Albistea entzun

«Lasaitasuna berrezartzeko» eskatu die Blinkenek Israeli eta Palestinari

AEBetako Estatu idazkariak Tel Aviven adierazi du AEBek «Israelgo segurtasunarekin» daukaten konpromisoa «hautsezina» dela. Israelgo armadak gutxienez 35 palestinar hil ditu aurten
Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, atzo, Tel Aviven.
Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, atzo, Tel Aviven. DEBBIE HILL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2023ko urtarrilak 31

Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkaria Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin elkartu zen atzo Tel Aviven, Israelen eta Palestinaren tentsioa areagotzen ari den honetan —Israelgo indarrek gutxienez 35 palestinar hil dituzte urtea hasi zenetik—. «Lasaitasuna berrezartzeko eta tentsioa arintzeko berehalako neurriak» eskatu zizkien Blinkenek gatazkako «alde guztiei»; besteak beste, Israelgo Gobernuari eta Palestinari.

AEBetako Estatu idazkariak Netanyahuri adierazi zion AEBetako Gobernuak «Israelgo segurtasunarekin» daukan konpromisoa «hautsezina» dela. Gaineratu zuen Israelen eta Palestinaren arteko gatazka konpontzeko baldintzak ezarri behar direla, «Palestinarrek eta israeldarrek baldintza berak izan ditzaten askatasuna, segurtasuna, aukerak, justizia eta duintasuna izateko». Blinken gaur da biltzekoa PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasekin.

Bileraren osteko prentsaurrekoan, Israelgo lehen ministroak ez zuen indarkeriaren handitzearen inguruko aipamenik egin, baina nabarmendu zuen Israelek Arabiar Emirerri Batuekin, Marokorekin, eta Bahrainekin harreman diplomatikoak normaldu izanak «mesede» egingo diola Palestinako gatazkaren irtenbideari.

Israelen eta Palestinaren arteko gatazka gori dago, baina. Atzo bertan, Israelgo militarrek palestinar bat hil zuten tiroz, Zisjordania okupatuko Hebron hirian, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi zuenez.

Tentsioak ostegunean egin zuen eztanda. Israelgo indarrek bederatzi palestinar hil zituzten Zisjordania okupatuko errefuxiatuen kanpamentu batean, Jenin hirian. Hilketa horiek salatzeko egindako protestetan liskarrak sortu, eta beste palestinar bat hil zuten Israelgo armadako soldaduek.

Ostiralean, pertsona batek gutxienez zazpi lagun hil zituen, tiroz, Jerusalem ekialde okupatuko sinagoga bati egindako erasoan. Israelgo Poliziak berehala hil zuen ustezko erasotzailea, tiro eginda. Hamas Palestinako organizazio politiko islamistak goratu egin zuen sinagogaren aurka egindako ekintza hainbat meskitatako bozgorailuetatik, erasoa bere gain hartu gabe. Hamaseko bozeramaile Hazem Qassemek adierazi zuen Israelek Palestinako «okupazioan eragindako krimenen aurkako erantzuna» izan zela eraso hori. Egun berean, Gazatik zenbait suziri jaurti zituzten Israelgo lurraldera. Armadak Hamasi egotzi zion erasoaren erantzukizuna —hark du Gazaren kontrola—. Suziri jaurtiketaren ostean, Israelgo armadak Gaza bonbardatu zuen.

Larunbatean, bi israeldar larri zauritu zituzten tiroketa batean, Jerusalem ekialdean. Israelgo Poliziaren arabera, 13 urteko palestinar bat izan zen erasotzailea, eta hura «neutralizatu eta zauritu» egin zuten.

