Antxoa, berdelaren azpitik

Antxoa kanpaina amaitzear dago, espeziea «ezkutatu» izanak azken txanpa luzatu badu ere. Euskal arrantzaleek esan dute kuota propioaren premia dutela, sasoia kudeatu eta prezioak kontrolatzeko

Antxoak pilatuta. Argazkikoak ale txikiak dira, euskal lonjetan saldu diren gehienen antzekoak. GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Uda guztietako lekuko aldaketa egiteko garaia iritsi da baxurako euskal arrantzaleentzat. Dagoeneko gehienak irtenak dira hegaluzearen bila, kuota %12 handitu izanaren akuilu itxaropentsuarekin, baina, aldi berean, antxoaren kanpainak utzitako aho zapore gazi-gozoarekin. «Gure lonjetan berdela baino merkeago saldu da freskorako antxoa. Kuota guk kudeatu ahal izatea inoiz baino garrantzitsuagoa da», aldarrikatu du Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradiako idazkariak.

Ondo bidean antxoaren kanpaina hurrengo astean bukatuko da. Kuotaren %90 udan harrapatzen dute, eta %10 osterako uzten dute. Duela bi aste egoera antzekoa zen, baina arrantzaleek diote antxoa «desagertu» egin dela, eta alboratu egin dute. Ez dakite zergatik den, baina uste dute litekeena dela eguraldiarengatik izatea, beroari aurre egiteko beherago murgildu dela, eta sareak ez dira hara iristen. Irtetea alferrik zela ikusita, ontzi asko hegaluzetan hasteko atontzen hasi ziren, espeziea golkoan sartzean prest egoteko.

Prezioaren kexa du Garmendiak, eta ulertzekoa da. Arrantzaren behatokiak maiatzaren 24an egin zuen publiko bere azken txostena, eta, haren arabera, Gipuzkoako eta Bizkaiko lonjetan aurten 1,08 euroan saldu da batez beste antxoa kiloa. Kantabriakoetan eta Asturiasekoetan (Espainia), berriz, 1,95 euroan. Han saltzen diren aleak, baina, handiagoak dira, aproposagoak kontserben industriarako, eta hark igotzen du enkanteko prezioa. Hegoaldeko lonjetako prezioa iazkoa baino hobea izan da (0,89 euro), baina duela bi urtekoa baino txarragoa: 1,29 euro. Eta berdela zenbatean saldu da, bada? 1,43 euroan etxean eta 1,45 euroan kanpoan.

Garmendiaren ustez, ontzien arteko «lehiaketak» antxoa «debaluatzen» du, eta hori Kantauriko kostalde guztirako kuota bakarra izatearen eragina da. Ontzi guztien artean kopuru jakin bat harrapatu dezakete, eta horra iristean amaitzen da kanpaina. Garmendiak badu konponbidea: «Lurraldeka banatu beharko litzateke kuota, beste espezie batzuekin egiten den bezala. Horrela, kanpaina komeni ahala luzatu ahal izango genuke». Egun, ostiraletan ez arrantzatzea eta halako akordioak egiten dituzte Kantauriko kofradien artean, baina beste egunetan ontzi guztiak iristen dira eguneko arrantza dezaketen mugara, eta merkatua gainezkatu egiten dute.

Beste arazoa antxoaren tamaina da. Esan bezala, gero eta handiagoa izan, hobeto ordaintzen dute kontserba enpresek. Urtez urte, baina, txikiagoa da harrapatzen den antxoa, eta Azti itsas ikerketa zentroak uste hori berretsi du. Haren arabera, 2004an, aleen batez besteko neurria 10,6 zentimetrokoa zen; 2010ean, 8,3koa; 2020an, 6,1ekoa, eta iaz 5,3 zentimetrokoa. Garmendiak beste analisi bat egin du, eta berriz ere kudeaketara jo du: «Ez da azaltzen lehen zegoen antxoa handia, baina inork ez du joan nahi beste norabait esploratzera. Nor ausartzen da lan egun bat edo bi arriskatzera antxoa horren bila joateko?».

18.000 tona hegaluze

Arrantzaleek ere nozitu dute erregaiaren garestitzea, eta Garmendiak onartu du urte zaila izaten ari dela. Egia da haiek ez dutela erregaien zergarik ordaintzen, baina arrantzaleei ere prezioa «bikoiztu» zaiela zehaztu du. Horiek hala, arrantzaleek itxaropen handiak jarriak dituzte hegaluzean. Iazko kanpaina inoizko laburrena izan zen, abuztuaren 16an bukatu zen, eta, aurten kuota %12 handitu denez —18.000 tona guztira—, bi hilabetez arrantzatu ahal izatea espero dute. Atungorriari eta zimarroiari dagokienez, azken urteetan bezala kuotaren zati handiena Espainiako haztegiei saldu diete, eta Euskal Herrian tona bat deskargatzeko konpromisoa hartu dute.

Lehen hegaluzeak herenegun iritsi ziren Euskal Herrira. Txingudi arrainontziak bi tona porturatu zituen Getarian (Gipuzkoa). Prezioaren nondik norakoak ikusteko kilo gehiagoko porturatzeei erreparatu behar zaie. Galizian, esaterako, 50.000 tona deskargatu zituzten herenegun, eta tartean bi euskal ontzi zeuden: Almirante Berria Hondarribikoa (Gipuzkoa) eta Koroko Bermeokoa (Bizkaia). Burelako lonjan zortzi eurotik gora ordaindu zen kiloa, eta piezarik onenak 15,20 eurora iritsi ziren. Coruñan, berriz, 8 eta 12 euroan saldu zen. Astelehenean Bermeoko (Bizkaia) bi ontzik 27 tona deskargatu zituzten Gijonen (Espainia), eta hamar euroan saldu zen kiloa. Prezio onak dira. Alderatzen jarrita, iaz Euskal Herrian egin zen lehen porturatze handian 8,74 euroan saldu zen kiloa, eta sasoiko batezbestekoa 3,67 eurokoa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.