Txinak tasak jaitsi ditu, moteltzen ari den ekonomiari eutsi nahian

Ustekabeko erabakian, 0,10 puntu beheratu ditu urtebeterako tasak, %2,75era. Kutsaturik gabeko estrategiak barne kontsumoa zamatzen du oraindik ere, eta etxebizitzen krisia ere ez da apaldu

Oinezkoak, Pekin hiriburuko kale batean. MARK R. CRISTINO / EFE.
Irune Lasa - Julen Otaegi
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun

Munduko beste zonetan baino gutxiago, baina Txinan ere prezioen igoera antzeman dute azken hilabeteetan. Hala ere, inflazioa baino kezka handiago bat dute Asiako herrialdeko agintariek, politikoek zein ekonomikoek: ekonomiaren motelaldia. Hortik ulertu behar da Txinako banku zentralak atzo interes tasa giltzarri batzuk apaldu izana, munduko beste ekonomia nagusietan tasak igotzen dauden bitartean.

 

Txinako Herritarren Bankuak egindako jaitsiera txikia izan da, oinarrizko 10 puntukoa, %2,75eraino, urte beterako maileguentzako interes tasetan. Eta ustekabean harrapatu du jende asko; besteak beste, hiru egun lehenago horrelako jaitsierak baztertu zituelako Txinako Alderdi Komunistako Batzorde Zentralaren egunkari ofizialak.

Baina iritzia aldatu dute agintariek, ziurrenez, ikusita ekainean hainbat aldagaitan ikusitako suspertzea uztailean ezerezean gelditu dela. Atzo jakindako datuen artean, industria ekoizpenarena: uztailean %3,8ko igoera izan zuen (urte artekoa), ekaineko %3,9ko gorakadaren azpitik, eta analistek inkestetan uztailerako esperotako %4,6ko igoeraren oso behetik.

Esportazioen datuak, berriz, onak dira: %18ko urte arteko hazkundea izan dute, baina kezka hor dago, esportazioak ere apaldu egin daitezkeelako, munduko ekonomiak atzeraldian sartuz gero. Beherakada hori konpentsatuko lukeen barne kontsumoa oso ahula da orain Txinan.

Ez dira garai onenak Txinaren jardun ekonomikoarentzat, ezta txinatarren poltsikoentzat ere. Hilabete gutxi batzuk igaro dira martxoan hainbat hiritan konfinamendu zurrunak ezarri zituztenetik; besteak beste, Shanghain. Kutsaturik gabeko estrategiak produkzioan ez ezik, salmentetan ere izan du eraginik. Txikizkako merkataritza aurreikusitakoa baino gutxiago goititu da; uztailean %5eko hazkundearen esperoan, salmentek %2,7 besterik ez dute egin gora, ekainean baino 0,4 puntu gutxiago.

COVID-19ari aurre egiteko politikek ekonomiaren balazta zapaldu dute, eta Txinari abiadura hartzea kostatzen ari zaio. Ekainetik uztailera 0,1 puntu egin du behera langabeziak, %5,4ra. Ordea, 16 eta 24 urte arteko gazteen artean, tasa hori inoizko altuena da egun: %19,99koa.

Higiezinen arazoa

Txikizkako salmentek apur bat gora egin bai, baina etxebizitzenak dezente erori dira uztailean: %28,8. Martxo aldeko konfinamenduen ostean, bazirudien higiezinen sektorea berreskuratzeko bidean zela. Txinako eraikuntza enpresa handienetako baten arabera, hondoa jo ostean hobera besterik ezingo zukeen egin, nahiz eta horretarako denbora behar izan.

Goiz da aurreikuspen horiek egia diren esateko, baina etxebizitzen salmentak laurden bat baino gehiago jaitsi dira ekainetik uztailera bitartean. Hilabete horretan, ekainean baino gutxiago saldu ohi da, baina halako beherakadak erakutsi du erosleak jada ez direla fida eraikuntza enpresetaz.

Izan ere, gauza bat da etxebizitza bat erostea, eta bestea izatea. Erosle askok denbora dezente daramate itxaroten enpresa eraikitzaileek eraikinak noiz amaituko —eta, bien bitartean, berdin-berdin ordaintzen jarraitu behar dituzte bankuko maileguak—. Batzuk erabaki dute nahikoa denbora daramatela ez duten zerbaitengatik ordaintzen, eta kalera irten dira, boikot egitera.

Ekainaren amaieran ekin zieten protestei Txina hego-mendebaldeko Jiangxi probintzian. Baita zabaldu ere: hilabete baten buruan, herrialdeko ehunka lagun batu zitzaizkien. Bankuei zor dietena ez ordaintzea da horien mehatxua; Eraikuntza geratzen da eta hipoteka geratzen da!, zioten Hubei probintziako Wuhan hiriburuko protesta bateko hainbat kartelek, joan den uztailaren amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.