Bilboko Portuak bi urte lehenago lortu ditu 2020rako aurreikuspenak

35,6 milioi tonako trafikoa izan du 2018an, datorren urterako esperotako datua. Erdiko kaiaren lehen fasea amaitzear, lehen itsasontziak 2020. urtean hartzeko prest egongo direla dio Ricardo Barkalak

Bilboko Portuak bi urte lehenago lortu ditu 2020rako aurreikuspenak.
Lander Muñagorri Garmendia.
Getxo
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Bilboko Portuak aldeko haizea dauka. 2018-2022 epealdiko plan estrategikoa abiatu zuen iaz, eta lehen urterako gainditu ditu 2020. urteko aurreikuspenak. Urte horretarako, 35,5 milioi tonako trafikoa espero zuen, baina bi urte lehenago bete du helburua, 2018. urtean 35,6 milioi tonako trafikoa izan baitzuen. Plan estrategikoaren epealdia amaitzen denerako, trafiko helburua 37,5 milioi tonatan jarria dago, eta kopuru horri eusten dio Ricardo Barkala portuko presidenteak, lehen urtea espero baino hobeto joan arren: «Aurreikuspen ekonomikoen arabera atzeraldi ekonomikoa etorri daiteke, eta hobe da tentuz ibiltzea».

Plan estrategikoaren lehen urtearen balorazioa egin zuen atzo Barkalak, portuko jarduerarekin zerikusia daukaten arduradunen aurrean. Getxoko gurutzaontzien terminaleko harrera gunean jarritako taula baten gainetik, esan zuen 2018a «urte ona» izan dela. Eta ez da gutxiagorako, urtero trafikoa %2,7 handitzea aurreikusten baitu plan estrategikoak, eta iaz %4,1 egin baitzuen gora. Errekorren urtea izan zen, gainera: inoizko edukiontzi gehien esportatu eta inportatu ziren (638.447), eta bidaiari gehien jaso zuen urtea izan zen —ferry eta gurutzaontzienak batuta, 200.613—.

Zenbaki horiekin, ardatz Atlantikoko portu nagusia da Bilbokoa. Atzetik ditu Naonedekoa (Bretainia), 32,5 milioi tonako trafikoarekin, eta Gijongoa (Espainia), 19,6 milioi tonarekin. Aurten, gainera, Bilboko portuaren trafikoa %1,5-2,5 haziko dela esan du Barkalak, eta 2020. urtetik are gehiago hazteko aukera edukiko du. Itsasontzi gehiago amarratzeko lekua egongo da eskuragarri, portuko erdiko kai muturraren lehen fasea amaituta egongo baita. Lehen itsasontziak hartzeko prest egongo da datorren urtean, eta dagoeneko enpresa batzuekin harremanetan jarri dira portutik kaia merkaturatzeko.

Proiektu estrategikoak

Kai berriaren bigarren fasearen lizitazioa aurten egingo dutela ere aurreratu zuen Barkalak, eta lanak hurrengo urtean hastea espero duela. Era horretan, Bilboko portuak egun duen arazoetako bati aurre egin ahalko dio. Hau da, okupazio tasa handia dauka, %87koa, Espainiako Gobernuaren menpeko beste portuen batezbestekoa baino %24 handiagoa. Erdiko kai muturraren lehen fasea amaitzen denean, okupazio tasa %83ra jaitsiko da, eta ahalmena handituko.

Trafiko gehiago hartu ahal izango du portuak, baina lehengaiak bertara iristeko azpiegitura garrantzitsua da hegoaldeko tren saihesbidea. «Proiektu estrategikoa», Barkalaren arabera. Atzo aurreratu zuen Espainiako Aldizkari Ofizialean laster argitaratuko dela proiektuaren inguruko ikerketa informatiboa. «Atzerapausorik gabeko fase batean sartuko da horrela saihesbidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.