Albistea entzun

Greba indartu nahi dute

Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen puntukako pentsio sistema oztopatzeko, sindikatu zenbaitek hiru egunez greba egitera eta mobilizatzera deitu dute
Jende andana elkartu zen abenduaren 28an Baionan egin zuten manifestazioan.
Jende andana elkartu zen abenduaren 28an Baionan egin zuten manifestazioan. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko urtarrilak 9 - Baiona

Mobilizazio handia espero dute gaur Frantziako Gobernuak ezarri nahi duen puntukako pentsio sistemaren kontra protestan ari diren sindikatuek. Goizean goiz abiatuko dute eguna Chronoplus autobus sarearen Baionako biltegia blokeatuta, eta egunean zehar ere ekintza gehiago iragarri dituzte. «Mugimendua gogortzen ari da», Peio Dufau trenbideetako CGT sindikatuko kidearen hitzetan, eta ondoko egunetan indar harremana hozka batez emendatuko dela espero du. Hiru egunetarako deia egin dute sindikatuek: gaur eta bihar greba egitera deitu dituzte langileak, eta larunbatean, ekintzak eta mobilizazioak antolatzera. Gaur, manifestazioa eginen dute 10:30ean Lan Burtsatik, eta arratsaldean «ekintza ikusgarri bat» egitekoa dute.

Abenduaren 5ean abiatu zen greba mugimendua, eta hasieratik abisatu zuten sindikatuek luzea eta gogorra izanen zela. Azken urteetako protesta gehienak porrot batekin bukatu dira, eta garaipen baten beharra du langile mugimenduak. Ez da soilik pentsioen erreforma jokoan dagoena: Frantziako Gobernuak gibel eginen balu, kinka larrian legoke Emmanuel Macron presidentea; erreforma bururaino eramango balu, lanak izango dituzte sindikatuek burua altxatzeko. Oraingoz, ez alde batek ez besteak ez du amore emateko intentziorik.

Azken asteetan, garraio eta energia sektoreetan izan du erantzunik handiena greba mugimenduak, baina sostengua zabalagoa dela esan daiteke: herenegun, bi milioi euro pasa jasoak zituzten, greba babesteko CGTk abiatu duen diru bilketan. «Morala badute langileek, baina ondoko egunetan ez bada mugimendu orokorrik, konplikatu bilakatuko da. 35 egun greban gaudela, baditugu familiak, ekonomikoki zaila da. Gure inguruan mugimendua zabaldu behar da», adierazi du Dufauk. Pozik agertu da azken asteetan petrolio findegietan ere grebara batu direlako —findegiak blokeatzeari ere ekin diote—. Atzo, Frantzia iparraldeko Gravelines herriko zentral nuklearrean ekin zioten grebari.

Erresistentzia kutxan ekarpena eginez, greba «prokurazioz» egitea deitoratu dute behin baino gehiagotan trenbideetako langileek. «Gehienak erreformaren kontra badira ere, gehiengo hori ez da mobilizatzen ari. Enpresetan ibiltzean, gehienek sostengua erakusten digute, baina guk erraten diegu lortzekotan denen artean lortuko dugula».

Gaur, itxi eginen dute Ipar Euskal Herriko ikastetxe bat baino gehiago grebaren ondorioz, eta beste anitzetan trabak izanen dira. Zenbait ikastetxetan bi egunez eginen dute greba.

Azken egunetan, enpresetan, ikastetxeetan eta zerbitzuetan aritu dira sindikatu zenbait informazioa zabaltzen eta langileekin hitz egiten. Orokorrean harrera ona izan dutela dio Dufauk, eta tokika greban sartzeko engaiamendua hartu dutela. «Ondoko egunetan ekintzak eginen ditugu Baionan. Baina mugimendua gogortzeko ere, laguntza beharko da: irakasleek klaseak gelditzen badituzte, sekulako eragina du. Jendeak ez du neurtzen nolako indarra duen. Uste dut grebaren eta ekintzaren kultura galdu dela. Enpresa gutxitan gelditzen da hori, eta gobernuaren miran gaude».

