Trafiko eta hildako gutxiago

Pandemiari aurre egiteko hartutako mugikortasun neurrien eraginez, euskal errepideetan trafikoa nabarmen gutxitu da 2020an, eta istripuetan 71 pertsona hil dira, aurreko urtean baino 20 gutxiago

Trafiko eta hildako gutxiago.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Pandemiak eremu guztietan eragin duenaren beste erakusle bat da. Errepideetan hildako pertsonen kopuruak nabarmen egin zuen behera 2020an: 71 pertsonak galdu zuten bizia Euskal Herrian, urtebete lehenago baino 20k gutxiagok. Handia da jaitsiera, baina gogora ekarri behar damugikortasunari mugak ezarri zitzaizkiola iaz pandemiari aurre egiteko.

Etxeko itxialdia izan zen lehenbizi, eta udazkenarekin batera, itxialdi perimetralak iritsi ziren Hego Euskal Herrira, eta bigarren itxialdia Iparraldera. Horrek guztiak behartu zituen gidariak bidaia gutxiago egitera, eta egin zituzten horiek motzagoak izatera. Errealitate hori erakusten dute, esaterako, Eusko Jaurlaritzak atzo eman zituen datuek: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, igaro berri diren Gabonetan bidaia luzeen kopuruak %35,9 gutxitu dira, eta hirietako zein herrietako trafikoa %30,5 eta %43,8 artean. Bi aldagai horiek maila berean jarriz gero, lotura argia da: 2020ko trafikoa arinagoa izan da Euskal Herriko errepideetan, eta hori istripuetan hildako pertsonen jaitsieran sumatu da, besteak beste.

Hego Euskal Herriko lurralde denetan egin du behera heriotza kopuruak. Denen artean, Nafarroan zenbatu dira hildako gehien, eta, era berean, istripu hilgarrien kopurua ere hantxe jaitsi da gehien. Urtebeteko epean, 10 lagun gutxiago hil dira: iaz, 28 erregistratu ziren; aurten, 18.

Heriotza gutxiago izan arren, beste behin ere, N-121-A errepidea hizpide izan zen: hiru istriputan lau pertsona hil ziren. Ezbehar horietatik bi, gainera, urteko lehen bi hilabeteetan izan ziren, eta eskualdeko herritarren kexak areagotu egin ziren. Otsailaren 28an, protesta jendetsua egin zuten Beran (Nafarroa), eta bidea moztu zuten. Martxoaren 11n iritsi zen gobernuaren erantzuna: kamioientzako bidesaria jarriko zutela iragarri zuen, istripuetako asko ibilgailu horiekin izaten baitira. Neurria ez dute ezarri oraindik, eta, gainera, joan den irailetik moztuta dago Gipuzkoako zatia bi zubitan «gabeziak» atzeman zituelako Foru Aldundiak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere behera egin zuen hildakoen kopuruak. Bizkaian, 2019an baino sei lagun gutxiago hil ziren, bost Araban, eta bi Gipuzkoan. Ipar Euskal Herrian, ordea, gora egin zuten erregistroek: bi hildako gehiago zenbatu zituzten Lapurdin, eta bat gehiago Nafarroa Beherean. Zuberoan, azkenik, ez zen istripu hilgarririk erregistratu, bigarren urtez jarraian.

Autoekin izandako istripuetan zenbatu ziren heriotzen ia bi heren, eta, hamarretik bitan, moto gidariak izan ziren hildakoak. Genero ikuspegitik, ezbeharretan, gizonezkoak ziren hildako gehienak: kasuen %84 izan ziren.

30 kilometroko abiaduran

Istripuak eta kutsadura gutxitzeko nahia helburutzat hartuta, Bilboko kale guztietan gehienezko abiaduraren muga orduko 30 kilometrora jaitsi zuten irailaren hondarrean. Ordura arte, hiriko kaleen %87tan zegoen ezarria abiadura muga hori, eta kale nagusietan 50 kilometro zen. Baina abiadura mantsotzeak zekartzan onurak hiri osora zabaltzea erabaki zuen udalak. Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun zinegotzia gustura dago hartutako neurriarekin, eta, nabarmendu duenez, gehienezko muga berria ezarri eta sei asteren buruan %20 jaitsi ziren istripuak. «Trafikoa mantsotzen denean,oinezkoa eta bizikleta atera ohi dira irabazle». Balorazio orokorragoak eta datu zehatzagoak emateko goiz dela azaldu du.

Mario Garcia RACVN auto gidarien elkarteko bozeramaileak, berriz, abiadura muga hori hiri osora hedatzeko neurria kritikatu du, baina onartu istripuak gutxitzeko balioko duela: «Ondorio logiko bat da, geldoago gidatuz gero istripu gutxiago izango direlako. Kaletik autoak kenduko balituzte, ez zen istripurik izango».

Aurten, Bilbon izandako istripuetan, hiru pertsona hil dira: denak oinezkoak, eta abiadura muga berriak ezarri aurretik erregistratutakoak. Gilek argi du helburua: istripuen eraginez hildakorik ez duen hiria izatea Bilbo. Datuek arrazoia emango ote dioten, ikusteko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.