Deportazioak

Yoav Gallant Israelgo Gobernuko Defentsa ministroak atzo ohartarazi zuen «irmoki» jardungo dutela Israelgo herritarrak «mehatxatzen» dituztenen aurka: «Terroristek auzitegietan edo hilerrian amaituko dute». Gallantek nabarmendu zuen armadak «eraso ekintzak» egingo dituela, eta «terroristei laguntzen dietenek» sufrituko dutela. «Beharrezkoa bada, haien etxeak eraitsiko ditugu. Eskubideak kenduko dizkiegu. Beharrezkoa bada, kanporatuko ditugu», esan zuen Defentsa ministroak. Netanyahuk esandakoarekin bat egin zuen Gallantek. Izan ere, Israelgo lehen ministroak larunbat gauean adierazi zuen bere gobernuak erantzun «gogorra, azkarra eta zehatza» emango duela, eta plan bat egitekoa dela «terroristen» senideei Israelgo herritartasuna eta herrialdean bizitzeko baimena kentzeko, eta PANen kontrolpeko lurraldera deportatzeko; Zisjordania okupatura, hain zuzen.

Gainera, Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroak «terrorismoagatik» zigortutakoei heriotza zigorra ezartzearen alde egin zuen atzo. «Hiltzen duen edonor aulki elektrikora bidali behar da», adierazi zuen. Gaineratu zuen Zisjordania okupatuko zazpi kolonia legeztatzeko asmoa duela.

Mohamad Xtayeh Palestinako lehen ministroak adierazi zuen Israelgo Gobernuak proposatutako neurri horiek urratu egingo dituztela Genevako Konbentzioak. Akordio horiek nazioarteko zuzenbide humanitarioa arautzen dute, eta gatazka armatuetako biktimak babestea dute helburu. «Erabaki horiek erakusten dute zein sakona den okupazioko gobernuaren barruko krisia, eta atentzioa desbideratu nahi dute hilketak eginez, errepresioa baliatuz, zigor kolektiboak ezarriz, etxeak eraitsiz eta kolono terroristei bidea irekiz, palestinarren aurka krimen gehiago egin ditzaten», adierazi zuen Palestinako lehen ministroak.

Lur okupatuetako indarkeria handitzen ari da iaztik. Aurten, gutxienez 35 palestinar hil dituzte Israelgo indarrek. Iaz, 170 palestinar hil zituzten lur okupatuetan; horietako batzuk milizianoak ziren, baina beste asko ez. Iazkoa da 2006an Bigarren Intifada amaitu zenetik izandako urterik odoltsuena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Londresko Metropolialdeko Polizia Zerbitzuaren egoitza, Londresen, artxiboko irudi batean. ©ANDY RAIN / EFE

Londresko Metropolialdeko Polizia «arrazista, misoginoa eta homofoboa» da, ikerketa baten arabera

Ander Perez Zala

Egoera ez bada hobetzen, Louise Casey ikerlariak esan du Erresuma Batuko segurtasun indarrik garrantzitsuena desegin egin beharko litzatekeela. Erakundeak eskatu zuen txostena, agente batek zibil bat bahitu, bortxatu eta hil zuela argitara atera ostean.

X Jinping, gaur, Moskun. ©EFE

Ukraina Xiren baiztapenaren zain dago harekin hitz egiteko

Igor Susaeta

AEBentzat, Moskura joanda, Txinako estatuburua «babes diplomatikoa» ematen ari zaio Putini. Kieventzat, Xiren eta Zelenskiren arteko dei bat «aurrerapauso bat» litzateke

Xik adierazi dio Putini «antzeko helburuak» dituztela

Xik adierazi dio Putini «antzeko helburuak» dituztela

Igor Susaeta - Arantxa Elizegi Egilegor

Kremlineko buruak adierazi du Txinak «ikuspegi orekatua» duela «nazioarteko arazoen aurrean». Kieven arabera, Pekinen egitasmoa aurrera eramateko, Moskuk tropak erretiratu behar ditu Ukrainatik.

Euadorko Fiskaltzak erasoen aurkako ikerketa abiatu du. ©Ekuadorko Fiskaltza.

Lehergailuak zituzten gutun azalak bidali dizkiete bost kazetariri Ekuadorren

Jone Bastida Alzuru

Lenin Artieda Ecuavisa-ko kazetariari bidalitakoa izan da lehertu den bakarra; erredakzioan egin du eztanda, baina ez du inor zauritu. Fiskaltzak ikerketa abiatu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...