Albistea entzun

Aitorpenaren atzeko mina

Aita santuak 'Miñan' liburuari eginiko erreferentziak «poza» eragin die egileei. Arzallusek salatu du migratzaile askoren egoera iluna dela erakundeak Ukrainara so dauden honetan
Ibrahima Balde eta Amets Arzallus, <em>Miñan</em> argitaratu berritan, 2019an.
Ibrahima Balde eta Amets Arzallus, Miñan argitaratu berritan, 2019an. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz - Nagore Arin - Iosu Alberdi -

2022ko apirilak 6

Frantzisko aita santuak Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen Miñan liburua (Susa, 2019) irakurri du. Hala ondorioztatu liteke, behintzat, haren ahotik ateratakoak adituta. Are gehiago, irakurri bakarrik ez, aholkatu ere egin du lan hori. Hegazkineko korridore batean egin zuen gomendioa, zenbait kazetariren aurrean. Han zenetako batek bideo batean jaso ditu aita santuak esandakoak, eta Blackie Books argitaletxeak —gazteleraz argitaratu du liburua— zabaldu zuen pieza. Bi egileei emozio zurrunbilo bat eragin die albisteak. «Poza», jasotako errekonozimenduagatik; «mina», egoeraren ilunengatik.

Autoan zihoala harrapatu zuen albisteak Arzallus. Hasierako kezken ostean, «lasaitu eta poztu» egin zen idazlea, aita santuaren hitzak zein testuingurutan iritsi ziren jakitean. Izan ere, idazleak azaldu du azken asteetako egoerak «harritu» egin duela, ikusita hedabideak zein erakunde publikoak Ukrainako gerraren aurrean «besoak zabaldu» eta «paperak lortzeko bideak erraztu» dituztela. Gehitu du, baina, egoera horrek kontraste bat erakusten duela urteetan Euskal Herria zeharkatzen ari den jendearen «sufrimendu izugarriarekin», zeinei ez zaien erraztasunik ematen: «Gauza bat da sentsibilitaterik ez edukitzea, edo sentsibilitate maila ezberdinak edukitzea. Baina, iruditzen zait lotsa gutxi edukitzea dela halako kanpainak egitea aipamen minimo bat beste aldera egin gabe». Izan ere, Arzallusek gogoratu du batzuekin «hain ageriko eta hain publiko» jokatzen dela, baina beste batzuek «ezkutuan, sufrimenean, bizi arriskuan» zeharkatzen dutela Euskal Herria.

Arzallus bera izan zen albistearen berri eman ziona Balderi, hura lanetik atera berritan. «Harridura» eta «hunkidura» aipatu ditu hark kidearen erreakzioa deskribatzeko. Arzallusen hitzetan, «inorentzat garrantzirik dutenik pentsatzeko indarrik gabe» iristen dira sarri migratzaileak. Hala, gehitu du «muturreko ikusgarritasuna duen pertsona batek» hala hitz egiteak poza eragin diola Balderi: «Ez luke uste halako garrantzia izatea».

Balde beraren erantzuna ere zabaldu du argitaletxeak Twitterren. Hunkituta hitz egin du liburuaren egileak, kamerari begira: «Hainbat mezu iritsi zaizkit aita santuak Miñan irakurri duela esanez... Hunkigarria izan da, inoiz ez baitut sentitu han inportantziarik nuenik». Esker hitzez mintzatu da, eta nabarmendu: «Pertsona guztiak garrantzitsuak dira, eta errespetua eta gizatasuna merezi dituzte».

Kontrasteak hizpide izan ditu, baina, berriz ere Arzallusek, gogoratzeko Baldek paperak lortzeko borrokan jarraitzen duela oraindik ere: «Espainiako lege babesik edo inolako bedeinkaziorik ez du». Hala, fokuen eta itzalen arteko harremana «gogorra eta mingarria» ere badela uste du idazleak: «Poz eta errekonozimendu momentuan, alde batera min egiten du».

Aita santua Maltan izan da berriki, errefuxiatuentzako harrera zentroak bisitatzen. Hain zuzen ere, handik Vatikanorako bidea abiatzekoa zenean egin zuen liburuaren gomendioa. Ukrainako gerra abiapuntu harturik, Mediterraneoa zeharkatzeko ahaleginean izaten diren migranteak izan zituen hizpide Frantziskok, eta, horiei buruzko hausnarketa betean, zehaztu zuen Miñan liburuak ederki jasotzen dituela pertsona horien bizipenak eta minak.

«Ukrainako errefuxiatuekin egiten ari den moduan, Europak berdin jokatu beharko luke Mediterraneotik datozen errefuxiatuekin. Berdin egin behar lieke harrera. Eginiko bisita honetan, testigantza asko aditu ditut, sufrimendua ikusi, eta entzundakoek asko hunkitu naute. Bizipen horiek lehenago aipatu dizuedan liburuxkan hain ongi jasota daudenen antzerakoak dira. Miñan-ek pertsona horien gurutze bideak kontatzen ditu», azaldu zuen aita santuak.

Balderen istorioa

Miñan liburua 2019an aurkeztu zuten Baldek eta Arzallusek. Balderen istorioa kontatzen du hark: 13 urte zituela aita galdu, lan bila hasi, eta haren anaia gazteena desagertu zeneko aldiaz dihardu, baita haren bila Afrikatik Europaraino egin zuen ibilbideaz ere. Hark ahoz idatzitakoa eskuz jaso zuen Arzallusek. Gerora, besteak beste, gaztelerara, katalanera eta ingelerara itzuli dute. Azken horrek (Little Brother) English PEN elkartearen PEN Translates sarietako bat irabazi zuen iaz. Timberlake Wertenbakerrek itzuli zuen.

2018. urtean topatu ziren Balde eta Arzallus, urriaren amaieran, Irunen (Gipuzkoa). Euskal Herrira iritsi berria zen Balde, eta Arzallus boluntario lanetan zebilen Irungo Harrera Sarean. Hor egin zuten lehen hartu-emana, eta, elkarrizketaz elkarrizketa, «mugimendu bat» sortu zen bien artean, hasieran, Balderen istorioaren inguruan idazteko inongo burutaziorik gabe. Bien arteko lotura estutuz joan ahala, ordea, hitz egindakoak liburu batean jasotzeko ideia sortu zitzaien.

Migrazio datuetatik haratago, Europara iristen direnen bizimoduaren gaineko istorio bat da liburukoa. Balderen istorioa da Miñan, baina, liburuan azpimarratzen den bezala, Ibrahima asko daude: Fatimaturen, Fatumataren, Rouguiatouren edo Alhassanen istorioa izan zitekeen —Balderen etxekoen izenak dira—.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA
Miarritzeko harrotasunen martxa, atzo. ©BOB EDME

«Mugak hausteko» harrotasunez hartu dituzte Miarritzeko karrikak

Oihana Teyseyre Koskarat

Ehunka lagun bildu dira harrotasunaren martxan. LGTB komunitateko eragileek nabarmendu dute gora egin dutela horien kontrako erasoek

Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon

Osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura, abian

Oihane Puertas Ramirez

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.