Albistea entzun

Urkulluren hitzek haserrea eragin dute pentsiodunen mugimenduan

Lehendakariari egotzi diote «gezurretan» ari dela eta «gizartearen gehiengoari» bizkarra eman diola. ELAk uste du Ahal Dugu-koek uko egin dietela beren printzipioei; haiek«errespetua» eskatu dute
Bilboko udaletxearen aurrean pentsiodunek atzo eginiko elkarretaratzea.
Bilboko udaletxearen aurrean pentsiodunek atzo eginiko elkarretaratzea. LUIS TEJIDO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko urtarrilak 21

Giroa berotzen ari da. Geroz eta nabarmenago egiten ari da hilaren 30eko greba orokorraren aldekoen eta aurkakoen arteko aldea. Deitzaileek euren haserrea agertu dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta beste eragile batzuek eginiko kritikengatik. Pentsiodunak mintzatu dira gogorren. Jon Fano Bizkaiko mugimenduko bozeramailearen arabera, «justifikaezinak, nagusikeriazkoak eta sektarioak» dira Urkulluren hitzak. ELA sindikatuko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza, berriz, Ahal Dugu-ri mintzatu zaio. Leporatu dio «bere sorrerako printzipioei uko egitea».

Ahal Dugu-k bere erabakia «errespetatzeko» eskatu du; Andeka Larrea komunikazio idazkariak azaldu du aldarrikapenekin bat datozela —militanteei parte hartzeko askatasuna eman diete—, baina uste dutela ez dela «garairik egokiena» horretarako, eskaera horiek Espainiako gobernu berriak «konpontzeko bidean» jarri dituelako, eta horietako batzuk jasotzen direlako Jaurlaritzarekin eginiko aurrekontu akordioan.

Pentsiodunek ez dute berdin pentsatzen. Astelehenero legez, Bilboko udaletxearen aurrean mobilizatu ziren atzo, eta Espainiako Gobernuak pentsioak %0,9 igotzeko erabakia «barregarritzat» jo zuten. «Tontotzat hartzen gaituzte igoera horrekin pentsio guztien erosteko ahalmena bermatzen dela esanda». Urkulluk ostiralean esandakoak ere gogoratu zituzten, eta «gezurretan» aritzea leporatu zioten. «Guztiz faltsua da [Jaurlaritzak] eskumenik ez duela pentsioen inguruan, diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez osatzen baititu pentsiorik txikienak». Lehendakariari egotzi zioten «enpresari handiekin eta bankariekin» bat egitea, eta «gizartearen gehiengoari —langileei eta pentsiodunei—» bizkarra ematea. Ohartarazi zuten «instituzioetan inkrustatuta» dauden eragileek «neurriz kanpoko kanpaina» bat abiatu dutela grebaren aurka.

1.200 batzorderen babesa

Dagoeneko 1.200 enpresatako langile batzordeek egin dute bat deialdiarekin, ELAk jakinarazi duenez; Lakuntzaren arabera, enpresa handi batzuetan CCOOko eta UGTko kideen babesa ere jaso dute. «Oso zaila da aurka egotea».

ELAko buruzagia «kezkatuta» agertu da Ahal Dugu-koen jarrerarekin. «Alderdi sistemikoak asimilatuak» izaten ari direla uste du. Jaurlaritzaren aurrekontuak babestearen truke «ezer gutxi» lortu dutela azpimarratu du, eta Espainiako Gobernua osatzeko akordioaz, ez duela «konpromiso zehatzik zein espliziturik».

Urkulluk gehiengo sindikaleko ordezkariekin biltzeko eskaerari uko egin izana ere kritikatu du: «Maila demokratiko eskasa erakusten du. Gizarte honen zati batengandik geroz eta urrutiago dago. Ez du arazorik patronalaren bozeramaile lanak egiteko. Arrazoia ematen diotenekin hitz egiten du».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Frantziako Asanblea, erretretaren erreformaren eztabaida batean. ©Teresa Suarez / Efe

Erretretaren erreforma geratzeko azken saioa antzua izan da

Iker Aranburu

Debate garratz eta zaratatsu baten ondoren, LIOT taldeak kendu egin du erreforma bertan behera uzteko proposamena, aurretik Yael Braun-Pivet Asanbleako presidenteak edukiz hustu duelako.

Paper bobina batzuk, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Energiaren eta lehengaien prezioa oraindik galga dira paperaren industriarentzat

Aitor Biain

Jarduera apaldu arren, fakturazioa handitu zuten enpresek iaz. Aurreikuspenak, ordea, ez dira onak, eta, eskariak handitu ezean, baliteke kolokan geratzea enpresa batzuen errentagarritasuna.

Inflazioak gastu pribatua murriztu du, eta horrek ekarri du atzeraldia. ©Clemens Bilans / Efe

Eurogunea ere atzeraldian dago

Iker Aranburu

Eurostatek zuzendu egin du duela aste batzuk aurreratutako datua, eta %0,1eko uzkurtzea iragarri du urteko azken bi hiruhilekoetarako.

Bi igeltsero Bilbon lanean, 36 graduko tenperaturarekin. ©Luis Jauegialtzo / FOKU

31 gradutik gorako tenperaturarekin lan jarduna geldiaraz daitekeela uste du LABek

Imanol Magro Eizmendi

Lantokietan beroari aurre egiteko gida bat eratu du, eta sentsazio termikoaren arabera atsedenak arautzeko eskatuko diete enpresariei.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.