Noiz sortua: 2019-04-24 00:30:00

Hego Euskal Herriko lan istripuen gorakada ikuskari faltarekin lotu du ELAk

Sindikatuak prekaritateari eta prebentzio faltari egotzi dizkio iaz lanean izandako 67 heriotzak. Erakundeek patronalari presio egin diezaiotela eskatu du ELAk
Peio Igeregi, erdian, atzo ELAk laneko istripuen inguruan eman zituen datuen aurkezpenean.
Peio Igeregi, erdian, atzo ELAk laneko istripuen inguruan eman zituen datuen aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko apirilak 24
AP-68 autobidearen transferentziaren inguruan asko hitz egin da hauteskunde kanpainaren atarian, baina ELAk faltan sumatu du «huts eginiko» lan ikuskaritzaren transferentziaren inguruko eztabaida. Peio Igeregi lan osasuneko arduradunak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak baduen arren lan ikuskaritzaren eskumena, «ikuskari kopurua ez da bertan erabakitzen». Eta behar baino gutxiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Europako Batasuneko batez bestekoa baino 2,5 aldiz gutxiago. Nafarroan ez daukate eskumena, bertako parlamentuan onartutako adierazpen batek transferentzia hori eskatu bazuen ere.

Ikuskari kopurua Europako batez bestekora berdintzeko eskatu du sindikatuak, azken urtean «prekaritateak eta prebentzio neurriek huts egin dutelako». Hainbeste, ELAk emandako datuen arabera, iaz %20 igo baitzen beharrean zeudela hil ziren langileen kopurua. Denera ,67 behargin. Eskandaluzko datuak, Igeregiren arabera. «Terminologia arazo bat dago honen guztiaren atzean, hemen ez baitago zoririk, hemen prebentzio falta dago; prekaritateak eragindako errealitate baten ondorioa da hau guztia».

Sindikatuak patronala egin du egoeraren erantzule, behar adina prebentzio neurri ez hartzeagatik. «Sarkasmo hutsa iruditzen zaigu, era berean, patronalak langileen konpromisoari dei egitea enpresa kultura berriaren izenean; malgutasuna eskatzen duenean, menderatuak izan daitezela eskatzen die langileei». Alegia, Igeregiren arabera, baldintza horiek eskatuta «lan istripuak egon daitezen eragiten dute» enpresariek.

Baina kontuak ez dizkio bakarrik patronalari eskatu, baita erakundeei ere, «enpresariei doan ateratzen zaielako prebentzio neurriak ez betetzea». Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari prebentzioaren arloan ezer egin ez izana leporatu die, eta patronalari presio egiteko eskatu. «Eskatzen dugu aurre egin diezaiotela prekaritatea bultzatzen duen patronalari, ez dezatela babestu eta presio egin diezaiotela prebentzio neurriak ezar ditzaten».

Are gehiago prekaritatea gero eta hedatuago dagoen honetan. Igeregik azaldu duenez, gaur egun egiten diren kontratuen %44k hilabete baino gutxiagoko iraupena daukate, eta, hori konpontzen ez den artean, «zaila izango da laneko istripuei aurre egitea». Izan ere, lanean gertatzen diren ezbeharren herena laneko lehen hilabetean gertatzen dira. Alegia, behin-behinekotasuna eta istripuak lotu daitezkeela. «Beste askotan, gainera, lana galtzearen beldurrez presa eta estresa sortzen dira, eta hori bateraezina da laneko osasunarekin».

Lan istripuak gora

Osalan eta Nafarroako Lan Osasunaren institutuaren aurkako hitzak ere izan ditu Igeregik, «lan istripuak ezkutatzen» baitituzte. Ohikoa izaten da aldea egotea datu ofizialen eta sindikatuek ematen dituzten istripuen inguruko datuen artean, eta 2018koei dagokienez beste horrenbeste gertatu da. ELAk %30eko azpierregistroa atzeman du. Datu ofizialetan, hildako 47 behargin kontatu dituzte, eta 67 ELAk. «Datu ofizialetan ez dira errepidean gertatutako istripu asko kontatzen, eta trafikoko ezbeharrak balira bezala erregistratzen dituzte»; besteak beste horregatik diote azpierregistro bat dagoela. «Ez zaie interesatzen benetako datuak azal daitezen».

Lan gaixotasunei dagokionez ere berdin. «Datu ofizialek ez dute errealitatea erakusten», eta, hala ere, laneko osasun institutuek erregistratutako gaixotasunek %6,5 egin zuten gora iaz. «Laneko gaixotasuna pandemia bat dela esan daiteke». ELAren arabera, «deigarria da estatistika ofizialek ez dutela jasotzen inongo daturik agente kantzerigenoek sortutako laneko gaixotasunei buruz»; kontuan hartuta, gainera, iaz 34 langile hil zirela amiantoaren eraginez sortutako gaixotasunen ondorioz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna