Europako Parlamenturako hauteskundeak

POLONIA. Europaren ardi beltza

Gobernu ultranazionalistak EBn jarraitu nahi du, baina gizarte gero eta itxiagoa eta kontserbadoreagoa bultzatuz. Erreformek arriskuan jarri dute demokrazia.

Jaroslaw Kaczynski lehen ministro eta PiS Legea eta Justizia alderdiko burua Gdansken, herenegun, Europako bozen kanpainako ekitaldi batean. ADAM WARZAWA / EFE.
Ane irazabal
Varsovia
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Garabiak eta garabi gehiago. Varsoviako kaleak zaharberritze prozesu etengabean daude. Etorbide zabalak, bizikletentzako bideak eta punta-puntako tabernak eta jatetxeak. Iragan sobietarraren arrastorik ez da geratzen Poloniako hiriburuaren erdigunean. Kristalezko etxe orratz berrien azpian, Start-up Europe eta halako kartelak irakur daitezke: Zatoz puntako enpresa teknologikoen kongresura, sinatzen du publizitateak.

2004an Europako Batasuneko estatu kide bilakatu zenetik, Poloniak 202.000 milioi euro jaso ditu EBko funtsetan. Orduz geroztik, bikoiztu egin da herrialdearen BPG barne produktu gordina, eta langabezia tasa %3,8ra jaitsi, ELGA Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeakiragan martxoan eguneratu dituen azken datuen arabera.

Hori dela eta, EBren gaineko eztabaida ez da oinarritzen, beste herrialde batzuetan bezala, barruan jarraitu ala atera ideian. 2015etik agintean dagoen Legea eta Justizia alderdi ultranazionalistak argi utzi du Poloniak Bruselaren beharra daukala. «Estrategia da zenbateraino tenkatu daitekeen soka», adierazi du Paulina Bojarska ekintzaileak. Bojarska Demokraziaren Defentsarako Batzordea (KOD) oposizioko mugimenduaren kide da: «Gure gobernuari joko bikoitza egitea gustatzen zaio. EBn jarraitu nahi du, bai, baina nahi duena eginez».

Oraingoz, jokaldia nahiko ondo atera zaio Jaroslaw Kaczynskik gidatzen duen alderdi kontserbadoreari. Boterera iritsi zenetik, Legea eta Justiziak hamaika erreforma polemiko bultzatu ditu. Bata bestearen atzetik. Sistema judiziala hankaz gora jarri duen araudi berria izan da gogorrena. «Oso arduratuta gaude. Gobernuak arriskuan jarri du botereen banaketa eta zuzenbide estatua», iritzi dio Draginja Nadazdinek, Poloniako Amnesty Internationaleko zuzendariak. Legeak zuzenketa bat baino gehiago izan ditu. Hasieran, Auzitegi Goreneko 27 epaileen erretiro aurreratua aurreikusten zuen; tartean, Malgorzata Gersdorf presidentearena. Azkenean, Europako Justizia Auzitegiak atzera egitera derrigortu du Polonia. Baina ez da Varsoviako gobernuak Bruselari bota dion hordago bakarra.

«Gizarte uniformea»

Migrazioaren auzian garaipen borobila lortu du. 2015ean, errefuxiatuen iritsiera handiaren ostean, Poloniak ezetz esan zion Bruselak onarturiko kuota sistemari. Ondorioz, Varsoviako gobernuak ez du hartu errefuxiatu bat bera ere. Kholud Xaraf iheslari siriarra da, eta beka artistiko batekin iritsi da Krakoviara: «Niganako bazterkeria nabaritu ez dudan arren, atentzioa ematen dit zein uniformea den gizarte poloniarra. Kanpotarrenganako itxiera sumatzen da».

Baina Varsoviako gobernuak harro aldarrikatzen du hori. Poloniak 4.131 asilo eskaera jaso zituen 2018an, AIDA asilorako datu baseak emandako informazioaren arabera. Horietatik 3.331 Errusiako, Ukraniako eta Tajikistango herritarren eskaerak ziren. Halere, Legea eta Justiziak inbasio islamikoari buruz hitz egiten jarraitzen du. Gobernuak ultrakatolizismora jo du herrialdearen sustrai kristauak arriskuan daudela aldarrikatzeko. Jihadistarik ez Polonian, irakur daiteke hauteskundeetako kartel batean.

Diskurtso horren hedapenean, gainera, eginkizun garrantzitsua bete du Poloniako Eliza katolikoak, eta, batez ere, Radio Maria igorleak. Bojarskak hala ikusten du: «Poloniako Eliza berebizikoa izan zen sistema sobietarraren erorialdian. Poloniar askok aitortu egiten diote hori. Egun, ordea, jarrerarik ultrenak besarkatu dituzte elizgizon askok». Ez da harritzekoa Joan Paulo II. aita santuaren aldeko urteroko erromesaldia errefuxiatuen kontrako ekitaldi bihurtu izana azkenaldian.

Nolanahi ere, gutxik aipatzen dute Poloniako gizartea zahartzen ari dela eta populazio gaztea behar duela. Bada, EBn sartu zenetik, ia bi milioi gaztek ospa egin dute Poloniatik. Gehienak landa eremuetako herritarrak dira, demokrazian jaio eta bizi izan direnak. Halere, lan aukera berrien eta soldata handiagoen bila joan dira Europako beste herrialde batzuetara.

Emakumeen eskubideak

Natalia Sawka ekintzaile feminista ere atzerrian izan da, baina Poloniara itzultzea erresistentzia ekintza iruditzen zaio. «Gure gobernuarentzat, ernaltze aparatu soila gara emakumeak», salatu du. Sawkaren iritziz, emakumeen eskubideen aurka hartu diren azken erabakiek arriskuan jarri dute demokrazia. Ekintzaileak abortuaren lege proposamen berria aipatu du. Izan ere, behin-behinean atzeratu den araudi berriak mugatu egin nahi du abortu eskubidea, eta kartzela zigorrak aurreikusten ditu abortatzen duten emakumeentzat.

Poloniak EBko abortu legerik gogorrenetakoa du, eta soilik hiru kasutan onartzen du haurdunaldiaren etetea: emakumearen bizitza arriskuan badago, haurdunaldia bortxaketa baten ondorio bada, eta fetuak malformazioak baditu. Araudi berriak, ordea, soilik lehen aukera onartzen du. Horri lotuta, gainera, gobernuak jaiotza tasa handitzeko pizgarriak edo diru laguntzak iragarri ditu. «Baina ez dugu amore emango», adierazi du Sawkak. «Kalera aterako gara, emakumeon eskubideei erasotzeak demokrazia osoa arriskuan jartzen duelako».

Bojarskaren iritziz, beharrezkoa da hezkuntza eta pedagogia lan handiagoa egitea: «Azken hamarkadan asko hitz egin dugu Bruselatik iritsi diren diru laguntzek ekarri dizkiguten onurez, baina gutxi hausnartu dugu EBren kide izateak dakarren arduraz. Elkartasuna eta humanismoa bezalako balioak transmititzea ahaztu zaigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.