Noiz sortua: 2020-03-27 00:30:00

Koronabirusa. Eragina ekonomian

Milaka lagun geratuko dira lanik gabe: 10.000tik gora hil honetan

Lanbidek 9.000 langabe gehiago zenbatu ditu egunotan. Horiez gain, 100.000 pertsona daude lan erregulazioan. Sindikatuek salatu dute enpresa batzuk «iruzur»egiten ari direla

Krisi mahaiaren bigarren bilera. Sonia Perez, Arantxa Tapia eta Maria Jesus San Jose sailburuak, bideokonferentziaren hasieran.
Krisi mahaiaren bigarren bilera. Sonia Perez, Arantxa Tapia eta Maria Jesus San Jose sailburuak, bideokonferentziaren hasieran. JOSE IGNACIO UNANUE / IREKIA Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko martxoak 27

COVID-19ak hildakoen eta gaixotuen kopuruei aurki batuko zaie lanik gabe geratu direnena. Espero zena beteko da: langabeziak nabarmen egingo du gora. Hala ohartarazi du Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiak. Iragarri duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo arte, 9.000 lagun kaleratu dituzte edo haietako askori amaitu egin zaizkie lan kontratuak. Pertsona horiek ez dira beren lanpostuetara itzuliko —kopuru horretan ez dira kontuan hartzen aldi baterako lan erregulazioengatik lanik gabe daudenak—. Nafarroan, berriz, Lansarek oraindik ez ditu bere datuak eman. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak hurrengo ostegunean aurkeztuko ditu datu ofizialak. Horiek hala, espero da Hego Euskal Herrian 10.000tik gorakoa izatea lanik gabe geratu direnen kopurua hil honen amaieran.

 

«Egoera oso zaila izango da», ohartarazi du Lanbideko arduradunak. Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean eman du langabe berrien kopurua, eta azpimarratu kopuru hori egunez egun «modu adierazgarrian» handitzen ari dela. Etorkizunera begira, «oso kezkatuta» azaldu da, eta nabarmendu du «guztion» beharra izango dela egoerari buelta emateko. «Ahalegin handia egin beharko dute administrazioek, enpresek eta langileek. Baita ikuspegi pertsonaletik ere; adibidez, hurbileko saltokietan erosiz, haiek laguntzeko». Beste sektoreek ere «kolpe gogorra» jasoko dutela adierazi du, eta, hori leuntze aldera, oraingo jarduera «ahal den neurrian» mantentzearen alde azaldu da, «langileen osasun baldintzak errespetatuz».

Hil honen hasieran, 151.214 langabe zeuden Hegoaldean. Otsaila ona izan zen, behera egin baitzuen, aurreko bi hilabeteetako joera hautsiz. Baina geldialdi sintomak ere azaldu ziren, aurreko urteetako otsailekin konparatuta. Martxorik beltzena izango da, beraz, eta oso litekeena da hurrengo hilabeteak antzekoak edo okerragoak izatea. Sekula ikusi gabekoa ere izango da aldi baterako lan erregulazioengatik lanik gabe geratuko direnen kopurua. Egunetik egunera handitzen ari da: dagoeneko, 100.000tik gora.

Azpikontratei adi

Lan erregulazioak sektore guztietan gertatzen ari dira, bereizketarik gabe. Administrazioan gertatzen ari direnak salatu zituzten atzo sindikatuek. Langile publikoei ezin zaie ezarri aldi baterako lan erregulaziorik, baina bai erakundeentzat lan egiten duten azpikontratetako beharginei. ELAk eta LABek salatu dutenez, «iruzur» ugari ari dira egiten enpresa horiek, eta Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta gainerako instituzioei eskatu diete kontrolak indartzeko.

ELAk gogoratu duenez, premiazko neurri ezohikoei buruzko Espainiako Gobernuaren dekretuak ezartzen du zerbitzu baten adjudikaziodun diren enpresek kontratua etetea galdegin dezaketela, baina ohartarazi du arau horrek berak zehazten duela hori ezin dutela egin zerbitzu guztietan. Hala, sindikatuak jakinarazi du administrazio publiko guztietan informazio eskaerak aurkeztuko dituela, kontrata bakoitza zertan den jakiteko, «diru publikoaren kontura enpresa batzuk modu bidegabean aberastu ez daitezen».

ELAk eta LABek adibide gisa jarri dute, hain zuzen, Lan Agintaritzak eskolako jantokietako Eurest enpresaren aldi baterako erregulazio espedientea baztertu izana. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak ixteko agindua eman zuenean —alerta egoeraren dekretua indarrean sartu aurretik—, jangela eta eskola garraioko zerbitzuen enpresa adjudikaziodun guztiak aldi baterako erregulazio dosierrak eskatzen hasi ziren, langileekin «bestelako konpentsazio edo neurri alternatiborik negoziatzeari uko eginez». Sindikatuek enpresei jakinarazi zieten aukera zegoela kontratuak eta soldatak mantentzeko, eta kostua kalte eta galera gisa erreklama zezaketela kontratazio organoen aurrean, lizitazio agirietan hala jasotzen delako eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak hala ezartzen duelako. Salatu dute, baina, enpresek ez zietela jaramonik egin. «Espero dugu datozen egunetan [lan agintaritzaren] ebazpen hau kolektibitateetako gainerako enpresetara zabaltzea, baita gainerako azpikontratetara ere», azpimarratu du LABek.

Bestalde, Nafarroako ELAk eta LABek ohar batean jakinarazi dute lan erregulazioen ordezkaritza batzordeetan parte hartuko dutela langileek ordezkari sindikalik ez duten enpresetan, behargin horien eskubideak bermatzeko. Erabaki horren bidez erantzun diote CCOOren eskaera bati. Hark proposatu zuen enpresa horien kasuak batzorde bakar batean aztertzea. ELAren eta LABen ustez, horrek ez du ziurtatzen enpresa bakoitzaren egoera aztertzea eta langileen parte hartzea.

Albiste gehiago

Martxoaren 30ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 8.225 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 400 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 1.807 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Lantegiak itxita, Basaurin. ©Marisol Ramirez / Foku

Kutsatzeko kezka dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen bi herenek

Berria

Espainiako Gobernuak atzo onartutako dekretua indarrean da, eta funtsezkoak ez diren jardueretan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dute gaurtik aurrera. Urkullu ez dator bat neurri horrekin, ezta patronala ere. Txibitek Sanchez babestu du, baina uste du hobe litzatekeela jarduera ekonomikoa ez geratzea eta erabaki hori malgutzea.

Sidenor enpresako langileak jarduera eteteko eskatzen, aurreko astean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Jaurlaritzak letra txikiari heldu nahi dio gutxieneko jarduera bati eusteko

Xabier Martin

Madrilen azalpen gehiagoren zain dago, baimena nahi duelako enpresei isunik jar ez diezaieten

Ospitale bateko larrialdietako sarrera ©Jon Urbe / Foku

Koronabirusa zuten 400 pertsona hil dira Euskal Herrian, eta 8.225 pertsona kutsatu

Irati Urdalleta Lete

50 pertsona hil dira atzotik, eta 452 pertsona gehiagori atzeman diete birusa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna