Koronabirusa

Baliabide eta solaskidetza eske, ikasturte hasieran grebara joko dute EAEko hezkuntzan

Irailaren 15erako sare publikoan zein itunpekoan lanuztera deitu dute ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek. Itzulera «segurua eta adostua» nahi dute

Prentsaurrekoa eman zuten Bilbon atzo ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk, greba deialdiaren berri emateko. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Azken asteetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hartutako neurrien harira hezkuntzako sindikatuek agertutako ziurgabetasuna, ezinegona eta kezka protesta bidez adieraziko dute. Irailaren 15ean, ikasturtea hasi eta astebetera, eskola publikoko zein itunpeko zentroetako langileak greba egitera deitu dituzte ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk. Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua lelopean, baliabide gehiago eskatuko dizkiote gobernuari eskolara segurtasunez itzuli ahal izateko, eta langileen ordezkariak solaskide gisa aintzat har ditzan ere aldarrikatuko dute.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeak datorren astelehenean dira ikasturteari ekitekoak. Hezkuntza Sailak, nolanahi ere, atzeratu egin du ikasle batzuen hasiera: DBHko hirugarren eta laugarren mailakoak eta Batxilergokoak irailaren 15ean hasiko lirateke; hain justu, greba egunean. Irakasleak, halere, lanean ari dira jadanik. «Ahal dutena egiten ari dira», aitortu zuen ELAko kide Miren Zubizarretak atzo Bilbon, sindikatuek eginiko agerraldian. Izan ere, langileen ordezkariak oso haserre eta kritiko mintzatu ziren Hezkuntza Sailak ikasturte berriari begira egin duen lanaz: Cristina Uriarteren taldeari leporatu zioten kudeaketa «onartezina eta arduragabea» egitea, «berandu» eta «inprobisatzen» aritzea, eragileekin neurririk ez adostea eta baliabideak ez zehaztea.

Sindikatuen arabera, Jaurlaritzak ez ditu langileak eta hezkuntza eragileak kontuan hartu ikasturte hasiera prestatzean; besteak beste, ohartarazi dute Hezkuntza Sailak ez duela bilerarik egin sindikatuekin, nahiz eta beharginek «jarrera propositiboa» agertu duten maiatzetik. Bestalde, gobernuak hartutako neurriak ere ahultzat eta nahasitzat jo dituzte. Adibide gisa jarri dute Hezkuntza Sailak ez duela zehaztu aurreikusitako hiru jokalekuetatik —presentziala, telematikoa eta erdibidekoa— zein dagoen indarrean uneotan. Nabarmendu dute, gainera, protokoloak «oso berandu» heldu direla, «azkena, langileak ikastetxeetara bueltatu baino hiru egin lehenago», eta «ardura zuzendaritzen gain» utzi duela gobernuak.

Era berean, mila irakasle gehiago kontratatzearen inguruan Jaurlaritzak joan den astean eginiko iragarpena «propaganda ariketa huts bat» dela uste dute sindikatuek: «Oso kopuru eskasa izateaz gain, albistea abuztuaren 28an eman zuen, kontratazioak jada itxita zeudenean, ratio jaitsierarik aurreikusi gabe, eta zein irizpideri erantzuten dioten argitu gabe». Gaineratu dute kontratazioak beste langile taldeetan ere areagotu behar liratekeela, ez soilik irakasleetan.

Edonola ere, sindikatuek berretsi dute irakaskuntza presentziala berreskuratzearen aldekoak direla, eta, ildo horretan, hainbat eskaera egin dituzte: lan taldeak handitzea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, ikasleen ratioak jaistea —10-15 ikasle gela bakoitzean—, jantoki zerbitzua bermatzea —distantzia neurriekin berrantolatuz—, curriculuma osasun krisiak eragindako errealitateetara egokitzea —adibidez, dolua lantzeko edota irakaskuntza telematikoa jorratzeko—, osasun arazoak dituzten langileak babestea eta arrakala sozialak desegiteko neurriak hartzea —tartean, euskarari lotutakoak—.

Lanuzteak ikasleen familiengan eragin ditzakeen eragozpenez galdetuta, Zubizarretak adierazi du gurasoekin «ados» daudela hainbat gaitan: «Eskola presentzialaren beharra ikusten dugu, baina ez kontziliazioa errazteko, baizik eta ikasketa prozesu egokia bermatzeko. Ezin dugu eskola ulertu kontziliazio neurri gisa; zaintzaren krisia ezin dugu eskolaren bidez estali».

Irailaren 15eko greba egunaz gain, beste bi mobilizazio ere iragarri dituzte: gaur kontzentrazioak egingo dituzte eskoletan, eta hilaren 10ean, elkarretaratzeak egingo dituzte hiriburuetan, Hezkuntza ordezkaritzen aurrean. Sindikatuek ez dute baztertu greba deialdi gehiago egitea, eta ohartarazi dute Hezkuntza Sailaren bilera eskaera bat ez dela nahikoa izango lanuztea bertan behera uzteko. «Biltzea ez da nahikoa. Proposamenak eta planifikazioa nahi ditugu», esan du Zubizarretak. «Greba ez ezik, proposamen batzuk ere jarri ditugu mahai gainean. Haserrea nabarmena da hezkuntza komunitatean: egoera konplexua da, ziurgabetasun handia dago, baina hiru hilabete daramatzagu neurrien zain, eta premiaz hartu behar dira», erantsi du Irati Tobar LABeko kideak.

Ikastolen erantzuna

Patronalei ere mintzatu zaizkie sindikatuak, eskatzeko langileen ordezkariekin «interlokuzioa» abiatzeko, eta ikastolek erantzun dute solaskidetza hori «zabalik» dutela. Ikastolen Elkarteak ohar bidez adierazi du elkarlanerako prest dagoela: «Kontingentzia planak eta ikastoletarako itzulera segururako neurri gehigarri guztiak adosten ari gara langileen ordezkariekin ikastolaz ikastola».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.