Uste baino jaitsiera handiagoa

Nafarroako barne produktu gordina %15,6 txikitu da urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera. Saizek onartu du Jarduera suspertzen ari den arren oso urrun dagoela pandemiaren aurretiko datuetatik

Uste baino jaitsiera handiagoa.
Iker Aranburu - Joxerra Senar
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Aho bizarrik gabe mintzatu da Ela Saiz Nafarroako Ekonomia kontseilaria: «Ekonomiari jotako ukabilkada izugarria da, aurrekorik gabekoa, duela hilabete batzuk aurreikusitakoa baino handiagoa». Kolpea historikoa dela ez dago zalantzarik: Nastat estatistika erakundeak atzo jakinarazitako datuen arabera, apirilaren 1etik ekainaren 30era arte %15,6 txikitu zen jarduera ekonomikoa, BPG barne produktu gordinean neurtuta. Horrenbestez, atzeraldi teknikoan dago Nafarroa ere, urteko lehen hiruhilekoan, konfinamenduaren hasieraren ondorioz, %4,4 uzkurtu baitzen ekonomia.

Pentsatzekoa denez, orain martxan dagoen hirugarren hiruhilekoan hazi egingo da BPGa, itxialdia amaituta jarduera ekonomikoa abiada hartzen ari delako, herrenka bada ere. Dena den, horrek nekez eragotziko du urtearen amaieran jaitsiera bi digitutik gorakoa izatea. Izan ere, urte arteko tasan %18,8 txikitu da ekonomia, eta hurrengo hiruhilekoetan xedea izango da kopuru horrek zerbait hobera egitea.

Nafarroan baino jaitsiera handiagoa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustatek joan den astean aurreratutako datuek diote %16,9 txikitu zela BPGa bigarren hiruhilekoan. Urte arteko tasan zenbakia borobilagoa da:-%20,1.

Saizek gogora ekarri zuenez, bigarren hiruhilekoak bat egin du «pandemiaren unerik gogorrenarekin». Martxoaren erdialdera alarma egoera ezarri zenean, ostalaritzak, turismoak, eta garraioak berehala nozitu zuten erabakia eta kontsumoa amildu zen.

Apirilean, berriz, jarduerak «hondoa jo zuen»: adibidez, iragan urteko datuekin alderatuta, autoen matrikulazioak %97 erori ziren, garraio trafikoa %79, eta etxebizitzen salerosketa «ia %67». Industrian, Landaben itxita egon zen apirilaren amaiera arte, eta apurka ekin zion jarduerari. Hala, iragan urteko apirileko datuekin alderatuta, industria produkzioa %39,3 jaitsi zen, eta enpresen negozio kopurua %48,2. Pandemiak mundu osoan eragin duenez, esportazioak %38,2 jaitsi ziren apirilean, urte arteko tasa aintzat hartuta. Zerbitzuetan, enpresen batez besteko negozio kopurua ez zen industrian adina murriztu (%31,6); baina ostalaritzan, fakturazioaren beherakada «bereziki handia»izan zen apirilean, %91, eta garraioan, %48.

Erritmo desberdinak

Maiatzetik, konfinamendua leundu ahala, jarduera berrindartzen hasi bada ere, «COVID-19 aurreko egoeratik urrun dago», eta sektoreka suspertzea erritmo desberdinetan egiten ari da: industrian eta eraikuntzan, azkarrago; zerbitzuetan, motelago.

Egoera horrek guztiak «eragin suntsitzailea» izan du lan munduan. Asteartean, INEk kaleratutako datuen arabera, bigarren hiruhilekoan 12.800 lanpostu desagertu ziren bigarren hiruhi- lekoan, eta 22.200, baldin eta iazko urte beteko epearekin alderatuz. Kalte hori ez da langabeziaren datuetan hainbeste islatu, jaitsiera «leunagoa» baita, Saizen hitzetan. Batetik, iruditzen zaio aldi baterako erregulazio espedienteek (ABEE) babes gisa jokatu dutela, baina, halaber, estatistika efektu bat egon delakoan dago: OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen irizpideen arabera, konfinamenduan langabeetako asko inaktibo gisa zenbatu dira, eta horrek datuok «urardotu» ditu. Beste iturri batzuetara joz, ekainean 41.474 langabe zeudela, iragan urtean baino 10.088 gehiago (+%33,2). Ohartarazi du ABEEak indarrean egoteari uzten diotenean, lan arloan ordaina «garestia» izan daitekeela.

Aurrera begira, Ekonomia kontseilariak nabarmendu zuen normaltasun berria delako COVID-19 aurreko egoeratik oso urrun dagoela, eta gizartearen ohitura aldaketek eragina dutela ekonomian. Uztailaren 21ean, Googlek emandako mugikortasun datuek erakutsi dutenez, herritarrenjokabideak aldatzen ari dira: «Alarma egoera ezarri aurreko bost asteetako datuekin alderatuta, nafarrek nabarmen murriztu dute dendetan, aisialdietan, farmazietan, lantokietan eta garraio publikoan igarotako denbora; aldiz, denbora askoz gehiago pasatzen dute parkeetan eta etxebizitzan zein inguruetan»

Espainia eta Frantzia

Hego Euskal Herriko bi erkidegoek baino zenbaki okerragoak eman ditu Espainiak, ziur aski turismoaren eta ostalaritzaren pisua are handiagoa duelako. INEk dio %18,5 txikitu dela BPGa lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta %22,1 urte arteko tasan. Zenbaki gorriak ditu Frantziak ere, baina pixka bat apalagoak: -%13,8 lehen hiruhilekotik bigarrenera, eta -%19 urte arteko tasan.

Koronabirusaren astindua gogorren eta bizkorren jo zuen Italian, eta han ere beherakada historikoak izan dira jarduera ekonomikoan: -%12,4 hiruhileko batetik bestera.

Eurogune osoan, %12,1 txikitu da hiruhileko arteko tasan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.