Korapiloa trinkotu da

Geroa Baik eta EH Bilduk eskatu dute kendu dadila Hitzarmen Ekonomikoaren legearen 67. artikuluan egindako aldaketa, baina Elma Saiz kontseilaria ez dago prest

Elma Saiz eta Adolfo Araiz, Nafarroako Parlamentuan, 2020ko abenduaren 23an. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Hitzarmen Ekonomikoa berritu gabe dago oraindik. Abenduaren 20an, Nafarroako eta Espainiako gobernuek garai berrietara egokitutako eguneratzeak hitzartu zituzten: funtsean, Nafarroak bere gain hartuko zituen Google eta Tobin tasen eta merkataritza elektronikoko zergen bilketa, eta finantza arloan BEZaren doikuntzak adostu zituzten. Abenduaren 23an, neurri sorta hori aho batez onartzekoa zen Nafarroako Parlamentuan, baina, legean egindako beste aldaketa batek Geroa Bairen eta EH Bilduren haserrea piztu, eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak erretiratu egin behar izan zuen proposamena. Bi hilabete iragan dira geroztik, eta korapiloa ez da askatu. Alderantziz, trinkotu egin da.

Hitzarmen Ekonomikoaren 67. artikuluak bi gobernuen arteko koordinazio batzordearen eskumenak zehazten ditu, eta horien artean dago ekarpena kalkulatzeko negoziazioa. Orain, proposatutako aldaketan, hau gehitu dute: «Ekarpena kalkulatzeko aldagai bat gehiago da egozpen indizea». Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren arabera—PSNren kontrolpean dago—, kontu tekniko bat besterik ez da.

Aitzitik, Geroa Baik eta EH Bilduk nabarmendu dute aldaketa ez dela teknikoa, politikoa baizik: Geroa Baiko Uxue Barkosek zehaztu du egozpen indizeak garrantzi handia duela. «%1,6ko indizea Nafarroak estatuari ordaintzen diona da. Zifra politikoa da. Egia da oinarrian azterketa tekniko bat dagoela, baina atzean akordio politiko bat dago». EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, liskarraren muina da nork erabakitzen duen horri buruz. «Hitzarmeneneko gairik inportanteenetako bat hau da: nori dagokion indize hori zehaztea».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, Nafarroan koordinazio batzordearen akordio orok parlamentutik iragan behar du derrigorrez, eta hark iritzia ematen du. Bi taldeen ustez, aldaketa hori onartuta aukera izango da etorkizunean egozpen indizea aldatuz gero parlamentuaren erabaki ahalmenetik at uzteko. Barkosen ustez, gauza bat da batzordeak «doikuntzak egitea», eta bestea erabakiak hartzea. «Eutsi egin beharko litzaioke gure erabaki ahalmenari. Nafarroako Parlamentuari dagokio zerbait esatea eta erabakia hartzea», gaineratu du Araizek. Biek argitu dute autogobernuaren lorpen bat dela hori.

Orain arte, Ekonomia eta Ogasun Departamentua bi aldiz bildu da Geroa Bairekin eta EH Bildurekin. Bi taldeen ustez, erraz askatu daiteke korapiloa: 67. artikuluan egindako aldaketa kendu eta testua «lehen zegoen bezala» utzita. «Denen mesederako da, eta bakoitzak bere jarrerari eutsiko lioke», arrazoitu du Araizek. Horrek eskatuko luke berriro bi gobernuak biltzea eta ohar txiki hori kenduko dela onartzea. Testua, gainerakoan, aho batez onartuko litzateke legebiltzarrean.

Haatik, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ez du bide hori hartu nahi. Azken bileran, Elma Saiz kontseilariak proposatu zien akordioa bere hartan onartzea eta ondoren aditu talde bat osatzea Hitzarmen Ekonomikoarekin erlazionatutako bi gai azter ditzan: batetik, Espainiako zor publikoaren bilakaerak zer eragin izan dezakeen Nafarroak aurrerantzean estatuari pagatu beharreko ekarpenean; eta, bestetik, egun indarrean den %1,6ko egozpen indizea egokia ote den. Eskaintza horri erantzuteko martxoan beste bilera bat egitera deitu du.

Barkos ez dago ados planteatutako formularekin: «Ez dezagun jarri orga idien aurretik». Haren irudiko, aztertu beharreko gaiak izan daitezke horiek, baina ez du te zerikusirik auzi honen funtsarekin: nork erabakitzen duen egozpen indizearen inguruan. Bat dator Adolfo Araiz: «Guk nahi dugu argi gera dadila parlamentuari dagokiola erabakia hartzea, baina horri buruz ez digute ezer esan».

Korapilo hau testuinguru politiko berezi batean dator, eta horrek mesfidantza areagotu besterik ez du egiten. « Oraindik ez dakigu zergatik sartu den aldaketa hori», aipatu du Barkosek. Departamentuak arrazoitu du aldaketa auzi txikia eta teknikoa dela, baina orduan zergatik haserretu nahi ditu gobernu barruko bazkidea eta legealdiko bazkide nagusia, jakinik haientzat «oso gai garrantzitsua» dela?

Navarra Suma adi

Abenduren 23an, Navarra Suma ere aldaketaren aurka azaldu zen, baina orain azaldu du«egoera aztertzeko prest» dagoela. Barkosen ustez, baliteke mugimenduok zerikusia izatea lan erreformaren inguruko akordioarekin. PSOEren eta UPNren arteko bost puntuko akordioan ez da aipatu Hitzarmen Ekonomikoaren auzia, baina horrek ez du esan nahi hartan ez dagoenik. Testua ezabatu nahi izateak Geroa Bairi susmoak areagotu besterik ez dio egin. «PSNk UPNrekin akordioa egitea erabakitzen badu, otsailaren 3koak beste dimentsio bat hartuko du».

Adolfo Araizek uste du gobernuak ez duela amore emateko borondaterik, eta denbora irabazi nahi duela «lan erreformaren zurrunbiloarekin» erlazionatu ez dadin. «Azaldu beharko du zergatik nahiago duen Navarra Sumarekin adostu eta ez bere gobernuko bazkidearekin eta gurekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.