Ulmak bazkideei esan die Gabonen aurretik bozkatu nahi duela irteera

Uste du Mondragonek entzungor egiten diela bere proposamenei, eta ez duela bide propioari ekitea beste aukerarik. Arrasateko korporazioak harreman berezia nahi izatea egotzi die Ulmari eta Oronari

Ulma Packagingen lantegia, Oñatin (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
aitor biain
Oñati
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Askatasunik gabe eta baztertuta. Hala ikusten du bere burua Ulmak Mondragon korporazioaren barruan. Oñatiko (Gipuzkoa) kooperatiba taldeak uste du korporazioak entzungor egiten diela bere eskakizunei, eta, beraz, bide propioari ekin beste aukerarik ez duela azaldu die bazkideei egunotan egiten ari diren batzarretan. Bazkideei proposatu die Gabonen aurretik bozkatzea Arrasateko kooperatiben saretik irteteko aukera.

Izan ere, korporazioaren egungo kudeaketa ereduarekin, Ulmak arriskuan ikusten ditu bere nortasuna eta etorkizuna. Horren adibidetzat jarri du datorren astean Mondragonek egin asmo duen urteroko kongresua. Laboral Kutxak korporazioarekin dituen harreman ekonomikoei buruzko txosten bat bozkatuko dute. Txostenak jasotzen du egokitu egingo direla finantza erakundeak kooperatiben arteko funtsean egin beharreko ekarpenak, etorkizuneko arazoak eragozteko.

Proposamenak «aldaketa garrantzitsuak» jasotzen ditu, Ulmak langileei azaldu dienez, baina ez dute argitu nola eragingo dion Oñatiko kooperatiba taldeari. Edonola ere, ez Ulma, ez Orona ez datoz bat txostenarekin. Are gehiago, bazkideei azaldu die Mondragonek ez duela eztabaidatu nahi izan edukiaren inguruan, eta ez dituela haien iritziak entzun. Prozesua azkarregi egin izana ere egotzi diote korporazioari, jakinda aski denbora izan duela horretarako.

Haustura handi bat eragin du horrek bi kooperatiben eta korporazioaren artean, eta lehendik zabalik zegoen arrakala are gehiago handitu du; izan ere, lehendik datoz desadostasunak. Ez ziren ados jarri diru kontuetan, esaterako, 2016an, Fagor Etxetresnen porrotaren ondoren egin zuten berregituraketa prozesuan. Orduko hartan, Ulmak eta Oronak erabaki zuten ez parte hartzea enpresen arteko elkartasun funtsean, eta funts propioak lehenetsi zituzten.

Ulmari dagokionez, hala ere, Mondragonekin izan duen harremana gorabehera handikoa izan da hasieratik. 1990eko hamarkadaren hasieran, talde kooperatibo propioa izatea lehenetsi zuen, eta korporazioan ez sartzea erabaki zuen; 2002an batu zen kooperatiben sarera, eta dibisio propioa izan du ordutik, nahiz eta taldea negozio eredu erabat desberdineko enpresek osatzen duten (eraikuntza, packaging-a, forjaketa, logistika…). Eredu propioa landu du hasieratik, eta bereizgarritasun hori ez galtzea ere bada Oñatiko kooperatibaren beste argudioetako bat.

Mondragonentzat, aitzakiak

Kudeaketa ereduen inguruko arrazoiak ezagun zaizkio korporazioari. 2008an Irizarrek eta Ampok Mondragonetik ateratzea erabaki zutenean ere, antzeko arrazoiak erabili zituzten. Kudeaketa eredu desberdina zutela argudiatu zuten bi kooperatibek, eta kexu azaldu ziren erabakiak hartzeko arintasun falta zutelako. Korporazio barruan dibisio propio bat ere osatu zuten biek, eredu propioa zela eta: Goikide. Baina eredu horretan sakontzeko nahiak desadostasunak sortu zituen korporazioaren barruan, eta horregatik erabaki zuten korporaziotik ateratzea, besteak beste.

Horregatik, hain zuzen, Mondragonek uste du kudeaketa ereduarena eta kongresuko txostenarena aitzakiak baino ez direla; finean, bi kooperatibek zera eskatzen baitute: beste harreman bat izatea korporazioarekin, egungoaren aldean askoz ere malguagoa izango dena, eta desberdina gainerako negozioek dutenarekin alderatuta.

Izan ere, korporazioko iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, datorren astearteko kongresua azken urteetako «sinpleena» izango da; bertan erabakiko dena gauza «tekniko bat» izango da, eta ez die zuzenean eragingo bi kooperatibei. Gainera, kooperatiba guztien eta korporazioko organoen oniritzia jaso ondoren eztabaidatu eta bozkatuko dute.

Iturri horien arabera, korporazioak ez du Ulmaren eta Oronaren asmoen berri jaso oraindik, ez behintzat «modu ofizialean». Eta kongresuan ere ez dute gaia hizpide izango. Hala ere, bi kooperatibek Arrasateko sarearen barruan segitzea nahiko luke korporazioak, eta hala izateko lanean ari dira. Hori bai, ezinbesteko baldintza da kooperatiben arteko harreman moduak eta korporazioko organoen erabakiak errespetatzea.

Hain zuzen, Mondragonek dio 2016ko kongresuaz geroztik kooperatibak «burujabe eta autonomo» ideia hartu zutela ildo nagusitzat; jarduteko eta kudeatzeko modu berriak onartu zituztela. Korporazioaren egitura ere moldatu zutela, dibisioei garrantzi handiagoa emanda, eta harrezkero egitura soilagoa duela taldeak. Ulmak eta Oronak ere hala izatea erabaki zutela gogoratu du Mondragonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.