Baionako hilerri juduan hamar bat hilobi hondatu dituzte

Gaizkileak identifikatzeko ikerketa abiatu du Frantziako Poliziak. Komunitate juduko lehendakariak «profanaziotzat» jo du erasoa

Baionako hilerri judua, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Baionako Santizpiritu auzoko hilerri juduan hamar bat hilobi suntsiturik aurkitu zituzten joan den igandean. Deborah Loupiens-Suares Baionako komunitate juduko lehendakariak atzeman zituen erasoaren arrastoak. «Asteburuan zehar hilobi batzuk hautsiak izan dira, eta harri zenbait uzkailiak». Loupiens-Suaresek gogorki salatu du ekintza, eta kriminaltzat jo du: «Bandalismo ekintza hau higuingarria da; hilobiak hautsi dituzte, profanazio bat da».

Erasoa nork edo zergatik egin duen azaltzeko ikurrik ez da agertu, baina kalte «handiak» eta «nahita eraginak» izan dira, komunitate juduko lehendakariaren arabera. Lehen aldia da horrelakorik gertatzen dela Baionako hilerri juduan. Loupiens-Suaresek «konfiantza osoa» dauka eginen den inkestan: «Baionako hirian irekidura eta elkarbizitzaren balioak atxiki behar ditugu».

Halaber, sostengu osoa adierazi die hunkituriko familiei. Frantziako Poliziak inkesta bat abiatu du egileak identifikatzeko. Loupiens-Suares: «Gaizkileak atzemanen dituztela eta fermuki kondenatuak izanen direla espero dugu».

Bestalde, iragan ostiralean, pertsona talde bat sartu zen Baionako sinagogara, atea bortxaz irekiz. Auzokide batek Frantziako Polizia deitu zuen, eta, ondorioz, egoitza barnean ez zen hondaketarik gertatu. Marc Marie Baionako prokuradoreak uste du «goizegi» dela hondaketa «ekintza politiko gisa» kalifikatzeko eta bi gertakarien arteko lotura egiteko. Zehaztu du hilerrian bertan ez dela «keinu antisemitarik» agertu eta ez duela inork bere gain hartu hondatzea. Frantziako Poliziak atzo abiatu zuen ikerketa, «hondaketa» kalifikaziopean.

Erasoaren berri ukan eta berehala bertaratu zen hilerrira Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza. Ez zuen jendaurrean hitzik egin. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetak, berriz, sostengua erakutsi zion Baionako komunitate juduari, eta fermuki mintzatu zen urte hasierako diskurtsoan: «Guztiz asaldatzen nau Baionako hilerri juduan gertatu den profanazioak».

EH Baik ere gertatutakoa salatu du sare sozialen bidez: «Gogorki salatzen dugu Baionako hilerri juduan gertatutako profanazioa. Sostengu osoa adierazi nahi diegu komunitate juduari eta senideei». Molde berean, Max Brisson Pirinio Atlantikoetako senatariak (Errepublikanoak) elkartasuna adierazi dio Baionako komunitate juduari, eta hirian historikoki ukan duen leku «bereziaz» mintzatu da. Izan ere, hilerri juduak 4.000 hilobi ditu, Europakohandienetakoa da; zaharrenetakoa ere bada: 330 urte bete zituen iaz.

Meskitaren kontra, urrian

Hilabete gutxian Baionan erasoa izan den bigarren erlijio gunea da hilerri judua. Izan ere, iazko urriaren 28an, gizon batek atentatu islamofobo bat egin zuen Baionako meskitaren aurka: tenpluari su ematen saiatu ondoren, han ziren bi gizoni tiro egin zien, larri zaurituz. 74 eta 78 urteko bi gizonezko ziren, eta ospitalera eraman zituzten. Erasotzailea laster atxilotu zuten Seinautzen (Okzitania), eta preso sartu. Militar ohi bat da, Fronte Nazionaleko hautagai izandakoa; etxean, arma gehiago atzeman zizkioten. Kasua «afera kriminal gisa» ari dira ikertzen, eta, anartean, preso segitzen du akusatuak.

Baionako herritar batzuk bildu ziren kalean abenduaren 15ean, erasoaren aurka sostengu martxa baten egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.