Ehunka pertsona hil dituzte Afganistango Ghazni hirian, lau eguneko erasoaldian

Talibanek joan den ortziralean hasi zuten Kabul hegoaldeko hiria hartzeko ahalegina. Gobernuak espero du egoera «nabarmen» aldatuko dela gaur

Ehunka pertsona hil dituzte Afganistango Ghazni hirian, lau eguneko erasoaldian.
mikel rodriguez
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Heldu den udazkenean hamazazpi urte beteko dira AEBek Afganistan inbaditu eta talibanak boteretik kendu zituztenetik. Hamazazpi urte geroago, ordea, muturreko mugimendu erlijiosoak erasoan jarraitzen du, probintzietako hiriburuak arriskuan paratzeraino. Joan den ortziral goizaldean hasi zuen Ghazni hiria hartzeko erasoaldia, eta, Afganistango Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, gutxienez 325 lagun hil dituzte borroketan orduz geroztik. Egoera nahasia da, bertzeak bertze, hiriko komunikazioak moztuta daudelako. Defentsa Ministerioak atzo erran zuenez, espero zuen egoera gaurko «nabarmen» aldatzea armadaren alde, mila soldaduko errefortzu bat jaso zutelako. Hedabide batzuek Ghazniko herritarrak iturritzat aipatuta argitaratu zutenez, ordea, talibanek hiriko hainbat gune estrategiko mantentzen zituzten atzo.

Talibanek adierazi zuten Ghazniko espetxea eta Poliziaren egoitza nagusia kontrolpean zituztela, baina Wais Ahmad Barmak Barne ministroak atzo prentsaurreko batean erran zuen hori «gezurra» zela. «Ez dituzte inoiz hartu kontrolpean». Martin O'Donnell NATOk Afganistanen duen misioko bozeramaileak, berriz, gutxietsi egin zuen talibanen erasoaldia. «Taktikoki, operazio gaitasun aldetik, eta estrategikoki, talibanek ez dute deus lortu eraso honekin; titulu deigarri bat bakarrik, baina eraginik gabe».

Herritarrak, ihes egin nahian

Dena den, bertzelakoa da erasoaldiak igorri duen irudia, Afganistango Gobernuak eta NATOk berak jakinarazi baitute handia izan dela hildako kopurua, eta baliabide handiak erabili dituztela muturreko islamistei aurre egiteko. Tariq Xah Bahrami Defentsa ministroak eta Barmak Barne ministroak emandako datuen arabera, 195 taliban hil dituzte joan den ortziralaz geroztik; estatuko indarrei dagokienez, ehun inguru dira hildakoak, horietako 70 poliziak; eta hildako zibilak, berriz, 30 dira. Afganistango indarrek AEBen eta nazioarteko bertze indarren laguntza izan dute. O'Donnell jeneralak atzo erran zuenez, 24 bonbardaketa egin dituzte Ghaznin, gehienak herenegun, eta 140 taliban inguru hil dituzte.

Bertzelako testigantzek ere egoera larriaz ohartarazi dute. «Denek nahi dute bideren bat aurkitu hiria uzteko», adierazi zion AFP agentziari Fayeza Fayez kazetari eta Ghazniko herritarrak igande arratsean, hiritik alde egin berritan. «Jende gehiena sotoetan ezkutatuta dago, borrokak karrikaz karrika gertatzen ari diren bitartean». NBE Nazio Batuen Erakundearen giza laguntzarako bulegoak ere adierazi du «familia anitz» daudela etxeetan ezkutatuta. «Hiriak 270.000 biztanle ditu, oinarrizko telekomunikazio sareak eta argindarra moztuta daude, eta horrek eragina izan du ur horniduran. Elikagai eskasia ere badagoela erran digute».

Talibanen erasoaldiak bertze behin agerian utzi du herrialdearen egoera ezegonkorra. Kabuldik Ghaznira bi ordu baino ez daude autoz, eta Kandaharrerako errepidearen erdian dago. Afganistango hiririk handienetan bigarrena da Kandahar, eta, talibanek Ghazni hartuz gero, hiriburutik bereiziko lukete.

Kabuldik bi ordura

AEBek 2001ean kendu zituzten talibanak boteretik, Irailaren 11ko atentatuengatik mendeku hartzeko —Osama bin Laden Al-Qaedako burua ustez Afganistanen baitzegoen, haien babespean—. Horren ondotik, NATOk ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarra izeneko misioa hedatu zuen Afganistanen, talibanei aurre egin eta ondorengo agintariei armada eta Polizia eratzen laguntzeko. ISAF 2014an desegin zen, baina atzerriko tropek ez dute herrialdea utzi, eta, ISAF joan ondoren, talibanek ordura arte egin ez zutena egin dute hainbat aldiz: probintziatako hiriburuak hartzen saiatu. 2015ean, iparraldeko Kunduz hiria egun batzuetan kontrolpean eduki zuten, eta, iaz, berriz ere eraso zioten helburu berberarekin. 2016an, berriz, Uruzgan probintziako Trinkot hiriburuan sartu ziren, setiatuta eduki ondoren, eta gauza bera egin zuten Helmandeko Laxkargah hiriburuan.

Ghazni izan da zerrenda horretako azkena, eta, bertze behin, kolokan gelditu da elkarrizketa prozesu bat hasteko aukera.Afganistango Gobernuak uztail hasieran egin zien elkarrizketarako eskaintza talibanei, eta joan den hilean bertan AEBetako ordezkariekin ezkutuan elkartu ziren Qatarren.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.