'Polexit'-aren aurkako mezua

Dozenaka mila herritar atera ziren kalera Polonian, herenegun, eta esan diote gobernuari EBn segitu nahi dutela. PiSek ukatu egin du atera nahi dutela, eta herritarrak «engainatzea» leporatu diote Donald Tuski

Herritar multzo bat Varsoviako Gazteluaren plazan, herenegun, Plataforma Zibikoak antolatutako manifestazioaren amaieran. ARTUR RESZKO / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Poloniako Auzitegi Konstituzionalak EB Europako Batasuneko zuzenbidearen nagusitasuna auzitan jarri eta hiru egunera, dozenaka mila herritar atera ziren kalera, herenegun, herrialdeko hainbat hiritan, eta batasunean jarraitu nahi dutela adierazi zioten PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorea buru duen gobernuari. Donald Tuskek, oposizioko alderdi nagusi Plataforma Zibikoko liderrak eta 2007 eta 2014 bitartean lehen ministro izandakoak, deitu zuen mobilizaziora, eta berak hartu zuen hitza Varsovian egindako manifestazioaren amaierako ekitaldian: «Nahi dugu Polonia independente bat, europar bat, demokratiko bat, eta legea eta justizia errespetatuko dituena. Kontzientziarik eta moralik ez duen botereak zanpatzen ditu orain printzipio horiek». Udaleko bozeramaile baten arabera, hiriburuko manifestazioak 80.000 eta 100.000 pertsona artean bildu zituen.

«Polonia EBn dago, eta harro gaude», edo, besteak beste, «gu gelditzen gara», oihukatu zuten bildutakoek mobilizazioaren amaieran, Gazteluaren plazan. Eskuin muturreko taldeak protesta oztopatzen ahalegindu ziren, baina Poliziak horretara sartzea eragotzi zien. Agenteek hamabi ultra atxilotu zituzten hiriburuko manifestazioa hasi aurretik.

Tusk Europar Kontseiluko presidente ohiaren ustez, «inflexio puntu kritiko batean» dago herrialdea. «Epaile arroparekin jantzitako pertsona batzuek Poloniako Konstituzioa bortxatu dute, gobernuan dagoen alderdiko presidentearen aginduz [Jaroslaw Kaczynski], eta modu horretan Europako Batasunetik atera nahi dute gure aberria». 2019an gauzatutako justizia erreforma baten ondorioz, gobernuak epaileak aukeratzeko baimena dauka, esaterako. Erreformarekin batzorde bat eratu zuten Poloniako Auzitegi Gorenean, epaileen independentziaz ebazteko EBren legeak kontuan hartu gabe: eskumena du horiek behin-behinean kargutik kentzeko, soldata murrizteko edota immunitatea kentzeko, adibidez. Salaketa horren gaineko epaia eman arte, erreformaren hainbat puntu indargabetzeko agindu zion Europako Justizia Auzitegiak Poloniari, kautelazko neurri gisa.

Brexit-a gauzatu eta urte eta erdira, Poloniako oposizioa polexit-az mintzo da. Tuskek esana dauka, jada, PiSek edozein unetan abiatu dezakeela herrialdea EBtik ateratzeko prozesu bat, bere garaian Erresuma Batuak egin bezala. KaczynskiPiSeko buruak ukatu egiten du, «propaganda» egitea leporatu dio oposizioari, baina nabarmenduz Poloniak «herrialde subiranoa» izaten jarraitu nahi duela. Eta horren harira, Tuskek herenegun egindako ohartarazpena: «Polexit-eranzko bide horretan serio doaz. Benetan, gerta liteke». Horretarako nahikoa lukete parlamentuko gehiengo soila.

Gobernuarentzat, Tuskek herritarrak «engainatu» nahi ditu. Mateusz Morawiecki lehen ministroak atzo Facebookeko bere kontuan argitaratu zuenez, ez dute EBtik ateratzeko asmorik. Piotr Mueller gobernuaren bozeramaileak TVP1 telebista kateari adierazi zionez, polexit-a ez dago mahai gainean. «Interes politikoak» aurpegiratu dizkiote Tuski.

Gorena ere ados

Poloniako Auzitegi Goreneko presidente Malgorzata Manowskak Konstituzionalak joan den astean ebatzitakoa defendatu du, argudiatuz EBko legediak ezin dituela «konstituzioren printzipioak zulatu». Poloniako Dziennik Gazeta Prawda egunkariak atzo kaleratutako elkarrizketa batean nabarmendu zuenez, Poloniak eskumen batzuk transferitu dizkio EBri, «baina eremu oso mugatu batean bakarrik, Bat-egite Hitzarmeneko 5. puntuak oso argi adierazi bezala». Horrek zehazten du, Manowskaren esanetan, EBk eskumenak dituela soilik horiek «espresuki transferituak» izan direnean. Horrenbestez, Goreneko presidenteak interpretatu du botere judizialaren antolaketa ez zaiola EBri eman. Europako Justizia Auzitegiak kaleratutako ebazpenak onartzearen alde agertu zen Manowska duela gutxi, baina elkarrizketan azpimarratu zuen bere instituzioen eragin ahalmena areagotzeko ahaleginean ari dela batasuna, estatu kideen bizkar. «Horren lekuko izaten ari gara».

Bruselaren eta Varsoviaren arteko harremanak ez dira batere onak, eta EBk sarri esan dio klubaren legeen aurka ari dela hainbat arlotan: sexu askatasunaren, prentsa askatasunaren eta botere judizialaren independentziaren aurkako neurriak egotzi dizkio, besteak beste. Bruselarentzat, eztabaidaezina da EBko zuzenbidearen nagusitasuna. Hungaria estatu kidea izan da klubekoen artean azken gatazkan Poloniari babesa agertu dion bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.