Itun nuklearraz EBk proposaturikoa onargarritzat jo du Teheranek

Egitasmoaren arabera, Iranek IAEAren «kezkak» argitu beharko lituzke, eta, trukean, itxi egingo lukete haren programa nuklearrari buruzko ikerketa. Azken eskaintza dela ohartarazi dute AEBek

Bi emakume Irango banderaren aurretik igarotzen, abuztu hasieran, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Kito. Amaitutzat eman dituzte Iran eta AEBen arteko akordio nuklearrari buruzko negoziazioak, eta dagoeneko Irango Gobernuaren esku legoke EB Europako Batasunaren azken proposamena. Bruselak zehaztu duenez, txosten itxia da bi aldeen esku utzi dutena, aldaketarik onartzen ez duena, alegia. Horiek hala, Washingtonen eta Teheranen esku dago orain onartu edo atzera botatzea.

Adierazpen ofizialik ez dute egin oraingoz aldeek, baina, Iranen gertuko iturri batek onartu duenez, Teheranek onargarritzat jo du proposamena, nahiz eta orain sakon aztertu behar duen, azken erabakia hartu aurretik. The Wall Street Journal egunkariak zabaldutako informazioaren arabera, 2015eko ituna berriz indarrean sartu aurretik, Teheranek IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren «kezkak» argitu beharko lituzke, eta hori egindakoan AEBek eta elkarrizketetan parte hartu duten beste kideek eskatuko liokete IAEAri Iranen programa nuklearrari buruzko ikerketa amaitzeko.

Teheranek bonba nuklearra sortu nahi zuelako kezkak bultzatuta sustatu zuten Mendebaldeko potentziek 2015eko ituna. Haren bidez, bermatu nahi zuten helburu baketsuetarako erabiliko zuela soilik jarduera nuklearra. Jarduera mugatzearen truke zigor ekonomikoak kendu zizkioten. Testuingurua aldatu zen, ordea, 2018an. Urte hartan, AEBek utzi egin zuten ituna, eta orduan presidente karguan zen Donald Trumpek zigor ekonomikoak ezarri zizkion Teherani, akordioa «muinean okerra» zela argudiatuta. Erabakiak ia erabat indargabetu zuen ituna. AEBetan gobernua aldatzearekin batera, baina, berriz hasi zituzten elkarrizketak.

Orain, AEBek, Iranek, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Errusiak eta Txinak akordioa onartu eta baldintzak betetzen badituzte, estuasunean jarriko lukete nazioarteko agentzia, hark Teheranen elkarlanari buruz egiten duen balorazioaren araberakoa izango litzatekeelako ituna berriz indarrean sartzea, edota bertan behera geratzea.

Atzera egiterik ez

Urte eta erdi da akordioari buruzko negoziazioak hasi zituztela. Bitarte horretan, krisiak, eztabaidak eta akusazioak izan dira nagusi, eta Teheran bere programa nuklearra indartuz joan da. «Negoziatu zitekeena negoziatu dugu, eta hau da azken emaitza», ohartarazi zuen EBko diplomaziaburu Josep Borrellek joan den astelehenean Twitter sare sozialean zabaldutako mezu batean. Washingtoni ere agortu zaio pazientzia, eta, Estatu Departamentuko iturrien arabera, Etxe Zuria akordioa sinatzeko prest dagoen arren, EBk jasotako baldintzen arabera behar du izan.

Mendebaldea ez da fidatzen Iranek bere programa nuklearrean atzera egingo duenik, trukean zigor ekonomikoak murriztuko badizkiote ere. Baina bada itxaropenerako arrazoirik. Azken elkarrizketetan, Irango Gobernuak amore eman zuen bere eskari nagusitatik bitan: AEBek Irango Guardia Iraultzailea «terroristen zerrendatik» kentzea; eta Joe Biden presidenteak bermatzea hurrengo gobernuak ez duela ituna bertan behera utziko, Trumpek aurreko legealdian egin bezala. Akordioan jasota legoke Teheranen hirugarren eskari nagusia, hau da, IAEAk duela hiru urte zabaldutako ikerketa bertan behera uztearena.

Dena den, alde guztiek hitzarmena onartuko balute ere, hilabeteak beharko lirateke hura indarrean sartzeko. Bestalde, IAEAk ohartarazi du Teheranek uranio aberastua murriztuko balu ere baduela nahikoa jakintza bonba nuklear bat egiteko.

Irango Gobernuan denak ez datoz bat proposamenarekin. Kontserbadoreenek argudiatzen dute Mendebaldeari men egiteak ondorio politikoak ekarriko dituela, eta onartezintzat jo dute Guardia Iraultzailea zerrenda beltzetik ateratzeko eskarian atzera egin izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.