EH Bilduren arabera, «positiboa» izan da Iglesiasekin izandako bilera

Mertxe Aizpuruak eta Oskar Matutek esan diote Espainiako Gobernuko presidenteordeari aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko prest daudela

Oskar Matute, Mertxe Aizpurua eta Pablo Iglesias, atzoko bileran. EH BILDU.
Igor Susaeta.
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren aurrekontuez hitz egiteko batzartu ziren atzo, Madrilen, Pablo Iglesias eta EH Bilduren diputatu Mertxe Aizpurua eta Oskar Matute. Aizpuruaren arabera, «positiboa» izan zen bilera, «emankorra». Koalizio subiranistako ordezkariek jakinarazi diote Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeari aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko prest daudela.

Hedabideen aurrean mintzatu ziren bilera amaituta, eta Matutek nabarmendu zuen nagusiki bi eskaera egin dizkiotela Iglesiasi: batetik, 2012an, PP gehiengo osoarekin agintean zegoenean, onartutako lan erreforma «eraistea»; bestetik, espetxe politikan aldaketak bultzatzea.

Aizpuruarentzat, aurrekontuek «aurrerakoiak» izan behar dute, bai ekonomikoki, bai sozialki. EH Bilduren Kongresuko bozeramailearen esanetan, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak erabaki behar du noren babesa bilatu aurrekontuak onartzeko ahaleginean. «Izan ere, horren arabera egingo dira politika batzuk edo beste batzuk». Aizpuruarentzat, bi aukera ditu Sanchezek: «Eskuinaren babesa bilatzea edo inbestidurari bidea eman zion blokearen aldeko apustua egitea». Koalizio subiranistako diputatuarentzat, bigarren aukera da, hain zuzen, euskal gizarteak «behar» duena.

Iglesias UP Unidas Podemoseko liderrak ez zuen komunikabideen aurrean hitz egin bileraren ondoren, baina, gobernuaren iturriek Efe berri agentziari adierazi ziotenez, Espainiako bigarren presidenteordeak «egiaztatu» zuen koalizio independentistak elkarrizketarako «jarrera ona» duela. Iruditzen zaio, gainera, «legealdiaren egonkortasunari» eutsi nahi diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.