ITPko langileak: «Jaurlaritzak gure kaleratzeen berri izan behar zuen»

Turbina enpresaren salmenta operazioa gertutik jarraitu badu, Lakuak erregulazioa egiteko asmoa ezagutu behar zuela ondorioztatu dute. ITP Aerok 8,2 milioi euro irabazi ditu lehen seihilekoan

ITP Aero PCBko langile batzuk atzo eginiko protestaldia, Barakaldoko lantegiaren kanpo aldean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
ITP Aero PCBko langileek kritika zorrotzak egin dizkiete enpresako zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzari. Rolls Royce jabea euskal jatorriko hegazkin turbina enpresa saltzeko asmotan dabil, eta Barakaldoko eta Sestaoko (Bizkaia) plantetako langileek egotzi diote ez diela eman mugimenduen inguruko inongo azalpenik. Are gehiago, salmenta modu hobean egiteko, pandemia baliatzeko asmo «makabroa» egotzi diote, «ondorio larriak langileen bizkar ezarrita». Ildo horretan, Jaurlaritzaren jarrera salatu dute; diotenez, urtebete darama salmentaren «zirkuan» parte hartzen, eta, ondorioz, ITP Aero iazko azaroan egiten saiatu zen lan erregulazioaren berri izan beharra zeukan. EAEko Auzitegiak maiatzean indargabetu zituen kaleratzeak.

ITP-PCBko langile batzordea auzitegietara itzuliko da bihar, enpresak iragan apirilean alde bakarretik erabakitako aldi baterako lan erregulazio espedientea epaituko baitute. Bi aldeen artean ez zen akordiorik egon, eta sindikatuek helegitea jarri zioten. Urteko 40 eguneko lan murrizketa da, eta, langileen ustez, ez dago horretarako arrazoirik. Mobilizaziora deitu dute bihar goizearako, Bilbon, eta horien berri emateko agerraldian enpresaren egoera errepasatu dute. Alde horretatik, gogoratu dute ITP Aerok kaleratu nahi zituen 87 langileak maiatzaz geroztik ari direla soldata kobratzen, eta oraindik ez dietela utzi lantegian sartzen. Enpresak helegitea jarri zion indargabetze ebazpenari, eta Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain daude. Udaberrian da iristekoa.

Epaiketa bihar izango da, baina egun enpresaren balizko salmenta da hizpide ITPren inguruan. Albiste agentziek zabaldu dutenez, negoziazioko hiru aldeek, hau da, Rolls Royce egungo jabe eta saltzaileak, Bain Capital erosketa diruz babestuko lukeen inbertsio funtsa eta gobernuek —Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua— hilaren 27ra arteko muga ezarri diete euren buruei operazioa ixteko. Bain Capital industria arloa garatuko lukeen bazkide teknologiko baten bila dabil, eta erakunde publikoen bazkide hori Euskal Herrian erroturiko enpresa bat izatea nahi dute. besteak beste, Sener eta Sidenorren izena agertu da hedabideetan. Jaurlaritza bera erosketa operazioan parte hartzeko prest agertu da.

«Asmo makabroa»

Jaurlaritzaren balizko borondate hori da, hain zuzen, langileen susmoa piztu duena: «Urtebete badarama operazioa zaintzen, bertan parte hartu edo dirua inbertitzeko asmotan; uste dugu taldeak egin nahi zituen kaleratze kolektiboen berri izango zuela. Izan ere, arduragabekeria handia litzateke horrelako operazio batean inbertitzea enpresaren egoera asko ezagutu gabe». Langileen salaketa, dena den, urrunago doa. Izan ere, haien ustez, horrela bakarrik «uler daiteke» Jaurlaritzak enpresako zuzendaritzari ez eskatu izana auzitegien ebazpena osotasunean betetzeko.

Rolls Royceri ere dei egin diote. «Asmo makabroa du: larrialdi egoera erabili nahi du ITP saltzeko, eta langileok pairatuko ditugu ondorio larrienak». Bain Capitalek 1.600 milioi euroko eskaintza egin du, eta langileek azaldu dute haiek ez dutela jaso inolako informaziorik. Era berean, gogoratu dute denborak arrazoia eman diola batzordeari kaleratzeen aurka emaniko argudioetan: «Krisia behin-behinekoa dela ikusi da. Txertaketaren eskutik, sektorea berpizten ari da». ITP Aerok 8,2 milioi euroren irabaziak izan ditu aurtengo lehen sei hilabeteetan. Iaz, epe berean, parra egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.