CFDT, larunbatean

Frantziako Gobernuarekin negoziatzen segitzen du CFDT sindikatu erreformistak. Puntukako pentsio sistemaren alde dira, baina errefoma pentsioaren adina gibelatzeko erabiltzea leporatu diote Macroni. «Bada orekarako adina, baina ez da hori gure marra gorri bakarra», azaldu du Michel Larralde Ipar Euskal Herriko CFDTko idazkari nagusiak. Lanaren dorpetasuna kontuan hartzea, eta erretiroa hartu ahal izateko lan egin behar den hiruhileko kopurua ere negoziazioan sartzen direla azaldu du.

Berandu batu ziren mobilizazioetara, eta ezin erran gainerako sindikatuek suharki hartu zituztenik. «CFDT gabe milaka langile atera ziren protestara abenduaren 5ean», ohartarazi du Christophe Brise CGTko arduradunak. «CFDTk gobernuarekin akordioa lortzen badu ere, ez du eraginen gure mobilizazioan ». Sektore berriak greban sartzean ikusten du erronka.

Gainerako sindikatuen oharrak gaizki hartu ditu Larraldek. «Ez dugu sindikalismo leziorik jasoko inorengandik. Gure sindikalismoa negoziazioan oinarritzen da. Gure kongresuetan oinarritzen gara gure ildoa zehazteko: puntukako pentsioak gure proiektuan sartzen dira. Gaur egun dagoen pentsio sistema injustua da, eta injustizia hori konponduko duen erreforma bat nahi dugu».

Ez da beste sindikatuei pikorik bota gabe gelditu hala ere: «Errazagoa da denaren kontra izatea, adostasunak lortzea baino. Gure kezka langileen ongizatea da, horregatik ditugu marra gorriak», adierazi du. Gaur eta bihar ez dute grebarako deialdirik eginen; langileak mobilizatzeko denbora falta aipatu du, baina larunbateko manifestazioetan parte hartuko dutela iragarri du Larraldek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

ELAk hauteskunde sindikaletarako prestatu duen kanpainaren aurzkezpena. ©Berria

Sindikatuek ordezkarien erdiak izango dituzte jokoan hurrengo hilabeteetan

Imanol Magro Eizmendi

ELAk %36ko ordezkaritza du Hego Euskal Herrian, eta kopuru hori hobetzeko asmoz aurkeztuko da hauteskunde sindikaletara. Ordezkarien %47 berrituko dira urritik ekainera arteko tartean.

Nord Stream 1 gasbidea, Alemanian sartzen den puntuetak batean ©STEFAN SAUER (Efe)

Berlinek eta Moskuk «sabotajetzat» jo dituzte Nord Streameko isuriak

Jokin Sagarzazu

Gertakariak ez du eraginik izango Europarako gas horniduran, gaur egun bi gasbideak zerbitzuz kanpo baitaude. Zer gertatu den ikertzen ari dira.

Macron, Sant Nazaerko parke eolikoaren inaugurazioan. ©STEPHANE MAHE / EFE

Parisek arindu egin nahi du berriztagarrien tramitazioa

Iker Aranburu

Auzoekiko atzerapena murrizte aldera, proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak moteltzen dituzten tramiteak eta auzibideak laburtzeko lege proiektua egin du Frantziako Gobernuak

Metalgitzako langile bat jardun betean. ©Marisol Ramirez / FOKU

Metalgintzako negoziazioak: Nafarroan akordioa gertuago dago; Bizkaian, urrun

Imanol Magro Eizmendi

Nafarroako metalgintzako patronalak UGTren eta CCOOren eskaintzak aztertuko ditu. Bizkaikoak, berriz, ez du aldatu lan ituna berritzeko eginiko azken eskaintza.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...