Koronabirusa munduan

«Test eta txertoen batasuna» galdegin du Europar Kontseiluak

Pandemiari aurre egiteko, Michelek ezinbestekotzat jo du estatuen arteko elkarlana eta koordinazioa. Antigeno testen erabilera orokortzea da EBren helburuetako bat

Charles Michel Europar Kontseiluko presidentea, maskara janzten, prentsaurreko batean. OLIVIER MATTHYS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Elkarrekin eta koordinatuta. Soilik horrela egin diezaiekete aurre eraginkortasunez pandemiari EB Europako Batasuneko 27 estatuek, Charles Michel Europar Kontseiluko presidentearen iritziz. Elkarlan hori indartzeko, bilera informal bat egin zuten atzo arratsaldean EBko kideek, bideokonferentzia bidez, eta, gaur, estatuetako Osasun ministroak bilduko dira, helburu berarekin.

Europar Kontseiluak argi adierazi du zertan oinarritu nahi duen estatuen arteko kooperazioa. Bi ardatz nagusi zehaztu ditu: test azkarrak eta txertoak.

Michelek azaldu du PCR testak «fidagarriak» diren arren eskala handian erabiltzeko zailtasunak dituztela, proba egin ondoren emaitzak lortzeko prozesua ez delako sinplea. Hori dela eta, PCRen erabilera antigeno azterketekin osatu behar dela babestu du. Azken horiek, «horren fidagarriak» ez izan arren, «eraginkorragoak» direlako eskala masiboan erabili behar direnean. «Emaitzak hamabost minutuan jasotzen dira, eta azkarrago eta errazago identifikatu daitezke birusarekin kutsatuta daudenak, batez ere asintomatikoak».

Horien erabilera orokortzeko, baina, test horiek estatu kide guztien onespena lortzeari garrantzitsua deritzo. Europan horien ekoizpen nahikoa bermatzeko neurriak ere funtsezkotzat dauzka «edonon eta aldi berean erabilgarri» egon daitezen.

Kontseiluko buruak EBko eremu osoan kutsatuen segimendu eraginkor bat lortzeko ahalegina ere eskatu du. Horretarako ezinbestekoa iruditzen zaio gaixoen kontaktuak atzemateko sakelako aplikazioen erabilera sustatzea eta estatuen artean informazio hori trukatzea.

Bigarren ardatzari dagokionez, Michelek nabarmendu du «kaosa edonola eragotzi» behar dela. Horretarako, etorkizuneko txertoa banatzeko irizpideak adostera deitu du, eta txertoa lehenengo zer herritar taldeei banatu beharko litzaiekeen zehaztera. Adinekoak, gaixotasun kronikoak dituztenak eta osasun langileak multzo horretan kokatu ditu.

Baina ez da izango hori zailtasun bakarra. Logistika arloan, estatuek txertoen eraginkortasuna eta albo kalteak neurtzeko markoak adostu beharko dituzte. Michelek pisu handia aitortu dio komunikazio publikoari ere, «jende askok txertoari beldurra badio operazio guztia ahulduta geldituko da eta».

Hamar milioitik gora

Europak hamar milioi kutsaturen langa gainditu du, orain arteko intzidentzia tasarik handienarekin: milioi eta erdi kasu azken zazpi egunetan, OME Osasunaren Mundu Erakundeak atzo jakinarazi zuenez. Ospitaleratze kopuruek ere nabarmen egin dute gora, eta zenbakiak udaberrikoen parekoak dira: 10.000 biztanleko hamar ospitaleratze baino gehiago herrialdeen herenetan.

Hans Kluge OMEren Europarako arduraduna Europako Batasuneko Osasun ministroekin bildu zen atzo, telematikoki. Bilera horretan baieztatu zuen hilgarritasun tasa %32 hazi dela azken astean. «Birusa adinekoen eta arrisku taldeen artean hedatu da. Jada ez da egia zabalkundea gazteen artera mugatzen dela».

Klugeren iritziz, egoera kezkagarria da, Europa ez delako gai diagnostiko sistemen bidez birusaren hedatzeak hartu duen abiaduraren pare erantzuteko.

OMEko arduradunak esan du ospitaleetan arazoa orain ez dela material falta, langileen egoera baizik. Langileak «ahituta» daudela ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.