Helegitea onartuta, Imanol Salinas LABeko kidea ez dute espetxeratuko

Nafarroako Auzitegiko lehen salak onartu du La Sangiovesa jatetxeko lan gatazkan ez zela erabili indarkeriarik, eta 450 euroko isuna ezarri du. LABen ustez, larria da lehen epaian erabilitako argudioa

Mahaian, Imanol Salinas, Itxaso Torregrosa eta Imanol Karrera, LABeko hainbat kidez inguratua, atzo. JOXERRA SENAR.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Maiatzean ia bi urteko espetxe zigorra zena, 450 euroko isun bihurtu da orain. Maiatzean, Iruñeko zigor arloko 4. epaitegiko Emilio Labella epaileak 21 hilabeteko zigorra ezarri zion Imanol Salinas LABeko kideari, Iruñeko La Sangiovesa jatetxean egindako protesta batengatik. Epaile hark arrazoitu zuen protestan erabilitako pankartak eta itsasgarriak indarkeria zirela. Orain, aldiz, Nafarroako Auzitegiko lehen salak baliogabetu egin du tesi hori, eta ontzat eman du LABek jarritako helegitea: nahiz eta onartu protestan nolabaiteko desordena egon zela, mehatxu arina zela ebatzi du, eta 450 euroko isuna jarri dio Salinasi. Sindikatuko borroka kutxak hartuko du isuna bere gain.

Atzo goizean eman zuen erabakiaren berri sindikatu abertzaleak, eta nabarmendu zuen mobilizazioaren ondorio izan dela orain lortu den epaia. Salinasek ere, pozik, nabarmendu zuen elkartasunari esker lortu dela epaiari buelta ematea: «Honetatik guztitik ondorio pertsonal bat ateratzen dut: egia zela mobilizazioarekin eta salaketekin lortzen zela epaiketa gainditzea».

Dena den, Imanol Karrera eta Itxaro Torregrosa LABeko ordezkariek «larritzat» jo dute gertatutakoa, sindikatuko kide bat espetxera joateko zorian egon delako. Sindikatuaren ustez, sistema judizialaren zati handi batek «joera antisindikala» du. «Foruzaingoa, lan ikuskaritza eta fiskaltza ez dira mugitzen enpresetan lan esplotazioa eta prekaritatea gertatzen direnean; aldiz, hori salatzen duten sindikalisten aurka ari dira».

La Sangiovesaren auzia amaitu bada ere, hilaren 10ean berriro epaituko dute Salinas, Jose Javier Oses Tafalla aldeko LABeko kidearekin batera. Huerta de Peraltako lan gatazkan, enpresa aurrean furgoneta bat aparkatuta enpresaren jarduera oztopatzea leporatzen diete. «Kasu horretan, greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzen ari ziren, eta produktua Almeriatik eta Murtziatik ekartzen ari ziren. Hori eragozteko, ekintza hori egin zuen sindikatuak», azaldu du LABek.

Autoinkulpazioa

La Sangiovesako epaile berberak, Emilio Labellak, epaituko ditu Salinas eta Oses. Sindikatuaren arabera, «zentzugabekeria judiziala da» bere tesia baliogabetu dioten epaile batek beste auzi hori hartzea, eta ez die inolako bermerik ematen. Maila juridikoan, aztertzen ari dira ea epailea errefusatzeko modurik baduten. Hala ez balitz ere, lehen salak Sangiovesako auzian ezarritako irizpideak bete beharko lituzke, baina beldur dira aurrera joko ote duen. «Ikusita zer joera duen, espero dugu ez dela epai bidezkoa izango».

Egoera salatzeko, LABek autoinkulpazio kanpaina bat abiatu du. Kanpainarekin, salatuko dute Salinas eta Oses ez direla errudun, eta prekaritatearen aurkako ekintza sindikala «inoiz baino beharrezkoagoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.