Koronabirusa

Osasun publikoaren «kolapsoa» egiturazko arazoa dela dio ELAk

Ohartarazi du lehen arreta «amildegiaren ertzera» eramaten ari direla. Europaren pare jartzeko, Osasunbidean eta Osakidetzan 2.260 milioi euro gehiago inbertitzeko eskatu du

ELAko Iñaki Zabaleta, Esther Saavedra eta Mitxel Lakuntza, atzo, Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko osasun sistema publikoari erradiografia atera dio ELA sindikatuak, eta ondorio argi batera iritsi da: Osasunbidearen eta Osakidetzaren «egiturazko arazoak» koronabirusaren izurria baino lehenagokoak dira. Pandemiak, arazo horiek azaleratu ez ezik, okertu ere egin ditu, osasun sistema «kolapsora»eramateraino. Sindikatuak ohartarazi du Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak osasun sistema publikoan inbertitzen dutena «urrun» dagoela Europako batezbestekotik. ELAk ezinbestekotzat jo du egoera «iraultzea».

Osasun sistema publikoa hobetzeko eta kolapsoa eragozteko proposamenak aletu ditu sindikatuak txosten batean. EstherSaavedra ELAko Osakidetzako arduradunak, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Iñaki Zabaleta ikerketa bulegoko ordezkariak azaldu zituzten atzo xehetasunak. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak osasunean egin duten inbertsioari erreparatu diote, eta kritikatu dute azken hamarkadan «urritu» egin dela gastu hori. Datua eman dute: bi gobernuek osasungintzan egiten duten inbertsioa Europako batezbestekoaren azpitik dago; Europako inbertsio mailarekin parekatzeko, Osakidetzak eta Osasunbideak 2.260 milioi euro gehiago inbertitu beharko lituzkete.

Nafarroako osasun publikoari bideratutako aurrekontuari dagokionez, ELAk jakinarazi du 126 milioi euro areagotu dela azken hamarkadan, baina BPGarekin alderatuz gero %5,6tik %5,2ra jaitsi egin dela inbertsioa. Sindikatuak uste du Nafarroako Gobernuak aurten 427,8 milioi euro gehiago bideratu beharko lituzkeela osasungintzara. Inbertsio are handiagoa behar da Osakidetzan, ELAren arabera; izan ere, sindikatuak kalkulatu du Eusko Jaurlaritzak aurtengo aurrekontuetan duela hamar urte baino 400 milioi euro gutxiago inbertitu duela; Europako batezbestekoarekin parekatzeko, 1.832,7 milioi euro gehiago bideratu beharko lituzke.

Sindikatuak dio gastuan dagoen gabezia horrek isla duela ospitaleetako ohe kopuruan, eta Europako batezbestekora iristeko datuak eman ditu: Nafarroan %30,5 ohe gehiago jarri beharko lirateke; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %23,7.

Era berean, sindikatuak dio osasun langile gehiago kontratatu beharko liratekeela: Nafarroan erizain kopurua %12 gehitzea proposatu du, eta EAEn % 30. Medikuak, berriz, %35 gehiago kontratatu beharko lirateke Nafarroan, eta %62 gehiago EAEn. Saavedrak azpimarratu du lantaldea handitzearekin batera behin-behinekotasuna murriztu behar dela, eta langileei «egonkortasuna» bermatu. Salatu dute, gainera, izurria hasi zenetik osasun agintariek ez dutela jarrera aldatu: «Errezeta bakarra daukate: premiazko arta atzeratzea eta ohiko jarduera bertan behera uztea, eta horrek itxaron zerrenda bikoiztu egin du».

Bestetik, COVID-19aren jarraipen eta aztarnari sistema publikoak egitea lehenetsi du sindikatuak, batez ere lan eremuan. Izan ere, Saavedrak salatu du prebentzio zerbitzuen esku utzi dela zeregin hori, eta haiek «kutsatzeak ezkutatzen» saiatzen direla.

Lehen arreta, larri

ELAk sakon aztertu du lehen mailako arreta nola dagoen, eta atal oso bat eskaini dio txostenean. Sindikatuak azpimarratu du COVID-19ak bete-betean jo duela arta mota hori, eta lehendik zituen gabeziak ugaritu dituela. Lakuntzak ohartarazi du lehen arreta lehenagotik zegoela gainezka, eta bitarteko eta langile kopuru urriak «kolapsora» eraman duela. Haren ustez, Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak ez dute estrategia zuzena hartu, eta «mantra» baten gainean hartu dituzte irizpideak: osasuna babestea eta ekonomia mantentzea.

Lakuntzak Osakidetzaren egoerari erreparatu dio bereziki:«Amildegiaren ertzera eramaten ari da lehen arreta». Haren hitzetan, Jaurlaritzak hiru «akats» egin ditu arlo horretan: batetik, langile gehiago kontratatzeari uko egin dio; bestetik, honako hau: «Normaltasun berriari buruzko mezu politiko okerra eman du, eta birusarekin bizitzen ikasteko mezu arduragabea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.