Ivan Bakanov Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko (SBU) burua eta Iryna Venediktova fiskal nagusia kargutik kendu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Biei «euren eginbeharrak oker betetzea» egotzi die, eta «heriotzak eragitea».
Herenegun gauean egindako bideo agerraldi batean iragarri zuen neurria Zelenskik. Esan zuenez, haren administrazioko hirurogei langile ohi ari dira gaur egun Ukrainaren kontra lan egiten Errusiak okupaturiko guneetan. Gaineratu zuenez, gutxienez 651 traizio eta kolaborazio salaketa jarri dituzte Ukrainako funtzionarioen aurka. Horrekin salatu nahi izan du funtzionario horiek lanean jarraitzen dutela Errusiaren okupaziopean. «Estatuaren segurtasunaren aurkako hainbeste krimen izateak zalantzan jartzen ditu bi buru nagusiak», adierazi zuen, Bakanov eta Venediktova aipatuta.
Bakanov kargutik kendu izana oso esanguratsua da, Zelenskiren txikitako adiskidea baita. Asteburuan, gainera, SBUk Krimean zuen burua atxilotu zuten. Martxoan kendu zuten kargutik Oleh Kulinitx. Ez dute esan zer leporatzen dioten, baina kode kriminalaren 111. artikuluaren arabera atxilotu dutela adierazi dute. Artikulu hori traizio gorenari dagokio. Vasil Maliuk izendatu dute SBUko jarduneko buru.
Erdoganen mehatxua
Gerra frontean, Ukrainako iturri ofizialek jakinarazi zuten Errusiako indarrek sei pertsona hil zituztela atzo, bonbardaketa batean, Donetsk probintziako Toretsk herrian. Eta, hain zuzen ere, Luhanskeko milizia errusiazaleek atzo nabarmendu zuten Siversk (Donetsk) herria kontrolpean daukatela. Errusiarentzat, leku garrantzitsua da estrategikoki, Donbass eskualdean erasoaldiarekin jarraitu ahal izateko. Ukrainak ez du baieztatu Siversk errusiazaleen kontrolpean dagoenik.
Donetskeko milizia errusiazaleen bozeramaile Eduard Basurinek Rossiya 24 telebista kateari atzo adierazi zionez, espero dute Donbass guztia urte bukaerarako hartzea. Bitartean, eta Errusiako Defentsa Ministerioaren ohar baten arabera, Sergei Xoigu Defentsa ministroak agindu du Ukrainaren artilleriarako armak eta irismen luzeko misilak txikitzeko.
Bestalde, Reuters berri agentziak atzo jaso zuenez, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak azpimarratu zuen Suediak eta Finlandiak NATOn sartzeko hasitako bidea blokeatuko duela, baldin eta bi herrialdeek ez badituzte betetzen «terrorismoaren» kontra egindako «promesak». Erdoganen esanetan, Suedia ez da «irudi on bat» ematen ari oraingoz.
Gerra Ukrainan
Zelenskik kargutik kendu ditu segurtasun zerbitzuko burua eta fiskal nagusia
Ukrainako presidenteak traizioa egotzi die bi kide ohiei. Nabarmendu du gobernuko hirurogei funtzionario Errusiaren alde lan egiten ari direla. Errusiak sei pertsona hil ditu Donetsken

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu