Europako Parlamenturako hauteskundeak

ITALIA. Europa ultraren gidari berria

Euroguneko hirugarren ekonomiak populisten eta eskuin muturraren arteko koalizioa zabaldu nahi du EBra. Salvinik ultren lider europarra izan nahi du.

Ezkerretik eskuinera, Wilders Herbehereetako eskuin muturreko liderra, Salvini Italiakoa eta Le Pen Frantziakoa, iragan asteburuan, Milanen. MATTEO BAZZI / EFE.
Ane irazabal
Erroma
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Nekatu gara Bruselako burokraten nahiei men egiteaz. Matteo Salvini da Italiaren ahotsa Europako erakundeetan ozendu dezakeen politikari bakarra». Giovanni Berteottik 65 urte ditu, eta euroeszeptikotzat jotzen du bere burua. «Euroak pobretu egin gaitu, eta krisi ekonomikoari aurre egiteko inposatu dizkiguten murrizketek klase ertaina suntsitu dute». Berteottik ez du Europako hauteskundeetan botoa emateko ohiturarik, baina igande honetan hauteslekura joango da Salvini Barne ministroaren Lega alderdiaren alde bozkatzeko.

Italian barne afera balira bezala aurkeztu dira europarlamenturako bozak. Izan ere, gobernu koalizioa osatzen duten 5 Izar Mugimendu populista eta Lega alderdi ultraeskuindarra krisi politiko sakonean daude. Iazko hauteskunde orokorretan, 5 Izar Mugimendua garaile atera zen, botoen %33 lortuta. Legak, berriz, %17 eskuratu zuen. Baina, urtebete geroago, egoera errotik aldatu da. Azken inkestek botoen %30 baino gehiago aurreikusten dituzte Legarentzat, eta %22 antisistementzat. Bestalde, parte hartzea handitu egingo dela iragarri du Youtrend estatistika webguneak.

Koalizioa hausteko aukera

Hala, ikerlari politiko askok elkarri egiten dioten galdera da gobernua zutik mantenduko ote den Europako hauteskundeen emaitzak jakin ostean. «Salvinik botoen %30 eskuratzen baditu, litekeena da koalizioa erortzen uztea eta gobernu berria osatzeko gehiengoen bila hastea», uste du Giovanni Orsina politologoak. Salviniri dagoeneko eskua luzatu diote Silvio Berlusconiren Forza Italiak eta Giorgia Meloniren Fratelli D'Italia alderdi ultranazionalistak.

Kasuak kasu, Salvinik badaki ospearen olatua bere alde dagoela, eta probetxua ateratzen ari zaio egoerari. Italiako Barne ministroak egunero ematen ditu elkarrizketak telebista saioetan, eta, iragan larunbatean Milango Duomo katedralaren aurrean egin zuen makromitinean, Europako eskuin muturraren lider berritzat aurkeztu zuen bere burua. Han, Marine Le Pen frantziarra, Geert Wilders herbeheretarra eta gainontzeko kide ultrak bigarren mailan utzi zituen, eta Europako Batasuna errotik aldatzeko osatu duen errezeta liburua aurkeztu zuen: konpetentzia gehiago estatu-nazioentzat, Europaren balio judu-kristauen defentsa, mugen itxiera eta migratzaileen kanporaketa. Hori guztia, Lehenik italia lelo bakarrean.

«Nekazari italiarrek zailtasun handiak dituzte hileroko soldata jasotzeko, eta, bitartean, Europak Kanbodiako arroza erosten jarraitzen du. Guk Made In Italy delakoa aldarrikatuko dugu Bruselan. Ez dago Italiakoa baino gastronomia hobeagorik», adierazi du Salvinik. «Ama Birjinak indarra ematen dit nire betebehar politiko eta morala defendatzeko». Ultranazionalismoa eta ultrakatolizismoa, biak batean.

«Santu bat da, santu bat da», oihu egin du Calabriatik Milanera joandako Mariak. «Europak aspalditik behar duen liderra da Salvini», erantsi du. Baina Orsinak irizten dio herritarrek memoria txikia daukatela: «Gutxik gogoratzen dute Salvini europarlamentaria izan dela, eta errekorra daukala sesio gehienetara agertzen ez zelako». Barne ministro gisa, gainera, ez du ohitura aldatu. «Telebistan eta sare sozialetan bai, baina ministerioan ez du inork aspaldian ikusi», adierazi du politologoak.

Hedabideetan eta Facebooken, halere, migratzaileen aurkako diskurtso xenofoboa bilakatu da Salviniren obsesio politikoa. Hasieran, inbasioaren ideiarekin lotu zituen iheslariak, eta, jende gutxiago iristen hasi zenean, migratzaileak segurtasun gabeziarekin lotu ditu. Salvinik gerra irekia deklaratu die gobernuz kanpoko erakundeei. Lehenik Italiako portuak itxi zituen, eta orain 3.000-5.500 euro bitarteko isunak ezarriko ditu ontzietan sartzen uzten duten migratzaile bakoitzeko. «Baina propagandatik harago, badago oharkabean pasatzen ari den fenomeno arriskutsu bat. Salvini Barne ministroa denetik bikoiztu egin dira eraso xenofoboak», salatu du Stop Xenofobia elkarteak ikerketa batean.

Ezegonkortasuna

Orsinaren iritziz, Italiaren arazoa da Salvinik ez daukala arerio politiko indartsurik. «Indar tradizionalak gain behera doaz. Ezkerretik, Alderdi Demokratikoak Nicola Zingaretti idazkari berria aukeratu du, baina haren lidergoa ez da uste bezain bateratua. Zentro-eskuinetik, berriz, Silvio Berlusconiren alderdiak boto asko galdu ditu Salvini fenomenoaren ondorioz». Baina Il Cavaliere-k ez du amore ematen. 82 urterekin, europarlamenturako bozetara aurkeztu da, «subiranistei eta populistei aurre egiteko».

Edonola ere, ekonomia da Italiaren buruhausterik handiena. Izan ere, zor publikoa buruko minak ematen ari zaio Erromari. Italiaren zorra Europako bigarrena da, Greziaren ostean, eta Salvinik merkatuak urduritu ditu datorren urteko aurrekontuetan gastu publikoaren defizitak %3ko muga gaindi dezakeela esanez. «Zor handia pilatzen ari gara, eta hori arriskutsua da. Hau ez da Grezia. Italiak euroguneko hirugarren ekonomia ordezkatzen du», esan du Orsinak. Hori hala, herrialdearen BPG barne produktu gordina %0,1 jaitsi da 2019ko lehen hiruhilekoan, eta egoerak Erromaren eta Europako Batasunaren arteko harremanak tenkatu ditu. Europako hauteskundeen ostean hamaikagarren krisi politikoa piztuko balitz, ezegonkortasunak ez lituzke merkatuak lasaituko. Baina Italian ohituak daude behin eta berriz amildegiaren ertzean ibiltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.