Nola «askatu» Euskal Herria

Sorturen kongresuan bi txosten daude parez pare: 'Herrigaia'-k «indar metaketaren» alde egin du; Lurrari Lotuz-ek, «herri boterearen» alde. Azaroaren 19tik 21era izanen da bozketa

Sortuk 2017an egin zuen azkeneko kongresua. Irudian, kongresuaren akabera, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Biak dira ezker abertzalekoak; Sortu indartzea dute asmoa, eta biek dute helburutzat Euskal Herria «askatzea». Baina horretara nola iritsi, horretan dituzte desadostasunak. Sorturen hirugarren kongresu prozesuan eztabaidara ateratako bi txostenak parez pare daude asteotan Euskal Herriko herri eta auzoetan egiten ari diren batzarretan: Sorturen Nazio Kontseiluak aurkezturiko Herrigaia, batetik, eta hari osoko zuzenketa gisa proposaturiko Lurrari Lotuz, bertzetik. BERRIAk biak eskuratu ditu, eta horien laburpen konparatibo bat da hau. Akreditaturiko militanteek azaroaren 19tik 21era izanen dute aukera bata ala bertzea bozkatzeko.

BALANTZEA
Abiapuntu ezberdinak

Sortuk ekainaren 19an Atarrabian (Nafarroa) egindako nazio batzarrean onartu zuen azken bortz urteotako «balantzea», eta hori eta aitzinetik Sortun egindako bertze hainbat eztabaida—birfundazio kongresuan onarturiko Zohardia txostena, nagusiki— hartu ditu abiapuntu gisa Herrigaia-k. Hor hasten da lehendabiziko desadostasuna. Izan ere, Sorturen Nazio Kontseiluak uste du azken bortz urteotan «urrats esanguratsuak» egin direla: «ETAren zikloa itxi dugu; ezkerreko subiranismoaren etxe komunak diren EH Bildu eta EH Bairen eraikuntzan eta indartzean urrats garrantzitsuak egin ditugu; Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian aldaketa esanguratsua sustatzen ari gara; eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzeko bidean blokeoa hautsi dugu». Hala, Herrigaia-ri iruditzen zaio «gaur atzo baino prestatuagoak» daudela «jauzi» berriak egiteko, eta salto horretarako «herri-nazio bulkada indartsu bat artikulatzeko» deia egiten du txostenak, hori baitu asmo nagusia: «Indar eta gaitasun komunitarioak askatu eta antolatu behar ditugu askapen prozesuaren mesedetan».

Lurrari Lotuz txostena idatzi dutenek, ordea, uste dute irakurketa hori «baikorregia» dela. Bertzeak bertze, txostenak zalantzan jartzen du Espainiako Gobernuan PSOE eta Unidas Podemos eta Nafarroan PSN «babesteko estrategia»: «Askapen prozesuaren ikuspegitik, lotura horiek geldirik utzi gaituzte». «Hauteskunde hazkundearen» estrategiak «oso elementu» zalantzazkoak ditu, halaber, Lurrari Lotuz-en ustez: «Alde batetik, prozesu independentista osoa ia lerro bakar batean kokatzen baitu (erakunde esparruaren kudeaketa), indarrak metatzeko beste prozesu eta bideak bigarren mailan utziz; eta, bestetik, EH Bilduren proiektu politikoa boto zentratu, utilitario eta pragmatikoan preso geratzeko arriskua baitago, eraldaketa sozial sakonerako benetako muskulu politikorik gabe». Txostenaren arabera, «dinamika instituzionalak gainerako guztia neutralizatu» du, EH Bairen eta EH Bilduren mesedetan, eta Sorturen beraren eta herri mugimenduen kaltetan: «Ardatz nagusi bakarra bihurtu da, pixkanaka ezker abertzalearen izatea eta nortasuna fagozitatuz». Osoko zuzenketaren ildoak uste du, halaber, Gure Esku dinamika «ezerezean» gelditu dela.

ESTRATEGIA
Boterea nondik eta nola

Balantzeari segika, instituzioek duten rola bigarren mailan jartzen du Lurrari Lotuz-ek, eta proposatzen du «ardatz bilakatzea herri aktibazioa eta herri-autoantolakuntzarako espazioak, esparruak, proiektuak eta subjektuak». Honela dio, zehazki: «'Herri prozesua' da gurea, eta instituzioak eta alderdi politikoek jarraitu beharko diote herri taupadari». Biharkoa «gaurdanik eraikitzen hastea» proposatzen du horretarako. «Iraultza demokratikoa» egin behar dela dio, halaber, eta «herri boterea» eraikitzean jartzen du arreta, honela definituta: «Boterea ez dago erakundeetan, arautu gabeko botere ekonomikoan baizik. Beraz, hegemonia instituzionalarekin ez da boterea lortuko». Hala, «kontraboterearen dinamika global bat» egituratzeko, «borroka eremu oso bat ehuntzeko» proposamena egiten du Lurrari Lotuz-ek, bereziki esparru ekonomikoan. «Instituzionalitate berriak» sortzea proposatzen du, horiek «gaur egungo demokrazia burgesari lotutako administrazio eta gobernu aparatuak baino askoz ere zabalagoak» izanda. «Konfrontaziorako» eta «herri demokraziarako» deia ere egiten du txostenak, «aldebakartasunez», eta «desobedientzia, autogestioa eta haustura sustatzen duten ekintza politikoko ereduen» bidez. Desobedientzia ez litzateke borroka «osagarri» bat, «ardatza» baizik.

Herrigaia-k, berriz, «botere metaketari» ematen dio garrantzia: «Indarrak metatu eta artikulatu behar ditugu, subjektu eraldatzailea eraikitzeko, gehiengoak osatzeko bokazioarekin». Instituzioak eta «herri bulkada», biak ala biak dira «beharrezko», Herrigaia-ren ustez: «Prozesu subiranistak behar du gehiengo sozial bat, maila elektoral eta instituzionalean adieraziko dena, instituzioen boterea prozesuaren zerbitzura jarri ahal izateko. Eta gehiengo horren aktibazioa ere eskatzen du, antolakuntza eta mobilizazio iraunkorra». Bideak «trantsizio ikuspegia» izan behar du, Herrigaia-ren ustez, eta «aldebikotasuna jorratu eta aldebakartasunerako prestatu» beharra azpimarratzen du. Aldebikotasunaren xedea «estatuen posizioa higatu» eta «aldebakarreko aukera legitimatzea» litzateke: «Konponbide demokratiko adostu bat eskaini behar dugu, behin eta berriz». Herrigaia-rentzat, EH Bildu eta EH Bai dira «ezkerreko subiranismoaren erreferentzia politiko instituzionala», eta haiei dagokie «protagonismo nagusia, indarrak bildu eta artikulatzeko». Herri mugimendua «euskal jendartearen emantzipaziorako tresna estrategikoa» litzateke, eta «sakoneko aldaketak eragin eta alternatibak eraikitzeko bidean funtsezko zeregina» luke. Halaber, Herrigaia-k dio independentismoa «ahal den esparru estrategiko guztietan presente» egon behar dela.

ALIANTZAK
Ezkerrekoak, ala irekia

Herrigaia-k irekia uzten du nork behar duen «aldaketarako bloke historikoan»: «Etengabe eraikitzen ari den subjektua da, unean-unean eragile politiko, sindikatu eta herri mugimendu ezberdinak bil ditzakeena». Lurrari Lotuz-ek «ezker antikapitalistarekin» nahi du elkarlana, nagusiki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.