Albistea entzun

IEAren arabera, 2025erako berriztagarriak izango dira argindar iturri nagusia

Nazioarteko Energia Agentziak kalkulatu duenez, argindar eskariak gora egingo du, Asiak bultzatuta. Iturri berriztagarriek eta nuklearrak aseko dute eskari berria
Haize errotak Bretainiako kostaldean, Sant Nazertik gertu.
Haize errotak Bretainiako kostaldean, Sant Nazertik gertu. STEPHANE MAHE / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Paulo Ostolaza -

2023ko otsailak 9

Energia berriztagarriak dira etorkizuna; epe motzera, bederen. Hori uzten du agerian IEA Nazioarteko Energia Agentziak argindarraren ekoizpenari buruz argitaratu duen azken txostenak. Haren arabera, 2025. urtearen amaierarako iturri berriztagarriak izango dira argindarra sortzeko bide nagusia munduan. Gaur egun ikatza da lehena zerrenda horretan, baina, IEAk aurreikusi duenez, haren erabilerak zertxobait behera egingo du, eta nabarmen gora berriztagarrienak. Nuklearra da goranzko joera duen beste argindar iturria, eta gasak bere hartan eutsiko dio.

Hori dela eta, ia erabat, energia berriztagarrien eta nuklearraren bidez erantzungo zaio datozen hiru urteetan izango den eskariaren igoerari. Argindar iturri garbiak ari dira pixkanaka erregai fosilen lekua hartzen; horrek esan nahi du CO2 isuriak mantendu edo jaitsi egingo direla, argindar gehiago ekoiztuko den arren.

Dena den, eskariaren igoera ez da oso handia izan aurten: Ukrainako gerrak eta munduko hainbat lekutako ezohiko klima gertakariek baldintzatuta, %2 soilik igo da, pandemia aurreko urteetan baino gutxiago. Batez beste %2,4 igo zen orduan.

IEAren aurreikuspenen arabera, ordea, eskaria gogotik igotzen hasiko da aurten: %9 hiru urtean. Munduko eskariari EB Europako Batasunak duenaren neurriko beste eskari bat gehitzearen parekoa da hori. Nagusiki Txinan, Indian eta Asiako hego-ekialdean gertatuko da igoera, eta argindarraren %70 kontsumituko da eskualde horietan. Aipagarria da Txinaren kasua: munduko argindar eskariaren herena herrialde horrena izango da hiru urte barru; %5ekoa zen 1990. urtean, eta %25ekoa 2015.ean. Motelago, baina EBko eta AEBetako argindar eskariak ere etengabe jarraituko du gora.

Eta zeri esker lortuko da handitze horri erantzutea? Iturri berriztagarriei esker gehienbat, eta, neurri txikiagoan, energia nuklearrari esker. Bi horien artean aseko dute datozen hiru urteetan izango den hazkundearen %90. Datuetan: gaur egun sortzen dena baino 2.493 terawatt-ordu gehiago ekoitziko dira 2025ean, eta, IEAren arabera, energia berriztagarriei esker lortutakoak izango dira horietatik 2.450.

Hainbat herrialde hasiak dira energia nuklearra ere berriz pizten; tartean, Txina, India, Japonia eta Hego Korea. Frantziak, berriz, azken urtean arazo teknikoengatik galdutako ekoizpena berreskuratuko du. Hori dela eta, energia garbiek erregai fosilen lekua hartuko dute pixkanaka argindar sorkuntzan, eskariaren igoera asetzeko adina baino gehiago handituko baita haien ekoizpena.

Hazkunde ikusgarri horri esker gaindituko dute berriztagarriek ikatza. Gaur egun, munduan, 10.325 terawatt-ordu ekoizten dira ikatzari esker, eta, hiru urte barru, gutxi gorabehera, bere hartan eutsiko zaio horri, IEAren txostenak dioenez. Iturri berriztagarriei esker, berriz, 8.349 terawatt-ordu ekoizten dira orain, eta 10.799 izango dira 2025. urtean. Munduan ekoitziko den argindarraren %35 da. Ikatzaren bidez ekoitziko da elektrizitatearen %33, gasaren bidez %21, eta energia nuklearraren bidez %10. Eboluzioaren ideia bat egiteko: 1990 eta 2010 bitartean argindarraren %20 ekoizten zen berriztagarrien bidez.

Kutsadura

Hazkundeari energia garbien bidez erantzungo zaionez, argindarraren sektoreak orain beste karbono dioxido sortuko du datozen urteetan. Edo gutxiago, berriztagarriek eta energia nuklearrak erregai fosilen lekua hartzen badute.

Azpimarratzekoa da, ordea, iaz sekula baino gehiago kutsatu zuela argindarraren sorrerak. 2021. urtea,n %6 handitu ziren emisioak, eta 2022an, %1,3. Beraz, datozen urteetan maximo historikoetan egongo dira emisioak. IEAk dioenez, erronka da 2025. urtetik aurrera joera hori beheranzkoa izatea. Horretarako gakoak bi dira, agentziaren iritziz: «Bezeroen eskariaren malgutasuna» areagotzea, eta biltegiratzeko gaitasuna handitzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantza ministroa, atzo, Diputatuen Kongresuan. ©J. J. GUILLEN / EFE

Pentsioen erreforma onetsi eta tramiterako onartu du Espainiako Kongresuak

Iñaut Matauko Rada

Lege proiektu gisa onetsi dute erreforma, eta tramiterako onartu. ELA sindikatuak gogor kritikatu ditu EH Bildu eta EAJ, bidea emateagatik
Elma Saiz, atzo, Nafarroako Parlamentuko batzordean. Legealdiko azkena izan zen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Saizek onartu du denbora gutxi izateak funtsen planifikazioa baldintzatu duela

Joxerra Senar

Ekonomia kontseilariak esan du Nafarroako Kontu Ganberaren aholkuak beteko dituela. Nafarroak 483 milioi euro jasotzea espero du
Arrantza ontzi bat, ostegun honetan, Donibane Lohizune-Ziburuko portuan. ©Guillaume Fauveau

Lapurdiko arrantzaleak «hilzorian», izurdeak babesteko neurriengatik

Jokin Sagarzazu

Frantziako Estatu Kontseiluak sei hilabeteko epea eman dio Parisi arrantza eremu batzuk ixteko. Sektoreak portuak eta lonjak itxi ditu bi egunez. Erabakia Hegoaldera zabaltzea aztertzen ari da Brusela.

Anton Arriola eta Eduardo Ruiz de Gordejuela. ©Kutxabank

Eduardo Ruiz de Gordejuela izango da Kutxabankeko kontseilari ordezkari berria

Iñaut Matauko Rada

BBKn eta Kutxabanken 30 urte baino gehiagoko ibilbidea du Ruiz de Gordejuelak. Europako Banku Zentralak onartu behar du izendapena.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Paulo Ostolaza

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...