Interes tasak aurten bertan igo ahal izateko prestamenetan hasi da EBZ

Hirugarren hiruhilekoan amaituko du zorra erosteko programa. Hurrengo hilabeteetarako ere inflazio handia aurreikusten du. Lagardek dio gerra dela-eta ziurgabetasun oso handia dagoela orain

Christine Lagarde, artxiboko irudi batean. Atzo etxetik konektuta egin zuen agerraldia, COVID-19ak jota egon delako. RONALD WITTEK / EFE.
Irune Lasa.
2022ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Batek daki zer eragin eta zer bilakabide izango duen Ukrainako gerrak gure ekonomietan». Ziurgabetasun horretan, Christine Lagardek ahalik eta aukera gehien nahi du zabalik euroguneko diru politikarako. EBZ Europako Banku Zentralarentzat inflazio handia asko luzatzeko arriskua hor dagoelako, baina baita atzeraldi bat sustatzeko arriskua ere, tasa igoerak gehiegi aurreratuz gero.

Edonola ere, tasak igotzea ahalbidetzeko bidea garbitzen ari da EBZ, eta zorra erosteko programa aurtengo hirugarren hiruhilekoan amaituko dela berretsi du. Izan ere, ez luke zentzurik izango programa hori indarrean izan eta aldi berean tasak igotzeak. Bata bukatu behar da bestearekin hasteko aukera izateko.

Bidea garbi behar du EBZk inflazio handiarengatik. Euroguneko inflazio tasa %7,5era igo da martxoan, banku zentralaren %2 inguruko helburutik oso gora. Eta, bankuaren ustez, «inflazioa handia izango da hurrengo hilabeteetan ere, energia kostuengatik». Lagardek gaineratu du epe luzerako inflazio handia aurreikusten duten iragarpenei adi ere badaudela. Hots, oso posible dela prezio igoerak luzatzea.

Baina, horrekin batera, kreditua bera estutzen ari dela ere ikusi du EBZk, bankuak gogortzen ari direla maileguak emateko baldintzak. Horregatik, egoera gehiago edo gehiegi estutzea ere saihestu beharko luke banku zentralak, hazkunde ekonomikoari kalte egin nahi ez badio.

Malgutasuna

EBZko presidenteak malgutasuna behin eta berriz aipatu zuen bere hitzaldian atzo. Horren erakusle, haren zehaztapena, «hiruhileko batek hiru hilabete izaten dituela». Hots, zor erosketa zehazki noiz bukatuko den ez dagoela ezarrita, ezta horren ostean interes tasen igoera bat noiz iritsiko den ere. «Tarte bat egongo da, baina izan daiteke astebetekoa, edo hilabeteetakoa». Lehen filtrazioek diote, dena den, euroaren eremuko interes tasen igoera, 0,25 puntukoa, hirugarren hiruhilekoan bertan iritsiko dela.

Lagarderen arabera, EBZren ekaineko kontseiluak argiago erakutsiko du bidea, ordurako besteak beste Ukrainako gerraren inguruko ziurgabetasunak zerbait argitzea espero delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.