Albistea entzun

Langabezia tasa %8,86ra jaitsi da Euskal Herrian, enplegu gutxi sortu arren

132.400 langabe zeuden 2019ko azken hiruhilekoan, urtebete lehenago baino 9.300 gutxiago. INEk 5.600 lanpostu gehiago zenbatu ditu Hegoaldean
Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2020ko urtarrilak 29

Seigarren urtez jarraian, behera egin du langabe kopuruak Euskal Herrian. INEren eta INSEEren datuak bilduta, Gaindegiak azaldu du 2019ko azken hiruhilekoan 132.400 lagun zeudela lanik gabe Euskal Herrian, urtebete lehenago baino 9.300 gutxiago. Biztanleria aktiboaren %8,86 daude langabezian: tasarik txikiena 2009. urteaz geroztik. Edonola ere, oraindik urrun daude krisi aurreko kopuruak —%6ko tasa 2007an, eta %6,6koa 2008an—.

Langabezia tasak 2013an jo zuen goia, %16,3ra iritsi baitzen urteko batezbestekoan, eta jaitsi egin da orduz geroztik. 2019an, batez beste, %8,77 izan dira lanik gabe, 2018an baino puntu bat gutxiago.

Lurraldez lurralde, alde handiak daude. Gaindegiak kalkulatu duenez, Zuberoak (%4,09) eta Nafarroa Behereak (%4,19) izan zuten langabe gutxien 2019an. Haien ondotik doaz Gipuzkoa (%7,22), Lapurdi (%7,80), Nafarroa (%8,24) eta Araba (%8,28). Bizkaiak eman ditu berriz ere daturik txarrenak (%10,61), nahiz eta lurralde horretan jaitsiera handia izan den, puntu bat baino gehiago.

Aurrekoaren zuzenketa

2019ko azken hiruhilekoa ez da bereziki ona izan lan merkatuarentzat, batez ere Ipar Euskal Herrian (+1.100). Hegoaldeko datuetan gorabehera oso handiak daude, baina 2019ko hirugarren hiruhilekoan jasotako datu bitxiek azaltzen dute gertakari hura. Izan ere, INEk sekulako gorakada izan zuen Araban (%25ekoa), eta jaitsiera handia Gipuzkoan; 2019ko azken hiruhileko inkestak, berriz, orduko datuak zuzendu ditu, eta bilakaera normalagoa erakusten dute orain.

Sei urtean langabezia 7,5 puntu jaitsi arren, Euskal Herriko langabezia tasa Europako Batasuneko batezbestekotik oso gainetik dago (%6,3). Are gehiago: lurralde independente bat izango balitz, EBko kideen artean langabezia tasarik handienetan laugarrena izango luke. Haren gainetik soilik daude Grezia (%16,3), Espainia (%13,8) eta Italia (%10,1). Frantzia ere ez luke urrun izango, %8,7ko langabezia tasa baitu. Langabe gutxien, berriz, Txekiar Errepublikan (%2,2), Alemanian (%3,1) eta Polonian (%3,3) daude.

Okupazioa gora

Langabezia jaitsitakoa baino gutxiago igo da langile kopurua. INEren arabera, 2019. urtearen azken hiruhilekoan 1.221.000 okupatu zeuden Hego Euskal Herrian, urtebete lehenago baino 5.600 gehiago.

ELA ez da gustura azaldu datu horrekin: «Ehunekoetan, %0,46ko hazkundea izan da, 2013tik izandako txikiena. Krisiaren aurreko mailara iristeko, 85.800 okupatu gehiago beharko lirateke. Gainera,enpleguaren igoera txikia lanaldi partzialeko kontratuen gorakadaren ondorio da (+10.000); izan ere, lanaldi osoan lan egiten duten pertsonen kopurua murriztu egin da 2019an (-4.400)».

Ildo horretatik etorri da LABen kritika ere. Gogorarazi duenez, langileen %24,6k aldi baterako kontratua dute: «Europako Batasunean estatu bakarra dago behin-behinekotasun handiagoa duena: Espainiako Estatua (%26,1)». Sindikatu horrek uste duenez, «orokortua eta justifikatu gabea» da «kontratazio prekarioa», sektore pribatuan zein publikoan.

Edonola ere, INEren okupatuen datua ez dator bat langile kopurua neurtzen duten beste estatistika batzuekin. Horrela, joan den astean, Eustatek azaldu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.400 enplegu sortu zirela aurreko urtean; INEk 2.700 gehiago baizik ez ditu zenbatu hiru lurralde horietan.

Gizarte Segurantzak, bestalde, ziurtatu du 25.700 afiliatu gehiago lortu dituztela 2018ko abendutik 2019kora.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jatetxeak itxita eta jende oso gutxi Pekingo kaleetan, maiatzean. ©MARK R. CRISTINO / EFE

OMIKRONAREN KOLPEA

Olatz Urkia

Mundua koronabirusarekin bizitzen hasi den honetan, Txinak ez du bertan behera utzi nahi kutsaturik gabeko estrategia. Eta ordaindu beharreko prezioa altua da. Pandemia hasi zenetik bi urte baino gehiago pasatuta, orain hartu du Txinako ekonomiak kolperik gogorrena.

Kaiet Barberarena, Iholdiko Landaia etxaldean, Kintoa arrazako bere zerrien parkean, joan den ostiralean. ©I.E.

Laborariak kezkatu ditu prezioen goititzeak

Iñaki Etxeleku

Hazkuntzarako kanpoan erosi bazka, ongailu eta erregaien prezioak goratu izanak kinka gaiztoan ezarri ditu laborari franko. Iholdiko Landaia etxaldean ere bai, nahiz autonomia bilatzeak arriskua arintzen dion. Erresilientzia planeko dirua banatzeko Frantziak finkatu arauak, gainera, bazter utzi ditu ehunka etxalde.
Pedro Sanchez, Ministro Kontseilu bereziaren osteko agerraldian. ©Kiko Huesca / EFE

Espainiako Gobernuak 200 euroko txekea emango die errenta apaleko langileei, autonomoei eta langabeei

Irune Lasa

Kotizaziorik gabeko pentsioak %15 igoko ditu, eta garraio publikorako abonuak merkatuko. Pedro Sanchezek energia konpainien irabazien gaineko zerga berria iragarri du. «Gehien lortzen dutenek, ekarpen handiagoa egin behar dute sakrifizio kolektibora».

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, Eusko Legebiltzarrean, gaur. ©Irekia

Europako funtsetatik 1.090 milioi euro jaso dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak

Iker Aranburu

Eusko Jaurlaritza kexu da funtsen banaketa oso motel doalako, eta etsita dago Espainiako Gobernuaren banaketa zentralistarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...