Nafarroan iaz baino %15 zereal gutxiago bildu da aurtengo uztan

Orotara, 678.000 tona bildu dira. Erriberan normal joan da uzta; iparralderagoko eskualdeetan, berriz, gehiago nabaritu dira bero handia eta lehortea. Garagarrak ondo eman du; gariak, berriz, gaizki

Nafarroan, zereal lursail bat. INTIA.
joxerra senar
Iruñea
2022ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun

Gaizki, baina ez hain gaizki. «Galera askoz ere handiagoa izatea espero genuen», laburbildu du Jesus Goñi Nafarroako Intia sozietate publikoko esperimentazio arloko koordinatzaileak. Nafarroan, aurtengo zereal uztan 678.000 tona zereal bildu dira, iaz baino %15 gutxiago. Laborantza kooperatibek emandako datuak dira. Ez dute ordezkatzen zereal produkzioaren %100, baina bai lur guztien %80.

Erriberrin eman dituzte aurtengo uztaren datuak, kooperatibekin batera egindako jardunaldi batean. Datu orokorraz harago, diferentziak badira laborearen eta eskualdearen arabera. Oro har, Nafarroa hegoaldean aurreko urteetan adina bihi bildu dute. Alderantziz, iparralderago (erdialdean eta Zangoza aldean), errendimendua eskasagoa izan da oro har. Dena den, Intiaren arabera, eskualde arteko gorabeherok lursailen artekoak ere izan dira.

Goñiren arabera, «uzta okerragoa» izatea espero zuten, eta bildutakoa baino askoz ere gutxiago lortzea.«Lur sakonagoek hobeto eutsi diete» eguraldiaren gorabeherei. Izan ere, zereala erein osteko hilabeteetan euri asko egin zuen —azarotik abendu erdialdera arte—. Aitzitik, udaberria eta uda oso lehorrak izan dira, eta ekainetik aurrera muturreko tenperatura historikoak izan dira.

Koltza asko

Bi zereal nagusien artean, garagarraren uzta gariarena baino hobea izan da. Oro har, garagarra nahiko ondo joan da kantitate aldetik. Aldiz, gari uzta txarra izan da: Zangoza aldean, azken hamabi urteetako uztarik txarrena izan dute; Nafarroa erdialdean, berriz, azken hamabi urteetako uztarik okerrenetan bigarrena.

Gainerako zerealei dagokienez, oloaren uzta «oso negatiboa» izan da. Koltza eta ekilorea errotaziorako labore gisa erabili ohi dituzte laborariek —batik bat, urteroko kanpainari ekitean, zereal nagusietarako ez diren lursailei arnasa emateko—. Koltza eta ekilore olioen produkzio handia espero zen aurten. Hala, koltzari dagokionez 1984tik izandako «uztarik hoberena» izan da: 9.000 hektarea erein dira, eta hektareako bi tona lortu dira batez beste.

Beste zerealen aldean, ekilorea udaberrian erein ohi da, eta, Ukrainako gerrak eragindako eskasia ikusita, produkzioa nabarmen igotzea espero zen. Aurreikuspen horiek bete egin dira, hein batean; izan ere, laborariek handitu egin dute labore hori, errotaziorako, baina ez da espero bezain handia izan azalera: beste urteetan, batez beste 4.400 hektarea erein ohi dira, eta aurten, %20 gehiago. Ekilorea oraindik ez da bildu, eta, ondorioz, ez dago bilketaren daturik.

Araban ere uzta txarra izatea espero da. Iragan astean, Javier Torre UAGAko presidenteak aurreratu zuen iaz baino %40 gutxiago biltzea espero dutela. Zonaka, zenbait tokitan txarragoa izango dela ohartarazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.