura aitzin, Frantziako Estatuko ordezkariei harrera egin zieten euskalgintzako kideek, euskarazko irakaskuntzaren aldeko pankartak eskuan. Baina bilkura «baikorra» izan zela erran zuten Bisagni-Faurek eta Kurutxarrik, Orhi gelako atea ireki eta prentsaren aitzinean agertu zirenean. Hiriburuko esperimentazioa onartzeaz gain, Bordeleko errektoreak iragarri zuen etorkizuneko esperimentazioak ez dituztela errefusatuko; baina gauzapenaren baldintzak zehaztu nahi ditu Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Mathieu Berge Akitania Berriko hautetsiak zehaztu zuen: «Erran nahi du zinezko gogoeta bat izanen dela lurralde mailan egiten den eskaintzari buruz, eta nola landuko dugun esperimentazioaren garapena».

«Frantziako Hezkuntzak gurekin batera programa bat bozkatu du 2020-2021erako, zeinetan landuak eta aztertuak izanen diren beste esperimentazio eskaera guziak», azaldu zuen Kurutxarrik. Koadroa landu beharko dute orain. «Pentsatzen dut hori dutela buru gibelean: zenbat, non, nola, zer baldintzatan, zer erritmotan egiten diren. Hori guzia eztabaidatzekoa da orain. Aski fite prozedura bat plantan eman behar dugu diren eskaerei erantzuna emateko». Azaroan landuko dutela iragarri zuen, zerbitzuek eskaerak aztertu ditzaten. Larraineko (Zuberoa) eta Donapaleuko (Nafarroa Beherea) eskolak aipatu zituen.

Halaber, euskarazko irakaskuntzarentzat koadro bat aurkitzeko gogoeta fase bat hasiko dutela ere iragarri zuten, ama eskolatik lizeoraino, elebidunean sartzen diren haurrek zinezko ibilbide bat izan dezaten. «Baitira inkoherentziak», Kurutxarriren hitzetan. Adibide hau eman zuen: «Kolegioan egin duzu sail elebiduna, eta matematika egin duzu euskaraz. Baina lizeora iristean, hor historia-geografia proposatua da euskaraz. Orduan ikasleek uzten dute». Eskatzen dutena: koherentzia. «Euskara hutsezko esperimentazioa ahal bezainbat ama eskolan; oren parekotasuna lehen mailan eta kolegioan; eta, lizeokoa ere konpondu behar da. Bada lan handia egiteko. Baina ideia da hari gorri bat ematea haurrari, ibilbide koherente bat, ama eskolatik baxoa arte».

Jarrera aldaketa

Uztailean jaso zuen errefusa Hiriburuko eskolak. Alain Iriart auzapezari bidalitako gutunean errektoreak azaldu zuen derrigorrezko irakaskuntza frantsesez egin behar dela, «Errepublikako hizkuntzan». Ondorioz, ez zuela gehiago onartuko «murgiltze ereduaren» esperimentaziorik.

Herritarren eta hautetsien mobilizazioa nabarmendu dute Frantziaren jarrera aldaketa azaltzeko. Urriaren 10ean giza katea egin zuen euskalgintzak Baionan; asteartean, Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin bilkura egin zuen Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek. «Ekintza batasun bat» izan dela zehaztu zuen Kurutxarrik, erakunde eta kolore askotariko hautetsiak «aho batez» eta momentu berean aritu direlako Frantziako Gobernuari jarrera alda zezala eskatzen, diskurtso «irmo» batekin: «Nahi eta nahi ez, eragina badu». Momentu berean, eskaera horiek sozialki ere bultzatuak izan direla azpimarratu zuen: «Seguruenik abisuak igoak izan dira, beharrik gabeko tentsio bat sortzen ari zirela erranez». Frantziako Barne Ministerioa aipatu du Frederique Espagnac PS senatariak.

EEPren funtzioa hizkuntza politika bateratu bat adostea dela zehaztu zuen Brissonek. «Ez zait gustatzen Parisera igo beharra hemen konpondu genitzakeen arazo batzuengatik. EEP sortu aitzineko egoeran naizela iruditzen zait, zeinetan dena indarrezko norgehiagoka batean gertatzen zen, orain gertatu den bezala». EEP zer den berresteko aukera izan dela erran zuen. «Hemen konpondu behar ditugu gai horiek, estatu eta tokiko erakundeen artean. Nahiago dut Parisen baino Baionan egina denean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Herritar bat txertoa jartzen, Baionako txertaketa gunean. ©Guillaume Fauveau

Hego Euskal Herriko herritarrak Ipar Euskal Herrian txertatzeko irizpideak zehaztu dituzte

Berria

Iparraldean bizi behar da bertan txertoa hartzeko. Halere, lehen dosia Iparraldean hartu duten Hego Euskal Herritarrek bigarren dosia hartzen ahalko dute leku berean.

Euskarazko hezkuntzaren aldeko elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean ©Idoia Zabaleta / FOKU

Euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatzeko, dozenaka lagun bildu dira Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Olaia L. Garaialde

Uztailaren 2an Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek.

Heriotza duinaren lorratzetan

«Eskubideei buruz ari gara eutanasiaren gaiaz mintzo garenean»

Berria

Eutanasiari buruzko ikus-entzunezko berezi bat egin du BERRIAk: 'Heriotza duinaren lorratzetan'. Eutanasiari berari eta legeari buruz hitz egiten du, hiru elkarrizketaturen ahotik.

Zarauzko hondartza olatu handiekin. ©Andoni Canellada/ FOKU

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldea itsas mailaren igoerara egokitu nahi dute

Iñaki Agirre Perez

Klima aldaketak Hegoaldeko itsasertzean izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko plan bat garatzen ari da Jaurlaritza, 2100erako itsas maila 80 zentimetro igo daitekeela aurreikusita.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna