Australiak erreferendumean erabakiko du herri indigena konstituzioan sartuko duen

Indigenen Gaietarako Ministerioak 2022 arteko epea eman du galdeketa egiteko. Duela bi urte, indigenek «sinbolikotzat» jo zuten aitorpen hori egitea

Ken Wyatt Indigenen Gaietarako lehendabiziko ministro indigenak maiatzean egin zuen karguaren zina. LUKAS COCH / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Australiako lehen biztanleak konstituzioan aitortzeko erreferenduma egingo dute datozen hiru urteetan. Hori adierazi zuen atzo Ken Wyatt Indigenen Gaietarako ministroak. Australiako eta Torres itsasarteko uharteetako indigenak milaka urtez bizi izan dira han —1788. urtean hasi zen britainiarren kolonizazioa—, nahiz eta egun biztanleria osoaren %3 diren. Gutxiengoa dira, eta egoera kaltetuan bizi dira.

Wyatten proposamenak abiatu duen kanpainak zeresan handia eman du Canberra hiriburuan. Dena den, joan den astean, Scott Morrison lehen ministro liberala oposizioko laboristekin elkarlanean aritzeko prest agertu zen. Wyatti bidea egiten uzteko asmoa du Morrisonek, legealdi honetan erabaki dezaten konstituzioa erreformatu ala ez.

Maiatzean aukeratu zuten Wyatt ministro lanerako, eta Indigenen Gaietarako Ministerioaren buru egon den lehen indigena bilakatu zen orduan. Jakin badaki «askotariko ikuspuntuak» daudela konstituzioan indigenei aitortza egitearen inguruan. «Alderdi politiko guztietako jendearekin hitz egiteko prest nago, gure komunitateko alderdi guztien iritzia entzun, eta guztiak ados egongo diren puntu bat topatzeko», adierazi zuen. Gaiak zuhurtziarekin jokatzea eskatzen duela aitortu zuen.

Wyattek onartu du «emaitzarik onena» lortzea dela haren asmoa, baina ezin dela ahaztu erreferendum konstituzional batek duen «osagai pragmatikoa». Nahiago du erreferendumaren garaipena utzi «herriaren psikean», porrota baino. Galdeketaren edukia neurtzera eraman dezake horrek.

Erreferendum konstituzionalak nahitaezkoak dira Australian. 1901. urtetik hona, konstituzioa aldatzeko 44 proposamen egin dituzte, eta horietatik zortzik lortu dute herritarren onarpena. Wyattek baino zalantza gehiago ditu Linda Burneyk: «Guztiok dakigu zeinen zaila den Australian edozein gai erreferendum bidez aldatzea». Burney indigenen gaietarako oposizioko itzaleko ministroa da, eta indigena da bera ere. Australian, oposizioko kideek itzaleko deritzon kabinete bat osatzen dute, gobernuaren mugimenduak jarraitu eta alternatibak emateko.

Alderdi Laboristakoa da Burney —alderdiak babesten du erreferenduma—; aldaketaren aurkako kanpaina «itsusi samarra» espero du hark. Halere, uste du australiar gehienak konstituzioa berritzeko «prest» daudela. Erreformaren aldekoek babesten dute indigenen diskriminazioabukatzen lagunduko duela aldaketak, eta identitate nazional inklusiboagoa lortuko duela. Gobernuak egin izan ditu indigenen egoera hobetzeko saialdiak, baina ez du haiek asetzea lortu.

Egun, 23 milioi biztanleren artean, 700.000 dira indigenak. Azken kalkuluen arabera, 1788an britainiarrek kolonizatu zituztenerako, aborigenek 65.000 urte zeramatzaten uhartean bizitzen. Bozkatzeko eskubidea, berriz, 1960ko hamarkadan lortu zuten. 2008. urtean, Australiako Parlamentuak barkamen formala eskatu zien indigenei: «Barkamena eskatzen dugu parlamentu eta gobernuen legeek gure lagun australiarrengan eragin duten atsekabe, min eta galeragatik».

«Sinbolikoa» besterik ez

2017. urtean, 250 buruzagi indigena elkartu ziren uhartearen iparraldeko Uluru herrian, agintariek zer aitorpen egin behar lieketen eztabaidatzeko. Orduan, baztertu egin zuten konstituzioaren erreforma bat proposatzea, «ekintza sinboliko bat» besterik ez zela iritzita. Horren ordez, parlamentuari eskatu zioten talde edo «ahots» bat izan zezaten, konstituzioan jasoa egongo zena. Haien estatusaren inguruko hitzarmen batera iristea zen azken helburua.

Gobernuak atzera bota zuen indigenen proposamen hura, uste baitzuten «saihetsezina» zela parlamentuko «ahots» berri hori hirugarren ganbera baten moduan identifikatzea. Datozen urteetan egitekoa den erreferenduma mamiz betetzea da haien egungo helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.