PSOEk ez du aldatu nahi itunen lehentasuna, lan erreforma berrian

Diaz Lan ministroak dio enpresa ituna sektorekoaren gainetik utzi nahi duela PSOEk, eta horrek prekaritatea betikotzen duela. Espainiako liberalismoa bultzaka ari da azaleko erreforma baten alde

Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa eta Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, atzo, Madrilen. KIKO HUESCA / EFE.
xabier martin
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Lan erreformak iceberg baten modura egin du aurrera PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuaren uretan, ia bi urtez, harik eta parez pare dagoen murruari buruzko erabakiak hartzeko garaia heldu den arte. Espainiako Gobernuak, hitzak alde batera utzi, eta erabakiak hartzeko faseari ekin dio, Europako Batzordearekin hartutako konpromisoak akuilatuta —Next Generation funtsen bigarren poltsarekin lotu dute lan erreforma: 13.793 milioi euro— , eta gobernu bazkideen artean hitzartutako asmo orokorrei forma emateko prozesuan azaleratu da izozmendiaren benetako neurria.

PPren 2012ko lan erreforma indargabetuko duela esateari utzi dio PSOEk aspaldi honetan, eta erreformaren «alderik kaltegarrienak» aldatzea zer den jakiteko arrastoak ematen hasi da orain. Edukirik kaltegarrienen kategorian ez lirateke sartuko negoziazio kolektiboarentzat egun finkaturik dauden lan itunen lehentasunak, eta, hortaz, enpresa ituna sektorekoaren gainetik utzi nahiko lukePSOEk, Yolanda Diaz Lan ministroak jakitera eman duenez. Ez da ukitu gabe geratuko litzatekeen eduki bakarra, kaleratze kolektiboen araudia ere bere hartan uztearen alde bailegoke Nadia Calviño Ekonomia ministroa.

Unidas Podemoseko ministroari erreformaren bolantea kendu, eta Calviño ministroari emateko urratsa egin du Pedro Sanchez presidenteak azken orduetan, eta Diazek garbi esan du Calviñok nahi duen negoziazio kolektiboaren ereduak «betikotu» egingo duela prekaritatea. Ekonomia ministroak, ordea, ukatu egin du desadostasun handi baten arazoa, eta esan du lan erreformari dagokionez «batasunekoa» dela gobernuaren jarrera. Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioaren aurrean adierazi du «akordio orekatu bat» lortuko duela Espainiako Gobernuak, «prekaritatea bukarazteko eta lehiakortasuna bermatzeko» aldi berean.

Bruselaren itzal luzea

Bruselak Next Generation funtsak emateko marra gorriak ezarri dituela aditzera ematen ari dira azken egunetan, hala gobernuko iturri ez-ofizialak nola oposizio neoliberala, eta presioa goraka doa, lan erreforma azalekoa izan dadin eta enpresaren aldeko malgutasuna bere hartan utz dezaten. CEOE patronala kaleratze kolektiboak orain bezain erraz eta merke egiteko arauei eustea exijitzen baitio gobernuari, eta ikusteko dago Sanchez presidentea patronalaren onespenik gabeko erreforma batekin aurrera egiteko gai den. Izan ere, Gentiloni komisarioari agindu dio «elkarrizketaren eta kontsentsuaren bidez» egingo dela erreforma. Argitzeko dago zein neurritan lotzen duen horrek CEOEren balizko beto bat errespetatzera, eta Unidas Podemosek lehenbailehen jakin nahiko luke Europako konpromisoak noraino heltzen diren.

Izan ere, zer nahi duen «argitzeko» eskatu dio Diaz Lan ministroak PSOEri, eta azal dezala zein duen benetako asmoa. Haren ustez, PSOEko gobernuko arduradunak «adierazpen ezberdinak» egiten ari dira egunotan, eta salatu du «gobernuaren zati bat», Ferrazeko alderdiarena alegia, oraindik erreformaren osagaiak eztabaidatzen ari dela.

Sindikatu abertzaleak adi

Hala, erreformaren inguruan Espainiako gobernu bazkideek duten talka gaiztotzen ari da, eta PSOEk dituen duda horiek piztu egin ditu eskuin muturrekoak eta neoliberalak, erreforma urardotu baten eskaerak indartzeko. Espainiako Bankuak, Pablo Hernandez de Cos gobernadorearen bidez, 2012ko erreforma defendatu du, eta Madrilgo gobernuari esan dio bere hartan uzteko egun enpresek lan itunak betetzeari uzteko duten aukera zabala. Lobby horren bozeramaileak dio «enpresek errealitate berrira egokitzeko dituzten mekanismoak» jaso behar dituela araudiak, betetzeari uzten zaion itunpeko langileen kalteak ahaztuta.

Eskuin muturrak mehatxuetara jo du gobernua estu hartu nahian. PPko presidente Pablo Casadok agindu du «Europako erakundeetan muturreraino» iritsiko direla erreforma indarrean sar ez dadin, oraindik ez jakin arren zer eduki jasoko dituen. Ohartarazi du Bruselak argi utzi duela «enpresarien adostasuna» behar duela erreformak, eta lan merkatuaren «malgutasuna» lortu behar dela.

Lan erreforma Espainiako eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da, ez alferrik. CCOO eta UGT sindikatuek ez dute mobilizazioen aukera aipatu orain arte,egunotako fasea erabakigarria den arren, baina horiek ere laster hitz egin beharko dute gaiari buruz. Madrilen eta Bruselan erabakitzen denak Hego Euskal Herriko lan harremanen zelaia baldintzatuko duela ezin da ahaztu. 2012ko lan erreformak lan gatazken uholde bat eragin zuen, eta ELAk eta LABek bizirik eusten diote greba orokorrerako aukerari. Urte amaiera beroa dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.