Tubacex eta langileak negoziatzeko prest, baina marra gorri zorrotzekin

Zuzendaritzak kaleratzeen eragina berdinduko luketen «egiturazko murrizketak» eskatu ditu helegitea kentzeko. SEAk «Siziliako mafiarekin» alderatu du langile batzordea

Tubacexeko langile bat Eusko Legebiltzarraren aurrean eginiko protesta batean. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi - Xabier Martin
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Tubacexeko zuzendaritzak eta langile batzordea negoziazioari ate bat irekitzeko prest daude; hori bai, biek marra gorriak ezarri dituzte elkarrekin esertzeko. Zuzendaritzak berretsi du ez duela kenduko helegitea, egin asmo zituen 129 kaleratzeak indargabetu zituen ebazpenaren aurka jarritakoa, baina oraingoan salbuespen bat erantsi du: baldintza hori negoziatzeko prest legoke, langile batzordeak planten bideragarritasuna ziurtatuko luketen «neurri estrukturalak» onartuko balitu. Sindikatuek askotan esan dute behin-behineko neurriak nahi dituztela, kaleratzerik ez, alegia, baina hitz egiteko prest daude enpresak gatazka «benetan» konpondu nahi badu. «Edozein akordio lortzeko prest gaude helegitea indargabetzen bada», azaldu du Edu Ibernia langile batzordeko presidenteak.

Tubacexeko aldi baterako erregulazioa luzatzeko bilera erronda asteartean amaitu zen, eta enpresak eta langileek biharamunean eman dute beren jarreren berri. Bi aldeak hitz egiteko prest daude, baina jarrerak oso urrun daude, bien baldintzak ez direlako bateragarriak. Enpresak kaleratzeak ezinbestekotzat dauzka, edo, gutxienez, haien eragin ekonomiko bera izango lituzketen murrizketak lan baldintzetan. Hori beteko balitz, langileek uko egin beharko liokete EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenarekin lorturikoari. «Guk ez dugu nahi helegitea kentzea kentzeagatik», zehaztu du Iberniak; «guk indargabetu dadin nahi dugu».

Tubacexek hedabideetara bidalitako ohar batean eman ditu azalpen horiek, baina ez du zehaztu zeintzuk liratekeen onartzeko prest legokeen egiturazko neurri horiek. Bestalde, Iberniak kritikatu du orain arte ez dutela inolako akordiorako asmorik ikusi zuzendaritzaren jarreran, eta ez dakiela negoziazio mahaia berriz indarrean den. Azaldu duenez, azken hilabeteetako bilera proposamen guztiak sindikatuek egin dituzte.

Patronalaren irainak

Bien bitartean, Tubacexek Amurrion eta Laudion (Araba) dituen fabriketako langileek 210 egun daramatzate greban. Enpresak, batzordearekin izandako bileretan onartu duenez, han egin beharreko lanetako batzuk Austriako beste lantegi batera desbideratu ditu. Enpresak batzordeari bota dio muturreko egoeraren errua, «grebak eraginda»; Iberniak, berriz, bulegoetan ikusten ditu arduradunak: «Lantegiak arriskuan badaude, enpresak eginiko erregulazioarengatik da, eta ateak itxi dizkiotelako bestelako konponbideei».

Eta Arabako patronal SEA labirinto honetako bidean oztopo gehiago jartzera iritsi da. Erakundeko zuzendari Juan Ugartek «mafia» hitza erabili du batzordea izendatzeko. «Sindikatuen jarrera batzuk zailak dira ulertzeko. Enpresari bide judizialari uko egiteko eskatze horrek Siziliako mafiarekin antz handiagoa du beste edozerekin baino». Ugartek mehatxu zuzenak helarazi ditu, gainera: «Honek horrela jarraitzen badu, enpresaren bideragarritasuna dela-eta beldurtzen hasiko naiz». Sindikatuei errieta handia egin die greba mugagabeari eusten diotelako: «Gatazka soilik bilatzeak arriskuan jartzen du jarduera; denak du muga bat, eta ez da erraza enpresak batek eustea zazpi hilabetez ekoizpenik gabe egonda».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.