Eraikin publikoetan nahitaezkoa izango da tenperatura muga betetzea

Espainiako Gobernuak 19 graduko muga ezarri du berogailuetan, eta 27koa aire egokituan. Neurria datozen egunetan sartuko da indarrean eta 2023ko azarora arte iraungo du gutxienez

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa, atzo iluntzean egindako prentsaurrekoan. MARISCAL / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Berogailuek ezingo dute 19 graduko muga gainditu, eta aire egokituek, 27 gradukoa. Espainiako Gobernuak muga hori ezarri du, energia aurrezteko neurri gisa, eta indarrean egongo da datozen egunetan dekretua argitaratu eta 2023ko azarora arte. Erabilera publikoko eraikin guztiei eragingo die: derrigorrezkoa izango da, besteak beste, saltoki handi eta txikietan, jendeari irekita dauden bulegoetan, taberna eta ostatuetan, kulturguneetan, eta garraio publikoko eraikinetan.

Energia galerarik egon ez dadin, gainera, eraikin horien kalerako sarrera-irteera guztiak itxita egon beharko dira, berogailua edo aire egokitua jarrita dagoenean—irailaren 30era arteko epea dute ateak egokitzeko—. Eta jarduera amaitzean, eraikineko argi guztiak itzali beharko dira; denden kasuan, 22:00etan. Eraikinetan zenbateko tenperatura dagoen erakutsi beharko da pantailen bidez, eta neurria betetzen den ala ez kontrolatzeko ardura autonomia erkidegoek izango dute, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroak azaldu duenez.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak atzo onartutako lege dekretuan jasotzen dira neurriok. Irailean Kongresura bidaliko duen plan zabalago baten parte dira. Helburua energia kontsumoa % 7 murriztea da, Europako Batzordeak Espainiari eskatu dion moduan.

Gasaren gabezia dela eta, kezka handia dago Europan, bereziki neguari begira, eta gobernuak hasi dira neurriak hartzen. Eusko Jaurlaritzak joan den astean aurreratu zuen bere eraikin publikoetan berogailua 19 gradutan egongo dela, eta aire girotua 25 gradutan, irailetik aurrera. Ez du baztertzen beste neurri batzuk hartzea. EHUk atzo jakinarazi zuen datozen egunetan bere campusak hamabost egunez itxita egongo direla, 500.000 euro aurrezteko. Unibertsitateak jakinarazi du urteko lehen seihilekoan urte osoko energiarako aurrekontua agortu duela.

Kanpoko argiztapena

Termostatoko topeez gain, dekretua eraikinen kanpoko argiztapenari buruzko neurriak jasotzen ditu: ordutegiak arautzen ditu. Adibidez, dendetako erakusleihoetako argiek 22:00etatik aurrera itzalita egon beharko dute. Baita erakinen eta monumentuen argiztapenak ere, jarduera amaitzen dutenean. Ez, ordea,kaleko beste argiztapenak, farolak-eta, eta ezta Gabonetako argiak ere, Riberak zehaztu duenez.

Horrez gain, gobernuak enpresei eskatu die ordutegiak arrazionalizatzeko, besteak beste, telelana bultzatuz, eta, ahal duten neurrian, autokontsumo instalazioak jartzeko, indarrean dauden diru laguntzak baliatuz.

Etxeen kasuan, neurriak ez dira derrigorrezkoak, baina betebehar batzuk jasotzen ditu dekretuak: adibidez, berokuntza-galdarak berrikustea, eraginkortasun akatsak zuzentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.