Brasilen etengabe ari da handitzen indarkeria; iaz, 175 lagun hil zituzten, eguneko

Poliziaren eskuetan hiltzen diren zibilen kopurua %21,4 hazi da urtebetean. Iaz, 60.018 emakume bortxatu zituzten; eta 1.133 hil, indarkeria matxistaren ondorioz

Marielle Franco giza eskubideen ekintzailearen hilketaren kontrako elkarretaratzean, Rio de Janeiron. ANTONIO LACERDA / EFE
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Marielle Franco hil zutela bost hilabete beteko dira datorren asteartean. Rio de Janeiroko Joan Paulo I.a etorbidetik zihoan, autoan, eta beste auto bat parean jarri zitzaion, eta tirokatu egin zuten. Franco hiriko zinegotzia zen. Baina ez hori bakarrik. Beltza zen. Feminista. Lesbiana. Eta giza eskubideen aldeko ekintzaile ezaguna. Rioko Mare favelan jaio zen. Eta, 38 urterekin, haren etorkizun politiko oparoa ere hil zuten.

Haren heriotzak oihartzun handia izan zuen mundu zabalean, baina, hala ere, argitzeke dagooraindik ere nork eta zergatik hil zuen. Rio de Janeiron militarrak hedatu eta hilabetera hil zuten, eta ekintzailea oso kritiko agertu zen gobernuaren neurri horrekin. Francoren gertukoek uste dute ahots kritikoak isilarazteko eta giza eskubideen ekintzaileak kikiltzeko kanpainaren ondorio izan zela haren hilketa. Andreza Jorgek laguna zuen, eta argi dauka sinbolo bat zelako tirokatu zutela: «Erresistentzia gerarazteko mezu bat izan zen». Helena Edir Vicente Mareko Sareak gizarte taldeko sortzailea iritzi berekoa da: «Marielle erreferente bat zen, ikono bat, eta, gogorra izan bada ere, saminak indartu egin gaitu; haren borrokarekin jarraituko dugu. Inork ez gaitu isilaraziko».

Mare favelan 140.000 lagun bizi dira. Hiri handiko auzo txiroen multzorik handiena da. Han, indarkeria bizitzaren parte bat da. Michel Temer presidenteak militarren eskuetan utzi zuen hiria urte hasieran, otsailaren 16an sinatu zuen dekretua, eta, ordutik, %37 ugaritu dira tiroketak. Egiaren Herri Batzordeak emandako datuen arabera, urtarrila eta ekaina bitartean 4.005 tiroketa izan dira, eta martxotik ekainera 507 lagun hil dituzte. Mariella Franco zen horietako bat.

Gerra batean bezala

Brasilen gerran dauden herrialdeetan baino zibil gehiago hiltzen dira indarkeriaren ondorioz. Iaz,63.880 lagun hil zituzten, eguneko 175, zazpi lagun ordu oro. Segurtasun Publikorako Brasilgo Foroa gobernuz kanpoko erakundeak egindako txostenaren arabera, %2,9 ugaritu ziren iaz heriotzak aurreko urtearekin alderatuta. Poliziaren eskuetan hiltzen diren zibilen hazkundea da handiena: urtebetean %21,4 hazi da. 2017an, 5.144 zibil hil zituzten poliziek, eguneko hamalau.

Paradoxikoa bada ere, indarkeriari aurre egiteko eratzen den indarkeria bera da bortizkeriaren jatorria. Talde kriminal antolatuak, narkotrafikatzaileak, miliziak eta paramilitarrak daude indarkeria ekintzen atzean, eta herrialdea militarizatuta egoteak ere zerikusi zuzena du indarkeriaren etengabeko hazkundearekin.

Samira Bueno gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari exekutibo eta soziologoaren hitzetan, bortxaren erabilera gero eta bortitzagoa da: «Munduko hamar herrialderik basatienen artean dago Brasil». Herrialdearen iparraldean edo hegoaldean, baina, zeharo ezberdina da egoera. Sao Paulon, estaturik aberatsenean, 100.000 biztanleko 10,7 hilketa daude. Rio Grande do Norten, 68. Berez, hamabi estatutan egin du gora indarkeriak, herrialde osoko datuei erreparatuta behera egin baitu hilketen kopuruak.

Emakumeak dira, beste behin ere, indarkeriaren biktima nagusiak. Iaz, 60.018 emakume bortxatu zituzten, aurreko urtean baino %9 gehiago. Indarkeria ekintzetan, 4.539 emakume hil zituzten orotara, horietatik 1.133 indarkeria matxistarekin lotuta.

Hauteskundeen atarian

Marielle Francok Brasilen urrian egitekoak diren bozetan lehiatzeko aukera zuela esatea asko esatea da, baina, inork ez du zalantzan jartzen etorkizun politikoa zuela. PSOL Sozialismoa eta Askatasuna alderdiko kidea zen, eta ezkerraren aukera bat izan zitekeen, bereziki eskuin muturraren gorakada aintzat hartuta. Jair Bolsonaro senatari eta militar ohia gora egiten ari da, eta, besteak beste, militarrei eskumen handiagoa emateko prest agertu da.

Ezkerraren higadura, dena den, ez da erabatekoa. Luiz Inacio da Silva apiriletik kartzelan badago ere, bozak irabazteko faborito da oraindik ere; botoen %30 eskuratuko lituzke. Lula gabe, baina, tortura defendatzen duen kapitain ohia da faborito. Bolsonarori botoen %17a ematen diote inkestek. Ondoren, Marina Silva ekologista (%13), Ciro Gomez laborista /%8) eta Gerardo Alckmin sozialdemokrata (%6) daude.

Hamahiru hautagai lehiatuko dira, eta horietako batzuk lehen eztabaida saioa egin zuten herenegun telebistan. Langabezia izan zuten hizpide, baina herrialdeak baditu bestelako mamuak ere. Hogeita bat urtez luzatu zen diktaduraren ostean lehen bozak egin zirenetik, 1985etik, hauteskunderik lausoenak izango dira urrikoak. Brasil bidegurutzean dago. Eta militarrak boterera itzuliko ote diren da mamu beldurgarriena. Diktadurak 434 hildako eta desagertu eragin zituen, eta militarrek, euren burua babesteko, amnistia legea onartu zuten boteretik at geratu aurretik.

Brasil memoria historikoan oso atzetik dago beste herrialdeekin alderatuta. Dilma Rouseffen kontrako impeachment-a gauzatu zenetik, eskuinera lerratu den herrialdea are gehiago makurtuko den ikusteko dago orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.