Petrolio ekoizpena beste milioi erdi upel apaltzea izango du asmo LPEEk

Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak upelaren prezioari eutsi nahi dio. Saudi Arabiak bultzatu du murrizketa. Errusiak eta beste aliatuek ere ekoizpena urritu dezaten saiatuko dira gaur

Abdulaziz bin Salman Al Saud, Saudi Arabiako Energia ministroa, atzo Vienan. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Irune Lasa.
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Defentsiban hartutako erabakia izan da LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko ministroek atzo adostutako gomendioa. Ekoizpena gehiago murriztea nahi dute, ez petrolio garestiago baten bila, baizik eta hurrengo urtean upelaren prezioa ez dadin amildu, eta egungo mailari eutsi diezaion, 60 dolarretik gora eta 70 dolarretatik ahalik eta hurbilen.

IEA Nazioarteko Energia Agentziak berak orain gutxi ohartarazi duenez, LPEEk «erronka handia» izango du datorren urtearen lehen erdian, eskaria mantendu eskaintza asko handitzea aurreikusten baitu: izan ere, batetik, AEBek jarraituko dute petrolio asko ateratzen haustura hidraulikoarekin, nahiz eta haien produkzioaren hazkunde erritmoa zerbait moteldu den. Eta IEAk aurreikusi du Brasilek, Norvegiak eta Guyanak upel gehiago merkaturatu dituztela.

Testuinguru horretan, prezioari eusteko xedearekin, LPEEko herrialdeek beste milioi erdi upel gehitu nahi dizkiete 2016. urtetik indarrean duten eguneko 1,2 milioi upeleko produkzio murrizketari. Eguneko 1,7 milioi petrolio upel horiek datorren martxora arte egongo lirateke merkatutik kanpo, zenbait herrialdek epe luzeagoa nahi bazuten ere.

Dena den, upel gutxiago merkaturatzeko gomendioa erabaki bihurtzea kostatzen ari zitzaien atzo LPEEren barruan, eta lerrook idaztean oraindik ez zuten erabakiaren berri eman ofizialki. Herrialde guztiak murrizketaren neurriarekin ados egon arren, trabatuta zebiltzan bakoitzari egokituko zaion kuota ezartzeko. Hainbat adituren arabera, LPEEko kideak eta haien aliatuak praktikoki jada milioi erdi upel gutxiago ari dira ekoizten urte hasieratik, zenbait arrazoi direla medio.

Errusiaren txanda

Dena den, murrizketa ez da indarrean jarriko ez badu berresten LPEE+ delakoak, zeinak erakundeaz kanpoko beste hamar herrialde aliatu biltzen dituen, horien artean beste handi bat: Errusia. Gaia gaur eztabaidatuko dute, Vienan bertan.

Hori bai, kuotak apaltzeak ez du upelaren prezioan alde handirik egingo ez bada betetzen Saudi Arabiaren beste baldintza: herrialdeek hitzartutakoa betetzea. Horrekin gogor jarri da Vienan Abdulaziz bin Salman Al Saud, Saudi Arabiako Energia ministroa; LPEEko beste herrialdeei jakinarazi die ez duela gehiago onartuko hitzartutakoa ezkutuan hausterik. Besteek ez badute murrizketarik betetzen, baliteke bera ere petrolio gehiago punpatzen hastea; hori iradoki du Saudi Arabiak, zeinak maiz leporatu dien Iraki, Nigeriari eta Errusiari ez dutela betetzen hitzemandakoa.

Gaurko berrespenaren zain, Brent upela 63,5 dolarrera iritsi zen atzo Londresen. Urrun dago LPEEk eta lagunek nahi luketen 80 dolarreko prezio horretatik, baina baita 2016an ekoizleak elkarrekin mobilizatzera eta ekoizpena murriztera bultzatu zituen 40 dolarreko salneurritik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.