Tubacexeko greban izan ziren hiru gazte lau urte pasa espetxeratzeko eskatu dute

Fiskaltzak desordena publikoak eta agintarien kontrako atentatua egotzi dizkie. Iazko martxoaren 25eko piketeetan egin zuten protesta, grebalariekin batera

Tubacexeko langileen elkarretaratze bat. ANONI LUBAKI / FOKU.
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Hamar hilabete igaro dira iazko Tubacexen greba mugagabea amaitu zela. Errautsek izan dute itzaltzeko astirik, baina bueltan bizitze aldera egin dute. Fiskaltzaren erabaki batek hauspotu du egoera: lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du greba egun batean auzipetutako hiru gazteren aurka. Desordena publikoak eta agintaritzaren kontrako atentatua egotzi dizkie fiskaltzak. Ez dira Tubacexeko beharginak, greba batean horiei babesa adieraztera bertaratutako hiru gazte baizik.

Iazko martxoaren 25eko piketeengatik auzipetu dituzte, hain zuzen. Otsailean hasi zuten Tubacexeko langileek mugagabeko greba, eta martxoan manifestazioak egin zituzten. Martxoaren 25ean, Amurrioko Saratxo industrialdean (Araba) bildu ziren grebalariak eta horiekin bat egiten zutenak. Suzko barrikada bat piztu zuten hainbat gurpilekin, fabrikaren sarrera parean. Ertzaintza han izan zen, eta, borrak zein foam pilotak erabiliz, hainbat pertsona zauritu zituzten.

Fiskaltzak argudiatu duenez, hiru gazteek «bake publikoa asaldatzeko helburuarekin» jardun zuten mobilizazio horretan, «batera eta adostasunez». Identifikatu gabeko «bostehun pertsona inguruk» ere lagundu zieten.

Orotara, lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak. Batetik, bi urte eta hamar hilabeteko desordena publikoagatik; bestetik, urtebete eta bederatzi hilabetekoa agintaritzaren aurkako atentatuagatik. Oraindik jakiteko dago noiz egingo duten epaiketa, Arabako Auzitegian. Abokatuek Aiaraldea hedabideari jakinarazi diotenez, litekeena da prozedura hainbat hilabetez luzatzea.

Fiskaltzaren eskaerak ez dira hor amaitzen: hiru ertzaini 756 euro (252 bakoitzari) ordaintzea ere eskatu die, «eragindako lesioengatik». Gainera, fiskaltzak nahi du gazteek ordaintzea Ertzaintzaren materialek eta Tubacexeko zuzendaritzaren autobusek izandako kalteak —ez du zehaztu guztizko zenbatekoa—.

«Coca-cola lata huts bat»

Aurretik ere, iazko ekainean, Amurrioko epaitegian deklaratu zuten hirurek, aipatutako delituak egotzita. Deklaratu baino egun batzuk lehenago, Aiaraldea-k gazte bat elkarrizketatu zuen. «Coca-cola lata huts bat botatzea eta Instagramen bideo bat argitaratzea leporatzen didate. Uste dut neurririk gabekoa dela akusazioa; ez dago orekarik egindakoaren eta leporatu didatenaren artean. [...] Nire iritzia da, ikusita langileen aurka ezin dutela ezer egin, haiek babesten ari garenon aurka jo dutela, elkartasuna jaso ez dezaten», azaldu zuen.

LABek gogor salatu du fiskaltza. Gazteen aurkako «akusazioak eta inputazioak bertan behera» uzteko eskatu du, bai eta edozein langilerenak eta piketeetan eta manifestazioetan parte hartu zuen edozeinenak ere. Izan ere, Ertzaintzak lau langile atxilotu zituen greba mugagabearen harira, eta horien auziak irekita daude oraindik ere. Hori ez da bakarra: «isun oldeak» ere jaso dituzte langileek, Tubacexeko lan batzordearen arabera.

Urte eta erdi egin behar da atzera grebaren arrazoia jakiteko: iazko otsailean, enpresak iragarri zuen Amurrioko eta Laudioko 150 langile kaleratuko zituela, eta gainerakoak (600 inguru) aldi baterako erregulazioan jarriko zituela. Jarraian hasi zuten langileek mugagabeko greba. Kaleratzeak 129ra murriztu zituen enpresak, baina lan erregulazioa mantendu zuen, nahikoa lanik ez zutela eta.

Langile batzordeak helegitea jarri, eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion uztailean:lan erregulazioa indargabetu eta 129 langileak berrito kontratatu zituen Tubacexek. Enpresak helegitea jarri zion epaiari, eta hura kentzeko modu bakarra langileek neurri estruktural gogorrak onartzea zela azaldu zuen. Azkenean, 236 egunen ostean, langileek urrian amaitu zuten greba, enpresarekin egindako negoziazioetan akordioa lortuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.