EBZk diru merkearen aroa itxi du interes tasak %0,50 igo ondoren

Inflazioaren aurkako dosi handiaren alde egin du, 0,25 puntuko igoera espero bazen ere. Banku zentralak TPI mekanismoa onartu du, herrialde batzuen arrisku sariak neurririk gabe igo ez daitezen

EBZk diru merkearen aroa itxi du interes tasak %0,50 igo ondoren.
xabier martin
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Inflazio neurrigabeari aurre egiteko, interes tasak igo ditu EBZ Europako Banku Zentralak, baina ez %0,25, analista gehienek uste zuten moduan, baizik eta %0,50. Kolpe bakar batean hainbeste igotzearen alde egiteak erakusten du zenbaterainokoa den euroguneko ekonomiak hartu duen inflazioaren birusaren arriskua. Ekainean, %8,6koa izan da inflazio hori eurogunean, eta 0,25 puntu ez baina 0,50 igotzea beharrezkoa dela erabaki du EBZk. 22 urte igaro dira hainbeste igo zuen azken alditik. Gordailuen tasa ere 0,50 puntu igo du, eta %0,75ean geratu da erreferentzia.

Horrela, Frankfurteko erakundeak agur esan dio zero tasako aro luzeari: 2016tik egon dira %0an, eta 2014ko udatik tasa negatiboak egon dira gordailuei dagokienez. Baina diru merkearenak egin duela esan daiteke, aurrerantzean aldaketa nabarmenak izango baitira finantzaketaren alorrean, hala gobernuentzat nola partikularrentzat.

Gobernu kontseiluan, belatzen tesia gailendu da, nahiz eta Christine Lagarde presidenteak zehaztu duen erabakia «aho batez» hartu dutela. Ekonomiak duen sukarra hozteko, dosi oldarkorraren alde egin du banku zentralak. Lagardek badaki, ordea, tentuz erreparatu beharko diotela orain igoera handi horrek ekonomian duen eboluzioari, gauza bat baita hazkundea moteltzea eta bestea atzeraldi bati ateak zabaltzea.

Eztabaida bizia dago eurogunean inflazioari aurre egiteko hartu behar diren neurrien inguruan, estatu batzuek besteek baino egoera askoz hobea dutelako kontu publikoei begira, eta, ondorioz, finantzaketari begira ere bai. AEBetan egindako interes tasen igoera handiak —ekainean %0,75 igo zituen Fedek—, hango ekonomia gehiegi hoztu duelako ustea azkar hedatzen ari da, eta atzeraldiaren atariari buruz hitz egiten ari dira asko. Gainera, Europako inflazioaren jatorrizko arrazoia energia krisia da —%40 inguru garestitu da azken urtean—, ekonomiaren berotze klasiko batetik harago. Horregatik, interes tasak kolpe bakar batean %0,50 igotzea ez dute pozik hartuko zor publikoak itota bizi diren estatuek.

Arrisku sariak baretzeko

Herrialde batzuek zor merkatuetan izan dezaketen arriskuaren jakitun, EBZk mekanismo bat onartu du arrisku sariak neurririk gabe igo ez daitezen herrialde horietan. TPI da onartutako tresna hori (Transmission Protection Instrument), haustura bat egon ez dadin herrialdeen arrisku sarien artean. «Mekanismo hau beharrezkoa da diru politika eraginkorra izan dadin», azaldu du EBZk ohar batean.

«Diru politika eraginkorra izateko dauden arriskuen araberakoa» izango da Diru politikaren Transmisioa Babesteko Tresnaren bidez erosiko den zorraren bolumena. Hau da, herrialde batzuen arrisku sariak zenbat igo daitezkeen, horren araberako erantzuna emango du EBZk; baina egongo dira baldintza batzuk eskatzaileentzat, adibidez, EBko arau fiskalen barruan egotea.

Edonola ere, erakundeak ez du ezkutatu erabaki garrantzitsua hartu duela 0,50 puntuko igoerarekin: «Neurri garrantzitsuak hartu ditu Gobernu Kontseiluak, inflazioa %2ko helburuan koka dadin epe ertainera». Eta ez du baztertu luze gabe interes tasak berriro igotzea: «Kontseiluaren hurrengo bilkuretan egokia izango da interes tasen beste normalizazio bat egitea». Lagardek esan du orain arteko diru politikaren «irteera azkartzen» ari direla, eta tasen igoerak bide emango diola beste erabaki batzuk hartzeko «trantsizioari». EBZk egingo duen bilkura bakoitzean doikuntza gehiago egiteko aukera zabaldu du Lagardek, beraz.

Euroguneko zor publikoa BPGaren %95,6an dago, zertxobait jaitsita, baina barne produktu gordina igo delako, eta ez zorraren bolumena apaldu delako. Zor publiko handienak dituzten herrialdeak hauek dira: Grezia (%189,3), Italia (%152,6), Portugal (%127), Espainia (%117,7) eta Frantzia (%114). Interes tasak %0,50 igotzeak ekarriko duen agertoki berrian, EBZk adi begiratu beharko du nola doazen herrialde horien arrisku sariak, arreta berezia jarrita Italian. Hurrengo bilkura irailaren 8an egingo du.

Euriborra, gora

Europako Banku Zentralak interes tasak igo izanak gora eramango du euriborra berriro, hipoteka maileguak egiteko erreferentzia nagusia. Igoera iragartze hutsak zeropetik atera zuen erreferentzia hori apirilean. Sei urtez zero azpitik egon ondoren, positiboa da berriro euriborra apirilaren 12az geroztik.

Gaurkoa berri ona da bankuentzat —kexu dira interes tasa apalekin beren negozio arruntak ez duela etekin handirik ematen—, baina txarra maileguak ordaindu behar dituzten herritarrentzat eta enpresentzat, fakturak igo baitzaizkie azken asteetan. EBZren tasen igoera handiak goranzko joera areagotuko duela aurreikus daiteke. Uztaileko batez besteko euriborra %0,943 da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.