Urrutikoetxearen auzia instrukziora bidali du Parisko Zigor Auzitegiak

2010-2013 artean ETAko kidea izan zelakoan epaitu behar zuten, baina, bigarrenez, epaileak erabaki du auzia instrukziora bidaltzea. Abokatuak dio ez dutela elementurik Urrutikoetxea zigortzeko

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Parisko Zigor Auzitegiak instrukziora bidali du Josu Urrutikoetxearen kontrako auzia; 2010 eta 2013 artean ETAko kide izan zelakoan gaizkile taldeko kide izatea leporatzen diote. Auzi eguna ekainaren 15 eta 16rako ezarri du, baldin eta auzibidea berriz instrukziotik garaiz heltzen baldin bada. Baliteke geroago izatea.

2017an epaitu zuten Urrutikoetxea auzi horretan, bera bertan ez zela. Zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 2019ko maiatzean atxilotu zutenean, auzia berriz egin zedila eskatzeko eskubidea zuen, eta hala egin zuen. Iazko irailean behar zuen, baina, prozedura akatsak zirela-eta, dosierra berriz instrukziora bidaltzea erabaki zuen epaileak. Atzo, bigarren aldiz egin zuen urrats bera.

«Hasiera batean, auzipetua izan zen gaizkile taldeko kide izateagatik hiru lekutan: Norvegian, Ariege eskualdean [Okzitania] eta Pirinio Atlantikoetan. Afera lehen aldi batez instrukziora bidalia izan zen, eta, dosierra berriz epaitegira bidaltzean, Pirinio Atlanikoetako akusazioa baizik ez dute atxiki», esplikatu du Laure Heinich abokatuak. «Pirinio Atlantikoetan ez da elementu bakar bat ere Urrutikoetxearen kontra. Garai horretan ez zen lurralde horretan egon. Zigor auzitegiko epaileak uste du instrukzio epaileak ez duela bere lana osoki egin, eta Ariege eskualdea ere barne hartu behar zuela».

Prozedura errepikatzea deitoratu du Heinichek: «Berriz akusaziopean emana izanen da, galdeketa bat, berriz auzitegian agertzeko agindua...» Adierazi du «domaia» iruditzen zaiola hasieratik «disfuntzioak» dituen dosier horretan «ondorioak» ez ateratzea. «Justizia behin eta berriz zango trabatzen denean, erran nahi du dosierrak ez duela funtsik. Orain, epaileak ez zuen elementurik Urrutikoetxea kondenatu ahal izateko, eta ondoko aldian ez du gehiago izanen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.