Europako Parlamenturako hauteskundeak

ALEMANIA. Europako motorraren aro berria

Inkestek diote alderdi tradizionalek herritarren zigorra jasoko dutela, indar politiko txikien mesederako. Merkel kantzilerrak ez du parte hartu kanpainan.

Annegret Kramp-Karrenbauer CDUko presidentea hilaren hasieran, Berlinen, Europaren Taupada mitinean. FELIPE TRUEBA / EFE.
Ane irazabal
Berlin
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Pulse of Europe edo Europaren Taupada ekitaldian, bandera europarrak dira nagusi. Berlingo operaren eta katedralaren aurrean ehunka pertsona batu dira Katarina Barley Alemaniako Justizia ministroaren hitzaldian parte hartzeko. «Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da Europako Parlamentuan humanismoa eta elkartasuna defendatzea», adierazi dio BERRIAri Barleyk, zeina SPD alderdi sozialdemokratako zerrendaburua ere baden.

Agertoki txikiaren azpian, Europako Batasunaren (EB) jaiotzaren eta Alemaniaren banaketaren lekuko izan ziren adineko pertsona asko daude. «Pena da ekitaldian hain gazte gutxi ikustea. Haiek dira etorkizuneko Europa eraikiko dutenak. Guri dagokigun bakarra da azken hamarkadetan eskuratu ditugun eskubide guztiak defendatzea», uste du Frederika irakasle erretiratuak. Mitinean ere euroeszeptikoen kontrako oihuak entzuten dira. «Hesiak eta mugen itxierak, halako hamaika adibide izan ditugu iraganean eta begira nola amaitu dugun. Ultranazionalismoak ez du nik sinisten dudan Europa ordezkatzen», uste du Fuck AfD lema soinean daraman Albrechtek. Mitina ez da gehiegi luzatu: Europako ereserkia alemanieraz abestu eta korrika desegin da.

Plazaren beste aldean, CDU demokristauak postu bat jarri du kanpainako kartelekin. Bertan, Hildegard Bentele zerrendaburuaren eta Annegret Kramp-Karrenbauer CDUko presidentearen argazkiak agertzen dira. Angela Merkel kantzilerraren arrastorik ez. Lehen aldiz azken hogei urteetan, Alemaniako gobernuburuak ez du parte hartu kanpainan. Merkelek protagonismo osoa eman dio haren ondorengoari.

Tradizionalen geldialdia

Kasuak kasu, Koalizio Handia osatzen duten bi indar nagusiek, CDUk eta SPDk, asko dute jokoan. Alderdi demokristaua Merkelen osteko aro berria diseinatzen ari da eta liderraren perfil berritua aurkeztu nahi du. Hala, Kramp-Karrenbauer urrundu egin da bere aurrekoaren hainbat erabakitatik, batez ere migrazioaren auzian. CDUko lider berriak badaki Merkelek boto andana galdu zituela 2017ko boz orokorretan, 2015ean ia milioi bat asilo eskatzaile jasotzeagatik.

Hala, Kramp-Karrenbauerrek errefuxiatuen eta mugen kontrolaren gaineko hitzak gogortu ditu, baina ultraeskuinarekin akordiorik sinatuko ez duela zin eginez. Alderdi sozialdemokrata, berriz, nortasun berriaren bila dabil, 2017ko hauteskundeetan haren historiako emaitzik txarrenak jaso ostean.

INSA institutuaren azken inkesten arabera, alemaniarrek gogor zigortuko dituzte gobernu koalizioko alderdi nagusiak. CDUk botoen %30 —2014an baino bost puntu gutxiago— eta SPDk %15 —hamabi puntu gutxiago— jasoko lituzkete. Eta kalkulu horiek ez diote herritarren interes faltari erantzuten, izan ere, azken egunetan egin diren inkesta gehienek adierazi dute parte hartzeak gora egingo duela. Alemaniarren %60k uste dute hauteskunde hauek erabakigarriak direla.

Ikerketa horiek, gainera, gorakada handia aurreikusten dute alderdi txikientzat. Alderdi Berdeak, adibidez, orain arteko emaitzarik onenak eskuratuko lituzke. «Europako bozetan arazo globalen inguruan hausnartzen dute herritarrek; ingurumena edo aldaketa klimatikoa, adibidez. Boz hauetan tokian tokiko mugak gaindituko dituzte alemaniarrek», esan du Ska Keller Berdeen liderrak ekitaldi baten ostean.

Hauteskundeetako ezustekoa ere bada Gianis Varufakis Greziako Finantza ministro ohia. Alderdi paneuropar bat gidatuz aurkeztu da, non eta Alemanian, urte luzez Greziaren «etsai» ekonomikoa izan den herrialdean.

Eskuin muturra eta 'dexit'-a

Alemaniarentzako Alternatiba (AFD) indar ultraeskuindarrak ekialdean egin ditu hauteskunde kanpainako mitin gehienak. Jorg Meuthen zerrendaburua, gainera, Matteo Salvinik Milanen egin berri duen ekitaldiko gonbidatuetako bat izan da. Meuthenek biziki sinisten du Italiako Barne ministroaren Herrien eta Nazioen Europako Aliantza berrian: «Europako erakunde guztiak erreformatu nahi ditugu; ez suntsitu. Gure helburua da EB behetik gora berreraikitzea», adierazi die kazetariei ekitaldiaren aitzitik.

Meuthenek alderdi euroeszeptiko guztiak batu nahi ditu fronte bateratua osatzeko. Izan ere, orain arte hiru talde parlamentariotan banatuta egon dira indar euroeszeptikoak: Europako Kontserbadore eta Erreformistak, Askatasunaren eta Nazioen Europa eta Askatasunaren eta Demokraziaren Europa. Meuthenek ere haien mugimendura batzeko deialdia luzatu dio oraindik Europako Alderdi Popularreko kide den Viktor Orban Hungariako lehen ministro ultranazionalistari.

AFDk, ordea, datorren udazkenean ekialdean egingo diren eskualdeko bozetan jarri du arreta. Dexit edo Alemania EBtik ateratzeko aldarrikapena aipatu du azken asteetan, eta horrek gainontzeko Alemanian botoak kenduko dizkiola uste dute hedabideek. INSAko azken inkestak botoen %12 inguru ematen dizkio eskuin muturrari.

«Mugak ixten ez baditugu, Europa zeharo islamizatuta egongo da mende erdi barru. Alemaniak Europako motor ekonomikoa izateari utziko dio», esan du Meuthenek Salviniren mitinean, eta argi utzi du AFDk migrazioaren mamua astintzen jarraituko duela. Eskuin muturrak ere behin baino gehiagotan aipatu du egoera ekonomikoa. Izan ere, euroguneko lehen ekonomia atzeraldian sartu da, eta ultranazionalistek probetxu hartu nahi diote labainkadari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.