Petronor ziur dago aurrerantzean ere Kutxabank akziodun izango dela

Muskizko findegiko presidentearen esanetan, finantza erakundeak «inoiz ez du asmorik izan konpainiatik ateratzeko». 30 milioi inbertituko ditu findegian, egoitza berria prest egoteko 2020rako

Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidentea —ezkerretik bigarrena—, atzo, Petronorren egoitzan, eraikin berriaren irudiari begira. PETRONOR.
Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Kutxabankek enpresa esanguratsuetan dauzkan akzioak saltzeko daukan estrategiaz galdetuta, beldurrik ez daukala azaldu du Petronorreko presidenteak, Emiliano Lopez Atxurrak. «Kutxabankek ez du inoiz borondaterik eta asmorik izan konpainiatik ateratzeko», adierazi zuen atzo Lopez Atxurrak Muskizen (Bizkaia), Petronorren egoitza nagusirako eraikin berriaren proiektua aurkezteko ekitaldian. Esplikatu zuenez, iturri zuzenekoak ziurtatu dio finantza erakundea Petronorreko akziodun izango dela aurrerantzean ere, Gregorio Billalabeitiak berak, Kutxabankeko presidenteak —%14,02ren jabe da gaur egun, eta gainontzeko %85,98 Repsolenak dira—. Lopez Atxurrari esan dionez, «borondate irmoa» dauka Petronorren jarraitzeko, «harreman erraza eta erosoa» daukatelako.

Enpresen arriskuek bankuari ez eragiteko asmoz, bankuak akzioak saldu eta parte hartzeak txikiagotu ditu jabetzaren zati bat zeukan hainbat talde industrialetan: besteak beste, Enagasen, Deolon, Iberdrolan, Informatica de Euskadin, Ingeteamen, Itineren, NH Hotelesen, Talden eta Zeltian. Oraindik ere, Kutxabankek parte hartze handiak ditu Euskaltelen (%21), CAFen (%14,05), eta Repsolen (%14,02).

Azken hiru konpainia horietan ere finantza erakundeak desinbertsioak egin ote ditzakeen galdetuta eman zuen Petronorreko buruak Billalabeitiaren asmoen berri. Berretsi zuen Kutxabankek eta haren kontseilariek «posizio indartsua eta aktiboa» daukatela konpainiaren barruan, eta «babes handia» ematen diotela Petronorren proiektuari, «bai oraingoari, bai etorkizunekoari».

Akziodunak, burujabeak

Edonola ere, Lopez Atxurrak argi utzi zuen finantza erakundea, beste edozein akziodunen moduan, «burujabea» dela bere akzioekin egoki deritzona egiteko. «Kasualitatez eta bere arrazoiengatik» Kutxabankek etorkizunean bere akzioekin beste zer edo zer egitea erabakiko balu, «ni ez naiz inor inori ezer esateko». Hori bai, Petronorreko presidenteak nabarmendu zuen Repsol dela Petronorren «akziodun nagusia eta nabarmenena», eta hark «apustu sendoa» egina duela Petronorren alde, eta haren babesa «ondo lotuta» dagoela.

Adierazpenok Petronorren proiektu berriaren aurkezpenean egin zituen Lopez Atxurrak atzo. Petrolio findegiak 30 milioi euro inbertituko ditu egoitza berria eta prestakuntza zentro berria eraikitzeko Muskizko lantegian. Zuzendaritzak espero du instalazio berriak prest egotea 2020ko udazkenerako.

Azaldu zuenez, egoitza berria hiru eraikinek osatuko dute: bulego nagusiek, 1.000tik gora pertsonarentzako jantokiak eta aldagelek. Halaber, Muñatoizko jauregia, bulego nagusien orain arteko egoitza, findegiko langileen prestakuntza zentro berria izango da. Urtero 80.000 prestakuntza ordu baino gehiago antolatzen dituzte, nagusiki segurtasunari eta ingurumenari buruzkoak.

«Emaitza txukunak»

Bulegoen eraikin berriak 3.563 metro koadro izango ditu, eta 178 enplegurentzako tokia izango da bertan. Aldagelen eraikinak, bestalde, 3.300 metro koadroko azalera izango du, bi solairutan, eta 700dik gora beharginek erabiliko dituzte egunero.

Eraikin berrien proiektua azaltzearekin batera, Lopez Atxurrak iragarri zuen 2018ko emaitzak «txukunak» izango direla, «petrolioaren prezioak gorabeherak izan arren findegiak jarduera ona izan duelako». Edonola ere, administrazio kontseiluak urtarrileko bileran aztertuko ditu iazko emaitzak, eta Petronorrek otsailean emango du haien berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.