Arrazakeriaren ertzen aurka

Bihar da arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna, eta migratzaileek eta arrazializatuek eremu askotan jasaten duten diskriminazioa ikusgai jarri eta salatuko dute

Arrazakeriaren kontrako protesta bat, joan den ekainean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Aldarrikapen egun bat izango da biharkoa: arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako eguna. Horren harira, Euskal Herrian kaleak hartuko dituzte, protesta egin eta diskriminazio oro gaitzesteko. Gizarteko espazio eta arlo guztiak zipriztintzen ditu arrazismoak, eta hainbat egoera salatuko dituzte. Etxebizitzaren auziari helduko dio, esaterako, Bizkaiko SOS Arrazakeriak. Argia da leloa: Arrazakeriak etxerik gabe uzten nau. Etxebizitza denontzat. Alba Garcia elkarteko kideak adierazi du higiezinen sektoreari lotutako diskriminazio kasu asko izan direla, eta pertsona askori eragiten dien «indarkeria mota bat» dela.

Salatu du migratzaileentzat eta arrazializatuentzat bereziki zaila dela etxebizitza duin bat lortzea, eta agentziek emandako tratua kritikatu du. «Batzuek uko egiten diote haiei etxea alokatzeari; askotan, etxebizitzaren jabeek baldintza hori ezartzen dutelako, baina agentziak berak dira hori legitimatu eta bermatzen dutenak, onartu egiten baitute hori gertatzea. Arrazializatuei eta migratzaileei ukatu egiten zaie merkaturako sarbidea». Eta gaineratu du: «Izugarria da etxe agentziek duten inpunitatea».

Erroldatzeko eskubidea ere aldarrikatuko dute. Garciaren arabera, beste eskubide askoren «atea» da: osasun arreta, hezkuntza... «Eta pertsona askori ezeztatzen zaie, sistematikoki, egunero». «Kriminalizazio ikaragarria» dagoela nabarmendu du; eta ez soilik higiezinen sektorean, «bizitzako alderdi guztietan» baizik. «Eskubideak urratzen zaizkie migratzaileak edo arrazializatuak izate hutsagatik». Hala, diskriminazioa transbertsala dela uste du. «Gizarte arrazista batean bizi gara».

Ados dago Paperak eta Eskubideak Denontzat elkarteko kide Iñaki Redin. «Arrazismoa egiturazkoa da. Aurreiritzi asko daude». Iruñean antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei, eta, han, eskatuko dute «eskubide guztiak pertsona denentzat izatea». Hiru geldialdi egingo dituzte, hiru gai nagusi ikusarazteko. Hasteko, Poliziaren kontrol arrazistak salatu nahi dituzte: «Geroz eta ugariagoak dira, eta inongo justifikaziorik gabe atxilotzen dituzte».

Atzerritarren Legearen kontra ere joko dute, lege horrek «kontrol eta atxiloketa arrazisten bidez jazartzea» ahalbidetzen duelakoan, eta benetako eskubide berdintasuna ezeztatzen duelakoan. «Legea indargabetu egin behar da. Pertsona guztien erregularizazioa eskatu eta aldarrikatu nahi dugu». Bide beretik aritu da Garcia ere: «Denok jakin beharko genuke zer den Atzerritarren Legea. Lege arrazista bat da, hasi eta buka».

Bestalde, Redinen esanetan, Nafarroako arrazismoaren aurkako mugimenduan parte hartzen duten erakundeek eguneroko arrazakeria adierazpenak salatu nahi dituzte: «Oinarrizko eskubideak urratzen dira. Politika eraginkorrak eskatzen ditugu berdintasuna lortzeko, alor askotan: etxebizitza lortzean, osasunean, hezkuntzan, lan munduan...». Eta azpimarratu du: «Aniztasunak aberastu egiten gaitu, zalantzarik gabe».

Horiek horrela, gizarteari eskatu dio arrazakeriaren aurrean «erreakzionatzeko». «Gizarte demokratiko bat nahi dugu. Berdintasuna aldarrikatzen dugu».

Erreibindikazio gehiago ere egingo dituzte bihar. Donostian, kasurako, arrazakeriaren aurkako martxa egingo dute, eta paperik gabeko migratzaileen babesgabetasuna salatu. Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren arabera, herritarrak mobilizatzea beharrezkoa da egoera horri buelta emateko.

Azaldu dute papergabeek «batere eskubiderik ez izatearen eguneroko infernua» bizi behar izaten dutela, eta jakinarazidute egoerak okerrera egin duela pandemiaren ondorioz. Gogoratu dute, halaber, etorkinek eskubideak dituztela,edozein administrazio egoeratan egonagatik ere, eta paperik ez edukitzea ez deladelitua: «Inor ez da ilegala».

Sentsibilizazioa bide

Bat egiten dute denek: beharrezkoa da egungo diskriminazio jokaleku hori amaitzea. Eta, horretarako, sentsibilizazioak badu bere pisua. Garcia: «Guk, SOS Arrazakerian, argi dugu hanka bat salaketa dela eta bestea sentsibilizazioa». Adierazi du batez ere zurien pentsamoldean eragin nahi dutela. «Arrazismoa gure kontua da: ez da jende arrazializatuaren kontua. Gure arazoa da. Arrazistak gu gara, eta hori landu behar dugu». Redinen ustez, era berean, «behar-beharrezkoa» da herritarrak sentsibilizatzea. Hala, kultur aniztasunaren potentziala azpimarratu dute biek.

Bestalde, Xabier Aierdi ZAS Zurrumurruen Aurkako Sareko kideak esan du bat egiten dutela egingo diren aldarrikapenekin. Prebentzio lana egiten dute haiek. «Estereotipoei aurre egin behar zaie, immigrazioaren kontra eta xenofobiaren alde dauden diskurtsoak ahultzeko». Aipatu du beraiena «oinarrizko lana» dela, eta asmoa dela aurre egitea ikusmolde okertu eta desitxuratzaileei eta klixeei. «Ohartu gabe, mantendu egiten dira immigrazioaren inguruko iritzi batzuk, guztiz hausnartu gabeak eta oso bidegabeak direnak». Eta, biharko egunari begira, zera gehitu du: «Egin dadila justizia immigrazioak egiten dituen ekarpenekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.