Thalesen seinaleztapen adarra erosteko lehiatik kanpo geratu da CAF

Frantziako konpainiak Hitachiri salduko dio filiala, 1.660 milioiren truke. Merkatuetako analista askok ziurtatu dute CAF Talgo erosten saiatuko dela

Patrice Caine, Thales taldeko kontseilari ordezkaria, artxiboko irudi batean. JULIEN DE ROSA / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
CAFek huts egin du bere dibertsifikazioan aurrera egiteko emandako azken pausoetan. Thalesen seinaleztapen adarra erosteko lehiaketan parte hartu du, baina Frantziako konpainiak haren lehiakide bat hautatu du, Hitachi japoniarra. CAFek baieztatu ez duen arren, merkatuko analista askok ziurtatu dute beste aukera bat aztertzen ari dela Beasaingo konpainia: Talgo erostea.

Thalesen seinaleztapen adarra erosteko saioa urrats ausarta zen CAFen aldetik, arrain handia baita bere neurriko konpainia batentzat. Izan ere, Thalesen filial horrek 1.700 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtero, eta 9.000 langile ditu; CAFek berak, berriz, 2.762milioi euroren salmentak izan zituen iaz, eta 13.000 langile ditu.

Aipatu izan denez, operazioa egin ahal izateko, CAFek kapitala handitu beharko zuen, eta finantza bazkide bat lortu halako inbertsio bat partekatzeko.

Baina arriskuak merezi zuela uste zuen CAFeko zuzendaritzak, lor zezakeen etekina are handiagoa izan zitekeelako: kontratu gehiago eta mamitsuago. Kontua da trenen gero eta lehiaketa gehiagotan bezeroak zerbitzu osoa eskatzen duela; hau da, trena egiteaz gain, trengileak seinaleztapen sistema gero eta konplexuagoak eta mantentze lanak eskaini behar dituela lehiaketak irabazteko.

CAFek badu bere seinaleztapen adarra, CAF Signalling izenekoa, baina Thales bereganatuta gaitasun askoz handiagoa izango zukeen arlo horretan. Berez, CAF eta Thales elkar hartuta joan dira lehiaketa askotara, eta bien arteko ezagutza ona faktore bat izan zitekeen bi konpainien bat egite bizkor baterako.

Thalesentzat ere erabakigarria izan da bezeroen eskaera bere seinaleztapen adarra gainetik kentzeko, Patrice Caine Thaleseko kontseilari ordezkariak onartu duenez. Thales zen trenbideen seinaleztapenaren arloan bakarrik aritzen zen eragile bakarra, eta kontratuak lortzeko zailtasunak eta bazkideak etengabe bilatu beharrak bultzatu du saltzera, eta ez filialaren errentagarritasun faltak. Aurrerantzean, hiru sektore hauetan arituko da Frantziako konpainia: militarra (fakturazioaren %53), aeronautika (%28) eta zibersegurtasuna (%19). Arlo horietan inbertsio gehiago egiteko aukera izango du Thalesek, Hitachiren eskutik jasoko dituen 1.660 milioi euroekin.

Japoniako enpresarentzat, berriz, sektoreko Europako erraldoiekin —Alstom eta Siemens—, eta neurri txikiagoekin —CAF eta Stadler— hobeto lehiatzeko tresna bat da seinaleztapen adar sendo bat izatea.

Talgoren aukera

Thales erosteko aukera galdu ondoren, ikusteko dago zer egingo duen CAFek. Azken urteetan hedapen betean dago Gipuzkoako konpainia, trenak egite hutsetik atera nahian. Erosketa esanguratsuena Solarisena izan zen, 2018. urtean. Autobus elektrikoen arloan Europako konpainia liderra zen Poloniakoa, eta bide horretatik doa CAFen eskutik ere. Aurtengo lehen sei hilabeteetan, CAF taldearen negozioaren laurden bat ekarri dio Solarisek, eta portzentaje hori handitzen ari da. 2019an, berriz, Suediako Euromaint trenen mantentze enpresa erosi zuen.

Hurrengo erosketa zein izango den espekulatzen ari dira azkenaldian burtsako analistak, eta asko aipatzen ari diren izena Talgorena da. Espainiako tren konpainia horren akziodunak hiru funts dira, eta haien ez saltzeko konpromisoa 2022an bukatuko da. CAFentzat izan dezake interesa Talgo erosteak, haren indargunea delako —abiadura handiko trena—, hain zuzen ere, CAFen ahulgunea —kontratu bakarra lortu du, Norvegian—. Talgok lantegi bat du Madrilen, eta besteaRibabellosan (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.