Altan Bernedon greba mugagabea abiatu dute, hitzarmena lortzeko

Botika ekoizlea Arabako Mendialdeko enpresa nagusia da: 150 langile ditu; jabe berria du udatik. Sindikatuek KPIaren araberako igoera eskatu dute; zuzendaritzak, berriz, ekoizpenak baldintzatutakoa

Altan Bernedo enpresako langile bat, mobilizazioetako afixa bat eskuetan. ELA.
jokin sagarzazu
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Greba mugagabea hasi dute Altan Bernedon. Arabako Mendialdeko enpresa nagusietako bat da, 150 langile ditu, eta farmazia sektorean dihardu, botiken produkzioan. Langile batzordeak —ELAko sei kidek eta LABeko hiruk osatzen dute— grebara jotzea erabaki du lan hitzarmenaren negoziazioan zuzendaritzaren «jarrera zurruna» ikusita. 2019an iraungi zen oraindik indarrean dagoen enpresa ituna; ordutik, lantegiaren jabea aldatu da, baina ez da gauza bera gertatu lan baldintzekin.

Langile batzordeak azaldu duenez, zuzendaritzak aurreko itunari eutsi nahi dio, baina baldintza okerragoekin; sindikatuek enpresa hitzarmena nahi dute, Lan Ikuskaritzan erregistratutakoa, berme gehiago izateko. «Guk hitzarmena nahi dugu, ituna baino esparru askoz seguruagoa eta sendoagoa, gure baldintzak ezartzeko eta erregistratzeko. Horrekin batera, KPIaren araberako soldata igoera urtero aplikatzea nahi dugu. Beste ezer ez», azaldu du Isabel Barrera langile batzordeko presidenteak.

Udatik jabe berria du enpresak, Frantziako Ethypharm, eta, ordutik, negoziazioak blokeatuta daude. Sindikatuek mobilizazioak indartzea erabaki zuten hil honen hasieran: egun osoko zazpi lanuzte egin dituzte, eta hiru langiletik bik parte hartu dute; tartean, produkzioko eta mantentze lanetako guztiek.

Sindikatuen arabera, zuzendaritzak ez du nahi KPIaren araberako soldata igoerarik; onartzekotan, %1,5ekoa proposatu du datozen hiru urteetarako —egun KPIa %5etik gora dago—; gainera, produkzioaren eta botiken prezioen arabera egingo luke hori, Arabako lantegian absentismo handia dagoela argudiatuta. Horrez gain, beste hiru lanegun gehiago sartu nahi ditu, eta aldi baterako ezintasunaren osagarriak kendu. «Aldagai onartezinen espiral batean sartu nahi gaituzte. Proposamen horiek ekoizpena, lantegiko presentzia eta etekinak handitzea baino ez dute helburu, eta azken urteetan lortutako eskubideak okertzea», salatu du Barrerak.

Sindikatuen arabera, zuzendaritzaren asmoa da Arabako lantegiko beharginen baldintzak parekatzea taldeak Espainian dituen bi lantegietakoekin. Horretarako, besteak beste, argudiatu du galerak izan dituela. Barrera ez dator bat horrekin: «Taldeko lantegi bat, Toledoko Casarrubiosen dagoena, sei hilabetez itxita egon zen, eta horregatik dio enpresak galerak izan dituela. Baina gu lanean aritu gara». Langile batzordeko buruak gogoratu duenez, COVID-19a dela-eta Bernedoko lantegiko ekoizpena nabarmen handitu da

Arabako Mendialdean langile gehien dituen enpresa da Altan Bernedo. 150 behargin ditu: hamarretik zazpi emakumeak. 1991n sortu zuten, hainbat erakunderen kapital publikoarekin. Biomendi zuen izena; 2004an, Espainiako Spain Phrama taldean sartu zen Biomendi, eta, 2015ean, Altan konpainia irlandarrak erosi zuen talde osoa. Aurten, Frantziako Ethypharmen esku geratu da Altan. Azken urteetan indarrean egon den enpresa ituna Biomendi zeneko garaikoa zen.

Calor Bizkaia eta Aciturri

Bilboko Calor Bizkaia enpresan, berriz, akordio bat lortu dute langile batzordeak eta zuzendaritzak, aste honen hasieran greba mugagabea hasi ondoren. 26 langilek osatzen dute lantaldea; galdarak instalatu, eta mantentze lanak egiten dituzte, Vaillant multinazionalarentzat batez ere. 2021eko urtarriletik, lan hitzarmen berri bat negoziatzen aritu dira. Hori dela eta, datozen hiru urteetan soldatak igoko dizkiete langileei, %2,5 lehenengo urtean, eta KPI +%1 hurrengo bietan. Urteko lanaldia hamabi ordu murriztuko diete, eta gaixotasun arruntengatiko osagarriak hobetu.

Bestalde, Aciturrik iragarri du 2025-2026 urteetarako berreskuratu ahal izango dituela azkenaldian galdutako lanpostuak. Hala adierazi du taldearen fundatzaile eta kontseilari ordezkari Gines Clementek agerraldi publiko batean. Aciturrik lantegi bat du Euskal Herrian, Berantevillan (Araba), eta handik hamabost kilometrora, Miranda Ebron (Burgos, Espainia), beste bat. Bietatik 73 langile kaleratu zituen iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.