Lira ez dago bakarrik

Turkiako diruaz gain, balio galera handia izaten ari dira Argentinako pesoa, Indiako errupia eta kanpo finantzaketa behar duten beste herrietako monetak ere

Turkiako herritarrak dibisak aldatzen, atzo, Istanbulen. ERDEM SAHIN / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Finantza krisien ezaugarrietako bat da ez direla bakarrik etortzen. Merkatuak beldurtiak dira, eta, nonbait arriskua ikusten badute, alboetara ere begiratzen dute, ikaratuko dituen zerbaiten bila. Kasu ezagunena 1997ko Asiako krisia izan zen, Thailandian hasi eta inguruko hamarren bat herrialdetara hedatu zena. Diru baten debaluaziorik egon ez zen arren, kutsaduraren ezaugarriak ditu euroguneko krisiak ere. Lira turkiarrarekin ere berdin gertatzen da: Turkiako diruak bere balioaren %40etik gora galdu du azken urtean nazioarteko dibisa indartsuenen aurrean, baina ez da nabarmen jaitsi den diru bakarra. Indiako errupiak, Argentinako pesoak, Errusiako errubloak, Hegoafrikako rand-ak, Brasilgo errealak... Denak ari dira balioa galtzen azken asteetan. Atzo, edonola ere, su-etena izan zen merkatuetan, eta lira turkiarrak %5 berreskuratu zuen.

Dibisa bakoitzaren erorialdiaren atzean arrazoi partikularrak daude. Baina denek dute arrazoi komun bat: mundu aberatseko diru politikaren aldaketa. Kasu honetan, zehatzago esateko, AEBetako interes tasak igo izana. Diru merkearen garaian errentagarritasun handiagoaren bila beste herrialdeetara joandako dirua AEBetara itzultzen ari da, interes tasa handiagoek irabazi tartea handitzen dietelako, eta herrialde pobreagoek ematen duten baino segurtasun handiagoarekin.

Argentina da, ziur asko, Turkiarekin batera kezkarik handiena sortzen duen herrialdea. Berez, Nazioarteko Diru Funtsak abuztuaren 9an argitaratutako txosten batek ziurtatu du bi herrialde horiek direla finantza krisi bat izateko hautagai nagusiak. Mauricio Macri Argentinako presidenteak NDFri laguntza eskatu zion joan den maiatzean, jakin arren erakunde horrek ospe txarretan txarrena duela argentinarren artean, 2001eko krisi latza haren diru politika zurrunari egozten baitiote.

NDFren esku hartzeak ez du eten, ordea, Argentinako pesoaren balio galera, eta astelehenean interes tasak %40tik %45era igo zituen BCRA banku zentralak. Inoizko maila txikienean dago pesoa: dolar bat, 29-30 peso. Azken urtean %42 galdu du AEBetako diruarekiko, lira turkiarrak adina. Funtsean, arazo berak dituzte Argentinak eta Turkiak: biek atzerriko diruaren beharra dute beren burua finantzatzeko, eta bietan inflazioa arazo handia da. Argentinan, %30era da iristekoa urte bukaeran, besteak beste, Macriren gobernu liberalak hainbat produktuk zuten diru laguntza publikoa txikitzea erabaki duelako.

Laguntza horiek kentzearekin bat dator NDF, defizit publikoa murrizten lagunduko diotelako. Ildo horretan, beste erabaki baten berri eman zuen atzo Buenos Airesek. Soja olioaren eta irinaren esportazioei ezarri behar zien zerga jaitsiera sei hilabetez atzeratu du, eta espero du 2.000 milioi euro aurreztea horrekin. Soja da Argentinako esportazio nagusia, eta haren ekoizleek eragin handia dute boterearengan. Soja ekoizleek bost greba egin zituen Cristina Fernandezen gobernuaren aurka, hark sojaren esportazioa zergapetzea erabaki zuelako.

India, hazten baina larri

Argentinaren ekonomiaren ahultasuna ez da gauza berria, baina harrigarriagoa da India krisi ekonomiko batekin lotzea, herrialde hura izanik handienen artean gaur egun gehien hazten ari dena, Txinaren gainetik. Baina, astelehenean, Indiako diruak, errupiak, inoiz dolarrarekiko izandako baliorik txikiena izan zuen: dolar bat, 70 errupia. Turkiaren kasuan bezala, kontu korronteko defizit handia da erorialdi horren arrazoi nagusia, hots, atzerrira doazen produktuak eta kapitalak txikiagoak direla atzerritik sartzen zaizkionak baino. Zulo horren arrazoietako bat petrolioaren garestitzea da, Indiak menpekotasun handia baitu inportatutako petrolioarekiko.

Narendra Modi lehen ministroak ziurtatu du errupia indartsuago bat nahi duela, baina badira oraingo mailarekin gustura daudenak ere: industria. Diru merkeari esker azken urteetan galdutako esportazioak berreskura ditzaketela ohartarazi dute, eta horrela eskulangintzan inbertsioak handituko dituztela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.