Koronabirusa

«Enpresa zehatzei» mesede egiteko aritu da Jaurlaritza, ELAren arabera

ELAk eta LABek epaitegietara eraman dituzte Gasteizko gobernua eta Iruñekoa, «langileen bizia arriskuan jartzeagatik». ELAk dio Lakuak «bere mezu politikoarekin bat datozenak» lagundu dituela

Sidenorreko langileen protesta aurreko egunetan, enpresak jarduera eten zezan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
xabier martin
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak enpresetan jarduerari eusteko izan duen ekinaldia epaitegietara iritsi da, baita osasun krisiaren gordinean ere. «Milaka langileren bizia eta osasuna arriskuan jartzeagatik», ELAk eta LABek salaketa bana jarri dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian eta Nafarroako Gizarte Gaien Auzitegian. Sindikatuok eskatu dute 24 orduko epean eten daitezela Hego Euskal Herriko bi gobernuek aurreko astean emandako jarduerari buruzko ohar argigarriak, kautela neurri gisa. Ohar horien bidez, enpresek oinarrizkoak ez diren zerbitzuak eskain ditzakete, eta gutxieneko jarduera bati eutsi. Auzitegiek gaur bertan erantzun beharko liokete eskaera horri; aintzat hartuko balute, hainbat enpresak jarduera utzi beharko lukete.

 

ELAk eta LABek uste dute administrazio biek oinarrizko eskubideen babesa urratu dutela. «Osasunari, biziari eta integritate fisikoari dagokien eskubidea» da urratu dena, sindikatuen arabera. Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako Sailaren eta Nafarroako Gobernuaren aurka jarri dituzte salaketa judizialak.«Bi gobernuek, martxoaren 31n argitaratutako ohar argigarriekin, lantokietara joatera behartuta dauden langileen osasuna eta bizia arriskuan jarri dituzte, oinarrizkoak ez diren jarduerak egiteko», dio sindikatuok igorritako oharrak. «Bi gobernuek muturreraino malgutu dute oinarrizko zerbitzuaren kontzeptua, errege dekretua urratuz, hau da, oinarrizkoak ez diren jardueren etena; eta oinarrizkoak ez diren beste industria zerbitzu eta jarduerak eskaintzea bideratuz».

ELAk BERRIAri azaldu dio aldagai politikoa ere badela Jaurlaritzaren egitasmoan: «Bere mezu politikoarekin bat datozen enpresak» lagundu nahi izan dituela uste du Pello Igeregi sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak. Hala, «enpresa jakin batzuei» egin die mesede Lakuak; izan ere, haren ustez, enpresa horiek «epe laburreko beharrak izateaz gain» aldagai politiko horrek ere markatu ei du Gasteizko gobernuaren ekinaldia. Egunkari honek sindikatuen salaketa idatzian irakurri ahal izan duenez, sindikatuek enpresa zerrenda bat gaineratu dute, horietan legea urratu delakoan. Besteak beste, Haizea Wind, JAZ Zubiaurre, CAF, Lointek, Tubacex, Lapoxi eta Indaux azaltzen dira.

Alarma egoera, hankaz gora

ELAren eta LABen iritziz, langileak lanpostuan kutsatzeko arriskuan jarri ditu jarduerara bultzatzeak, eta pertsona horiek beste batzuk kutsatzea ahalbidetu du orain; «modu horretan, alarma egoeraren printzipio nagusiak hankaz gora jarri dituzte». Herritarren osasuna eta segurtasuna bermatu, gaixotasunaren garapenari aurre egin eta osasun sistema publikoa indartu: horiek dira alarma egoeraren printzipioak, sindikatuek gogorarazi dutenez.

ELA eta LAB sindikatuen salaketak exijitzen du ebatz dadila «Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak EAEko eta Nafarroako industria sektoreko langileen osasunerako, bizirako eta integritate fisikorako eskubidea urratu dutela». Gainera, gobernuen ohar argigarriak baliogabetu ditzatela nahi dute, legez, eta zigor ditzatela bi gobernuak ebazpen horren edukia argitaratzera, «ohar argigarriak plazaratu zituzten hedabide beren bitartez». Halaber, sindikatuek salaketaren bidez eskatu dute bi ohar argigarriak eten daitezela kautela neurri gisa, 24 orduko epean.

ESK sindikatuak ere iragarri du salaketa jarriko diela Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuari eta Reyes Maroto Espainiako Industria ministroari. Sindikatu horrek uste du prebarikazioa egin dutela biek ala biek, alarma dekretua «malgutu dutelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.