Pakistango lehen ministro ohia atxilotzeko agindu dute, mehatxuak egitegatik

Debekatu egin dute Imran Khanen hitzaldiak zabaltzea, «gorrotoa hauspotzea» egotzita. Gobernuburu ohiak salatu du «nazioarteko konspirazio bat» dagoela

Imran Khan, Pakistango lehen ministro izandakoa, larunbatean Islamabaden egindako manifestazioaren amaieran. SOHAIL SHAHZAD / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Atxilotze jakinarazpena jaso zuen atzo goizean Pakistango lehen ministro ohi Imran Khanek, «terrorismoaren aurkako legea» baliatuta. Zehazki, larunbatean Islamabaden egindako manifestazio baten amaieran epaile bat eta poliziaburuak «mehatxatu» izana egozten diote. Atzo, berriz, komunikabideak arautzeko erakundeak debekatu egin zuen haren hitzaldiak zabaltzea, estatuko instituzioen eta agintarien aurkako «gorrotoa hauspotzen» dutelakoan. Khanen abokatuek salatu dute gezurrezkoak direla haren aurkako akusazioak, eta haren alderdia desegitea dutela helburu. Atzo, lehen ministro ohiak auzitegiei eskatu zien utz dezatela baldintzapean aske.

Khan apirilean kendu zuten kargutik, konfiantza mozio bat galdu ondoren, eta, geroztik, hainbat manifestazio bultzatu ditu, salatzeko bere aurkako «nazioarteko konspirazio bat» dagoela. Joan den larunbateko protestaren ostean, lehen ministro ohiak iragarri zuen salaketa bat aurkeztuko zuela zenbait poliziabururen eta epaile baten aurka, atxilotua eta ustez torturatua izan den alderdikide baten auziarekin lotuta.

Shahbaz Gilli buruz ari zen Khan. Hilabete hasieran atxilotu zuten Gill, telebista agerraldi batean soldaduei eskatu zielako ez zitzatela bete armadaburuen «legez kanpoko aginduak». ARY telebista katean egin zituen adierazpenok, eta segurtasun indarrek berehala eten zuten emanaldia. Gill, berriz, traizioa leporatuta atxilotu zuten —heriotzarekin zigortzen dute Pakistanen delitu hori—.

Gobernuburu izandakoaren esanetan, nazioarteak eta segurtasun indarrek «antolatua» zen apirilean bere aurka egindako konfiantza mozioa. Nazioarteko konspirazioa aipatzen duenean, AEBez ari da Khan. Lehen ministro ohiak harreman ona zuen Donald Trumpen gobernuarekin: besteak beste, hark babesa agertu ziolako Indiarekin Kaxmirren kontrolaren harira duen auzian.AEBetan estatuburua aldatzearekin batera, ordea, bi estatuen jarrerak urrunduz joan ziren; Khanek berak Ekialderako joera agertu zuen nazioarteko harremanetan, eta Txinarengana eta Errusiarengana gerturatu zen.

Iaz, Khanek gogortu egin zuen Washingtonen aurkako diskurtsoa, eta ekainean iragarri zuen ez zuela «inola ere» baimenduko herrialdean AEBetako militarrak egotea, nahiz eta horien helburua izan Afganistanen «terrorismoaren aurkako operazioak» egitea. Urte bereko abuztuan, berriz, txalotu egin zituen talibanak, «esklabotzaren kateak» hautsi eta Afganistanen gaineko kontrola hartu zutelako.

Jarraitzaileen babesa

Khanen aurkako atxilotze aginduaren berri izan bezain laster, haren ehunka jarraitzaile lehen ministro ohiaren etxe aurrean bildu ziren, babesa agertzeko. Izan ere, kargua kendu dioten arren, gobernuburu izandakoak sostengu zabala du oraindik ere. Joan den hilabetean, PTI Pakistango Justiziaren Aldeko Mugimenduak, haren alderdiak, gehiengoa eskuratu zuen Punjab eskualdeko parlamenturako bozetan, agintean den PML-N Pakistango Musulmanen Ligari aurrea hartuta.

Khan 2018an heldu zen agintera. Ordu hartan, haren aurkariek salatu zuten hainbat urtez herrialdea kontrolatu zuten armadaburuen babesari esker lortu zuela bozak irabaztea. Legealdiaren amaiera gerturatu ahala, baina, armadarekin zituen harremanak garraztuz joan dira. Horrez gain, oposizioak leporatu dio ekonomia oker kudeatu izana.

Khanen aurkako salaketak okerragotu egin du krisia. Inflazioa inoizko handiena da Pakistanen, eta erregaiaren eta argindarraren prezioak nabarmen garestitu dira. Horrez gain, herritar gehienak ez datoz bat gobernuaren kudeaketa hartu duen hamahiru alderdiko koalizioarekin, eta gero eta ozenagoak dira bozak aurreratzearen aldeko hotsak.Khanek berak ere nahi du hauteskundeak aurreratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.